Kilometroak 2012 edizioaren aurkezpen jaialdiaren kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 23a, 20:38

Ikuskizuna, horixe izan zen Kilometroak 2012 edizioaren antolatzaileek Allurralden antolatu zutena. Kalejira, antzerkia, moda desfilea..., ikuskizunaren osagai guztiak izan zituen.

Eta horiekin guztiekin batera, garrantzitsuena dena: ikusleak. Allurralde kiroldegia jakin-minez zegoen ikusleez bete zen. Arratsalde osoan zehar ikus-min handia sortu zen, hara eta hona jende ugari zebilen ikuskizuna ikusi ahal izateko sarrera baten bila. Ikusmina sortu izana lan taldearen meritua da. Eta ikus-min horri eusten asmatzen badute, 2012ko Kilometroak edizioa gogoangarria izango da.

Ikuskizun horretan edizio berriaren lema, logotipoa eta arropa aurkeztu zituzten. Aurkezpenak aurkezpen, 2012k edizioa antolatzearen garrantzia ondo baino hobeto agertu zuen Arkaitz Lasa Aita Larramendi ikastolako irakasle eta Kilometroak 2012 edizioko koordinatzailea.

Adierazpena Allurralden
“Kilometroak jaia denon parte hartzearekin egin dadin herritarrak aktibatu nahi ditugu, herritarrek on egitea nahi dugu jaiaren prestaketan parte hartuz eta jaiarekin gozatuz.
On egitea irudikatzeko pizteko botoia erabili dugu gure gaurko eta etorkizuneko izaerarekin bat eginez.

Gaur egun erabiltzen ditugun informaziorako eta komunikaziorako tresnek ez dute hastapeneko haiekin zerikusirik. Ikastola 1963. urtean baliabide eta azpiegitura urriekin sortu zen, baina ilusio eta auzolan izugarriarekin. Ilusioak eta auzolanak bizirik dirau eta horren erabilera indartu nahi dugu. Premiak baditugu eta izango ditugu.
Kilometroak jaiarekin lortutako diruarekin ikasleentzat 8 gela berri egin nahi ditugu Txistoki eraikinean. Matrikulazio plazak beteta ditugu eta dagoeneko 571 familiak, 817 ikaslek eta 70 langilek osatzen dugu ikastola. Behar hau ikastolaren proiektuarekin bat egiten duzuen euskaltzaleek sortu duzue, geroz eta gehiago baitzarete zuen seme-alabak ikastolan matrikulatzen dituzuen gurasoak.

Uhinekin berriz guztiengana iritsi nahi dugu, ikastola osatzen dugun guztiongana, euskaltzaleengana eta baita euskara ez dakitenengana ere. Kilometroak festa guztiona da. Ikastolaren beharrek herrira ekarri badute ere, ikastolak herriari eskaini nahi dio. Herriaren festa izatea nahi dugu eta denok jaiaren parte sentitu. Urte osoa iraungo duen festa hau prestatzeko guztion beharra izango da. Dagoeneko lagundu duzuenoi eskerrik asko, eta aurrerantzean lagunduko duzuenoi ere eskerrik asko aldez aurretik. Eskuorriak erabiliz edota kilometroak.net webgunean sartuz laguntza eskaintzeko izen-emate orriak bete ditzakezue. Herriaren beharra dugu, herritar guztien beharra. Eta baita instituzio, hezkuntza eragile, enpresa, kirol talde eta kultur taldeena ere".
Kilometroak denda dagoeneko Zubiaurre etxean, Santa Krutz zubiaren parean zabalik dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!