Aitor Iginitz eta Laura Martinez berriz ere bizikletan, munduan barrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 18a, 13:58

Ez dira etxean egoteko jaio. Bost urtez Asia eta Afrikako 30 bat herrialdeetan bizikletaz igaro eta gero, iazko abenduan itzuli ziren Laura Martinez eta Aitor Igiñiz, gaixorik baitzeuden. Onik jarri dira, eta bizikleta hartzekotan dira berriro, Europa, Asia eta Ameriketan barrena ibiltzeko. Desforestazioaren inguruan mezua zabaltzeko proiektua daramate soinean.

Urte bete etxean besterik ez, eta jada kanpora urterako joateko gogoz…
Laura Martinez:
Geure bizimodua egiten jarraitu nahi dugu. Urte hau oportzat hartu dugu; familiarekin egoteko, sendatzeko, lan eginez diru pixka bat biltzeko: Askori kosta egiten zaie sinestea bizikleta gainean bidea egitea bizimodutzat hartu daitekeenik; gurea abentura bat dela uste dute. Guk benetako abentura, hemengo bizimodu eroan bizirik irauteari deitzen diogu.
Azken batean, hemengo bizimoduak denbora betetzen dit; beste horrek arima.

Aitor Igiñitz: Jakina, irteteak pereza ematen digu! Familiak eragiten digun lotura, ezin ukatu. Behar materialagoei ere begiratzen badiegu, akabo etxeko sofa, ohea, aulki batean otorduak egitea, hozkailua jakiz beterik edukitzea… Gainera, negua Europan zehar ibiltzea tokatuko zaigu... Nolanahi ere, aurreko urtetan egindako bidaia gogora etortzen zaigu uneoro, eta gorputza alaitu egiten zaigu halakoetan.
Hitzez ezin da adierazi, baina bizirik sentitzen gara orduan, eta buruak abian jartzeko eskatzen digu.

Zenbait emanaldi egin dituzue zuen argazkiak erakutsiz eta bizipenak azalduz.
L.M.:
Fuerteventuran (Canariar Irlak) egin genuen lehenbizikoa, institutuko ikasleentzat. Oso ondo irten zen, eta geroztik Andoainen eman dugu mordo bat: Gazte Lokalean, Basteron, bi ikastetxeetan eta Gaztetxean. Ikuskizun handia sortu du gure istorioak, eta, Basteroko emanaldian esate baterako, zenbaitek kalean geratu behar izan zuten, kabitu ezinda.
A.I.: Kanpoan ibili izan garen urtetan ez zaigu otu ere egin gure istorioak hainbeste arreta piztu zezakeenik, ez eta emanaldiak antolatu zitezkeenik gure argazki eta kontakizunekin. Hain justu, berriro bagoazen garaian ikasi dugu gizarte honetan lehenbizi burua saltzen jakin behar izaten dela, komunikabideetan agertuz, txostenak eginez…, eta hori egin eta gero, zure burua eskaini behar izaten dela herri honetan edo hartan proiekzioak eman ahal izateko.  

Emandako proiekzio horietan, zerk deitzen dio arreta jendeari?
L.M.:
Esaten dugun guztia benetako interesarekin jarraitzen du jendeak. Garrantzirik ematen ez genien edo denbora faltagatik kontatu ez ditugun alderdiak azpimarratzen dituzte maiz, eta hori izaten da aberatsena, jendeak barruan duen hori askatzen hasten denean.
Egia esan, gure bizimoduko alderdirik politenak kontatzen ditugu; une latzak gutxiago. Igual horregatik izango da bizitutako une larriengatik eta bideragarritasun ekonomikoarengatik galdetzen digutela ia beti.
A.I.: Entzule askori inbidia eta miresmena sortzen diegu. “Ni ere joango nintzateke zuek bezala”, horixe da gehien errepikatzen diguten esaldia. Pedro Coelho idazleak dien bezala, denok dauzkagu ametsak, baina jakin badakigu inoiz ez ditugula beteko, eta beraz, beti aitzakiak jartzen ari gara: “ez daukat dirurik, familiak lotzen nau…”.

