Ibilgailua uzteko denbora tartea mugatuko dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 24a, 17:45

U dal haurtzaindegia eta Egape ikastolako 2-3 urteko gunearekin batera, Etxeberri plazan osasun etxe berria kokatu da azken aste hauetan. Osakidetzaren zerbitzuak jartzearekin batera, Urnietako Udalak plazaren atzealdean eguneko zentrua edo egoitza berehala eraikitzeko asmoa duela iragarri zuen.

Gauzak horrela, zerbitzu ugari bilduko ditu Etxeberri plazak. Zerbitzu horiek guztiek mugimendu handia sortuko dute plazaren baitan. Mugikortasuna errazteko, Udala bi aparkaleku guneetan aldi baterako aparkatzeko sistema ezartzea aztertzen ari da. Marra urdinez zehaztuko dituzte aldi baterako parking guneak, esan nahi baita auto gidariak kotxea bertan uzteko denbora epe zehatza izango duela.

Denbora tarte mugatua izango duen gune handiena Etxeberri plazaren atzealdean eraiki dute. Hurrengo egunetan zabaltzear da aparkaleku berria, behin obrak amaitu eta gero.
Bigarren gune urdina osasun etxetik gertu dago, eta bertan hamar ibilgailurentzako tokia dago.

2006AN HARTUTAKO ERABAKIA GOGOAN

Urnietako Udalak prentsa ohar bidez gogora ekarri du Jaurlaritzari edota Aldundiari bere jabetzakoak diren lokalak utzi dizkiela udalerrian zerbitzu berriak eta kalitatezkoak eskaini ahal izateko.
Horrela, “osasun zentroa eraikitzeko behar zuen tokia eman zion Eusko Jaurlaritzari; eta gauza bera egin du Foru Aldundiarekin eguneko zentroa Urnietan ireki dezan”.
Udalak 2006an Etxeberri plazan eraikitako babes ofizialeko eraikinen beheko eta tarteko solairuetako lokalak erostea erabaki zuen. Gogora ekarri dutenez, “erosketa oso prezio merkean egin zen baldintza batekin: lokalei erabilera soziala ematea. Dagoeneko martxan dauden eta geroan martxan jarriko diren zerbitzuekin helburua beteta geratzen da”.
Agintarien ustez 2006an egindako inbertsioa “urnietarrentzat onuragarria suertatu da, dudarik gabe”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!