Liztor asiarra Andoainera iritsi da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 24a, 17:43

Euskal Herrian zabaltzen ari diren liztor asiarren bi habi ikus daitezke Andoaingo bazterretan. Zuhaitzetako hostoak erortzen hasi direnean  bista-bistan geratu dira.

Herrigunetik nahiko gertu daude biak ere, baina baliteke gehiago ere egotea urrunago, landa eremuetan.

Bata Sorabilla aldean dago, Mendiluze baserriaren ondoan; Zumalakarregik lehen karlistadaren amaieran, 1839an gotorlekua eraiki zuen paraje berean. Bigarrena, berriz, Bazkardoko biribilgunetik argi asko ikus daiteke: Buruntza mendiaren eta harrobiaren magalean kokatzen da, argi-indar zutoin batetik gertu.  

Ikusgarriak dira habiak, inguru haietako erleak hil eta jaten dituen liztor asiarrek egindakoak; esfera baten forma hartzen dute. Liztorrek habiak altuera handienetan eraikitzeko ohitura dute, eta horrela, Andoaingo biak ere zuhaitzetako adarrik altuenetan daude.

Habiek tamaina ikusgarri hori orain hilabete bat hartu zuten gutxi gora behera, baina uste da udaberriaz geroztik egon daitezkeela bertan. Adituek diotenez, otsailean erreginak otsailean jaiotzen dira eta apirila inguruan hasten dira habiak egiten. Ondorengo hilabeteetan jaiotzen diren liztor langileek habia handitu besterik ez dute egiten.  
Ez da batere erraza horiek zuhaitzetatik kentzea. Horiengana hurbildu ahal izateko oso leku zailetan egoteaz gain, liztorrak erasokorrak dira. Aiurrik jakin duenez Andoaingo Udala habiak nola kendu aztertzen ari da.

Liztor asiarraren aurka, borroka betean

Egoera kezkatzeko modukoa da Erlezain Elkartearen esanetan, eta hurrengo hilabeteetarako aurreikuspenak ez dira hobeak. Liztor asiarra kalte ugari eragiten ari da inguruotako erleen artean.

Gipuzkoako Erlezain Elkartetik neurriak hartzen hasi dira jada. Julian Urkiola elkarteko lehendakariak zehaztasun gehiago eskaini dizkio Usurbilgo Noaua aldizkariari. Horra, elkarrizketa: 

Buruhauste ugari eragiten ari da liztor asiarra. Udazkenerako ordea, kalte gehiago iragartzen zenituzten. Aurreikuspen horiek bete al dira?
Julian Urkiola.
Bete dira bai, ehun kabi edo gehiago suntsitu ditu. Orain, hostoak erortzen joan ahala geroz eta gehiago ikusiko ditugu. Horren adierazgarri, jendea deika eta deika ari dela. Udaberrian botatako habi bakoitzarekin alderatuta, hamar aldiz habi gehiago aterako dituzte.

Erakundeetara jo duzue, konponbide bila, ezta?
J.U.
Duela bi aste, Gasteizko Legebiltzarrean bildu ginen hamar parlamentarirekin. Hiru planteamendu egin genizkien. Batetik, liztor espezie hau, espezie exotiko inbaditzaile izendatzea eskatu genien. Bigarrenik, liztor hauek ahalik eta gehien hil eta murrizteko, erakargarriren bat bilatzea. Orain arte erabili izan ditugunetara, liztorrez gain denetarik etortzen baitzen.
Azkenik, halakorik aurkitzen ez den artean, erlezainen kalteak baloratu eta eurei laguntza bat ematea eskatzen genien.

Zein da liztor honen jatorria?
J.U.
Jatorriz asiarra da eta dirudienez, Burdeosko portura etorri zen. Oraindik ez dakite eta ez dute jakingo, nola ailegatu den. Urak pasea da eta arrastorik uzten ez dutenez... Burdeostik kostaldean gora eta behera joan da. Frantziatik duela bost urte esaten ziguten etorriko zitzaigula. Askotan esan izan ohi da, otsoa badatorrela eta kasurik ez diogu egiten, baina etortzen denean konturatzen gara. Iazko urrian ziurtatu zen, liztorra hemen dagoela.
Hainbeste izango zenik ez nuen uste. Baina Gipuzkoan zabaldu da. 70 bat kilometro konkistatu edo har ditzakete urtebetean. Badirudi lehorrera ez direla sartzen. Hezetasuna eta gune menditsuak dituzte gustuko. Beraz, inguru hau baino hoberik zein? Hau du bere etxea.

“Alergia mailaren arabera, kontuz ibili behar da; heriotza ere eragin dezake-eta”. Liztor asiarrik aurkitzen duen herritarrak, zer egin dezake?
J.U.
Halako arazoren bat duenak udaletxera deitu dezala. Geu artean, Aldundikoekin lanean gabiltza, habiak dauden lekuetara suhiltzaileak joan daitezen. Euren giza baliabideak eta materialak jartzea nahi genuke, dituzten lehentasunak errespetatuta. Ikastaro batzuk emango zaizkie.

Ondorioek ez dute erleengan bakarrik eragiten, baita gizakion artean ere?
J.U.
Kontuz ibili behar da. Ziztada egindakoan, gizakiok alergikoak baldin bagara, eta alergia mailaren arabera, kontuz ibili, heriotza eragin dezake eta. Gogorra da esatea, baina hala da.

Nola identifika genezake liztor asiar bat?
J.U.
Bizitzeko proteinak eta bitaminak behar dituzte. Proteinak edozein zomorroren bidez lortzen dituzte eta bitaminak loreetako elikagaietatik. Erlea harrapatu besterik egin behar ez duenez, erlauntza aurrean, geldirik egoten da. Erlea etortzen denean, lau hankekin heldu eta aurreko pintzarekin lepoa mozten dio. Bertan jan edo habira eramaten du umeek jan dezaten. Lan hori nik hitzez azaldu baino denbora gutxiagoan egiten du. Oso bizkorra da.

Erle Eguna ospatuko da igandean Usurbilen. Liztor asiarrak eragindako egoera honek izango al du islarik igandeko hitzorduan?
J.U.
Iazko azaroan Martin Berasategi inguruan habi handi bat jaitsi genuen. Erle Egunera eramango dut jendeak nolakoa den ikus dezan. Zuhaitzean handi ikusten da, baina bertatik bertara are handiagoa.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!