Ekaitzaren ostean, kalteak agerian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 18a, 13:52

Euriteak eragindako uholdeak igaro ondoren, agerian geratu ziren azaroko lehen asteburuan sortutako kalteak. Bideak, pasabideak, merkatalgunea..., txikizioaren gordinena orduan agertu zen. Etorkizunera begira, ikasgai izango da azaroaren lehen asteburuko euritea. Leitzaran Bisitarien Etxe inguruko Malo errekak, adibidez, hiru bider gainezka egin du azken hilabeteetan.

Olazar baserria

Estualdi nahikoa larria bizi izan zenuten…
Sebas Otegi.
Horrela da, bai. Urak ukuilua  hartu zuen, baserria buelta osoan ere hartu zuen. Leitzaran ibaia eta Ubaran erreka artean dago gure baserria. Igande eguerdian korronte izugarria sortu zen. Aita ahuntzekin zegoen belazean. Aitak, sokari helduta, baserrira iritsi nahi izan zuen eta korronteak ia eraman egin zuen.
Goizeko bostetan ura belauneraino genuen. Ahuntzak bere tokitik atera eta gorago jarri genituen. Hura ere bete zen eta ahuntzak uretatik atera eta belazera eraman behar izan nituen. Betizuak ere belazean ziren.

Gurutze Gorriko kideak zuek erreskatatzera etorri ziren…
S.O.
Bai, baina aitak eta amak ez zuten atera nahi. Aita, esan dizuedan bezala, korronteak ia eraman zuen. Neronek atera nuen. Erreskatatzera etorri ziren eta aita eraman egin zuten. Amak ez zuen atera nahi, baina aita eta ama biak atera genituen.
Gurutze Gorriak aita ospitalera eraman eta lau egunez han izan zen. Sokari lotuta zegoela, ura biriketan sartu zitzaiolako.
Ni ateratzeko deiak izan nituen. Ezetz esan nien, estualdia iritsiz gero goiko ganbarara lo egitera igoko nintzela erantzun nien.
Igande gauean euria geratu zenean bi ordutan uraren altuera metro eta erdi jaitsi zen. Kafe bat hartzera joan nintzen herrira, ez nintzen gauza etxean bakarrik egoteko ere. Ez zen posible nuen tentsioarekin.

Leitzaran Bisitarien Etxea

Patxi Urruzuno: “Etxeak kalterik ez du jaso, kalte handiena kanpoaldean izan zen. Otietako tunelaren irteeran dagoen Malo errekako urak gainezka egin eta errepidetik etorri zen ura honaino.
Hiru aldiz gertatu da, Aldundiarekin betikoan gaude. Tunel txiki hori garbitu beharra dago, eta ez dute egiten. Urak gainezka egiten du nahiko erraz.
 Lizarkolako pasealekuan ere kalteak izan ziren, baina hura Leitzaran errekaren eraginez gertatu zen. Lurra eta baranda zatiak eraman zituen”.

Xaxi metro taberna

Ziurrenik kalte gehien jaso zuen Andoaingo merkatalgunea da. Metro eta erditik gora igo zen ura. Hogeita hamar urtez bertan ari den Josetxo Otaegik bizi izandakoaren adierazpenak eskaini ditu:

Nooiz jabetu zineten egoeraren larriaz?
Josetxo Otaegi:
Ernaitzako Gariren deia jaso genuen, ura tabernaren barrenera sartu zela esan zigun. Etorri ginenerako ura jaisten ari zen. Moto bonba batekin ura ateratzen hasi ginen, orduan. Horretan ginela urak berrigo gora egin zuen. Gauzak altxatzen hasi ginen eta horrela ibili ginen, ahal genuena egiten.
Kalteen zerrenda egiten ari al zarete?
J. Nondik hasi ere ez dakigu!

Uholderik larriena izan al da hau?
J.
1983koa askoz okerragoa izan zen. Sapairaino iritsi zen orduan. 1997an beste bat izan genuen, arketa baten aberiagatik. Orduan urak 1.80-1.90 metroko altuera hartu zuen.

Biltegia, sukaldea, hozkailua, elektra tresnak, sagardo kupelak..., hondatutako tresneriaren zerrenda luzea da. Horrez gain, lanez lepo zebiltzan mahaiak eta aulkiak eta baita edalontziak nahiz platerak garbitzen ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!