Moises argazkilariaren bilduma Andoaingo Udalaren esku

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 18a, 13:54

Hilabete honetan Moises argazkilariaren senideek eta Udalak sinatuko duten hitzarmenaren arabera, 60-90 urteen artean Kale Nagusiko argazkilariak Andoainen landutako ondarea Andoaingo Udalaren esku geratuko da. Argazkia aurreko mendeari begirada emateko ezinbesteko tresna da, orduko gizartearen hainbat ezaugarriren erakusgarri.

Hogeigarren mendean ia bere osotasunean argazkilaria izan da paisaiak eta herritarrak bere jarduerarekin betikotu dituena. Garrantzia handiko ondarea da, iragana interpretatzen laguntzeko guztiz lagungarria. Trutxuelo, Moises..., Andoainen argazkilari horiek izan dira aurreko mendea irudi bidez betikotu dutenak.
Andoainen askok eta askok oroituko dute Kale Nagusiko bosgarrenean zegoen Moises argazki-denda. Moises San Jose Diaz berrogei urte luzez aritu zen kamera eskuan. Urte horietan milaka argazki pilatu ditu. Argazki horiek Udalaren esku geratuko dira, familiak eta Udalak sinatuko duten hitzarmenaren ondorioz. Moisesen argazki-bildumak Andoaingo Udalari lagapenean uzteko hitzarmena azaroaren 25ean sinatuko da. Aukeratutako data, azaroak 25, Moises San Joseren jaiotzarekin bat dator; bizirik balego, 85 urte beteko lituzke. Hitzarmenaren sinadura ekitaldian Gloria Lomas bere alargunak, Fernando eta Juan Carlos San Josek  argazkilariaren semeek eta Andoaingo alkate Ana Carrerek  hartuko dute parte.
Hitzarmena sinatzearekin, Andoaingo Udalak 2011ko maiatzaren 19ko batzarraldian hartutako erabakia gauzatuko da. Orduan hauxe adierazi zuen Udalak,  “gure herriarentzat duen garrantziarekin, Moisés San Jose jaunaren ibilbide profesionala dela-eta,  bere bizitzako 35 urteren erretratua egiten duelako, eta gure ondare kulturalaren zati delako.”
Dohaintzarekin bi xede nagusi ditu egungo Udal taldeak: Egilearen argazki ondarearen biziraupena bermatzea eta argazkietan agertzen diren andoaindarrei argazki horiek ezagutaraztea eta eskuragarri jartzea.
Ez da hau Andoaingo Udalak jasotzen duen lehenengo dohaintza, aurretik hartu baitziren Martin Ugalderen familiarena eta Laborde Funtsarena, berrienak eta handienak aipatzeagatik.

Biografia: Moises San Jose Diez
(1926.11.25-2006.8.30)

Donostiako Gros auzoan jaio zen, 1926ko azaroaren 25ean. Moises San Josek auzo horretako Mariaren Bihotza ikastetxean ikasi zuen, eta 14 urte zituelarik hasi zen lanean Easo kaleko Foto Pedrosan, Londres hotelaren parean. Hortik, Miracruz kaleko Foto Aigüesera igaro zen lana egitera, Trueba zinemaren ondora.
1956. urtean Andoainera etorri zen bizitzera, eta hemen autonomo gisa ekin zion bere jarduera profesionalari Kale Nagusiko 5. zenbakian, Foto Moises dendan. Bertan jarraitu zuen lanean, 1991. urtean erretiratu zen arte. Lan horretan jarduteaz gain, aldi berean, Diario Vasco egunkariko Andoaingo irudi berriemaile gisa aritu zen, eta baita San Fermin jaietan ordezkari berezi gisa ere. Bere senideek ondo zioten bezala, urte haietan “bere argazki kamera lagun zuela herrian ziren ospakizunetan, jaietan edo ekitaldietan han izaten zen, herriaren bilakaeraren ezohiko lekuko, eta baita notario ere, gertaeren akta grafikoa jasoz”. Andoainen hil zen, 2006ko abuztuaren 30ean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!