Diruaz galdetzen dizutenean, zer erantzuten diozue?
L.M.:
Gure gizarteko sistemak gero eta gehiago edukitzera bultzatzen gaitu; beti beharrak eduki ditzagun nahi du, berak biziraun dezan. Bizikletako alforjetan sartzen diren bost gauzekin soilik egin liteke gure bizimodua, eta lurrean edo kanping dendan lo egitera ere ohitzen da edonor. Izan ere, nahiz izanez gero bizitza laburtu liteke, ez ditugu hainbeste gauza behar bizitzeko, ez han ez hemen.
A.I.: Guk hemen geneuzkan ondasun guztiak saldu egin ditugu, eta lan eginez dirua ere aurreztu dugu azken hilabeteetan. Horrekin abiatuko gara oraingoan ere; urte eta erdirako edo ematen digu, eta dena amaitzen zaigunean, norabidea eten eta lan egin beharko dugu nonbait.

Zer behar da benetan zuek bezala abiatzea erabakitzeko?
A.I.:
Gogoa eta ilusioa. Ez du balio jendearen ahotan egon nahia, edo ez dakit zer zarela erakusteko munduari. Gogorra egiten da gu bezala bizikletan dabilenaren bizimodua zenbaitetan, eta ez zara oso urrunera iritsiko barru-barruan ez badaramatzazu gogoa eta ilusioa.

Laster zarete abiatzekoak. Zeintzuk dira zuen asmoak?
L.M.:
Abenduan irtengo gara ziurrenik, baina ez dakigu noiz arte. Dena etiketatzea nahi izaten denez, jar dezagun sei-zazpi urterako goazela. Europa, Asia eta Ameriketa zeharkatu nahi genituzke. Bidean, ingurumenarekin zerikusia duen Buelta sustraietara! edo ¡Plantate! izeneko proiektua aurrera eraman nahi dugu.

Zertan datza proiektu hori?
A.I.:
Azken urtetan jasotako bizipenak eragin digun haunarketaren ondorioa izan da. Hain zuzen, mundua jasaten ari den deforestazio prozesua izan da gehien harritu eta kezkatu gaituen kontua. Amazonesetan gertatzen ari den baso-soiltzeak jasotzen du guztion arreta, baina kontua da munduko makina bat toki jada soilduta daudela! Multinazionalek beren interes ekonomikoak dituztelako, edo eta bertako biztanleek iraunbizi behar dutelako, gauza da denek mozten dituztela zuhaitzak; haatik, inor ez da landatzeaz gogoratzen.  
L.M.: Gure asmoa argazkien eta gure kontakizunen eskutik, ikasleak sentsibilizatzen saiatzea izango da. Guk ikusi duguna kontatuko diegu, eta hortik aurrera tokian tokiko ingurura egokitu beharko gara. Euren ingurura begiratu eta galderak plantea ditzatela. Zuhaitzak landatzeari lotutako proiektuak garatzea izango litzateke egoerarik perfektuena agian, baina eurek ikusiko dute zer den egokiena, noski.  
Zaila daukagu helburua, baina ehun ikasleetatik bakar baten barruak dantzan jarri eta mugi araziko bagenu, lortuko genuke zerbait.

Zuen ibilbidea, gertakizunak… jarraitzeko eta zuekin harremanetan jartzeko aukerarik izango al dugu?
L.M.:
Plntat.wordpress.com bloga sortu dugu eta bertan argazkiak, kronikak… denetarik sartzeko asmoa dugu. Ziur gaude internetauten interesa sortuko dugula, eta bertara sartzeko ohitura piztuko dugula askorengan.  
A.I.: Hori bai, geure begietatik ikusten dugu errealitatea erakutsiko dugu. Eta eskarmentuak esaten digu komunikabide handiek zabaltzen dutenaren aurkakoa izango dela maiz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!