Errolda-agiria, jaiotagiria eta nortasun agiria
Hiru agiri eskuratu behar dira: udaletxean eskatu behar den errolda-agiria, jaioterriko bake epaitegian eskuratu behar den jaiotagiri ofiziala, eta nortasun agiriaren fotokopia.
Ezkonduek edo seme-alabak dituztenek famili liburua ere eraman behar dute.
Agiri horiek guztiak herriko bake epaitegira eramatea nahikoa da, eta horrekin han bertan egingo dute abizenaren aldaketa. Oso tramite sinplea da egin beharrekoa.
Donostian erregistratuta daudenek jaiotagiri literala eskuratzeko, herriko bake epaitegira ez baizik eta Donostiako erregistro zibilera joan beharko dute. Erregistro zibila Kalkutako Teresa plazan dago, Donostian. Zalantzaren bat duenak nahikoa du herriko bake epaitegian galdetzea, han emango dizkiete-eta argibide guztiak.
Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek euskararen arloan elkarrekin aurrera eramaten dituzten ekintzetariko bat da abizenen euskal grafiak euskaratzeko ekimena, eta tokian tokiko bake epaitegiekin lankidetzan egingo dute. Badira urte batzuk martxan jarri zela, eta dozenaka herritarrek utzi diote urteotan Echeverría, Aguirre, Aguirrezabala, Lecuona edo Erquizia izateari, eta Etxeberria, Agirre, Agirrezabala, Lekuona eta Erkizia izatera pasa dira. Hala nahi duenak oso erraz egin dezake. Norberaren esku dago.