“Egoera latza da kasu batzuetan”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 18a, 13:48

Uholdeetan Aseguruen Kontsortzioak erantzuten du kalteak pairatu dituztenen aurrean. Andoaingo aseguru-etxeak bitartekari lanak egiten aritu da. Mapfre aseguru etxearen kasua da hori.


Ekaitza igaro eta eguzkia ateratzearekin batera aseguru-etxeen lana hasi zen...
Jon Mikel Mujika. Hasierako erreakzioa beldurra izan zen. Gauza da jendeari ulertarazi behar geniola uholdeak sorturiko kalteak ez dituela aseguruak kubritzen, guk tramitazio lana egiten dugula. Kubritzen duena aseguruen Kontsortzioa da.
Aseguru poliza bakoitzean erreziboan jartzen du, besteak beste, kontsortziora bideratutako zerga. Guk horrelakoetan partea eman eta Mapfrek espediente zenbakia ematen digu. Hortik aurrera, gure bezeroari aholkatzen diogu Kontsortzioko peritoa joaten zaionerako zein agiri prest eduki behar duen. Aurretik prest izanez gero, arinago joango da dena.

Zuen ikuspegitik larria izan al da gertaturikoa?
J.M.M. Uholdeak dauden bakoitzean egoera oso larria izaten da. Batez ere, gaur egun bizi dugun egoeran. bereziki, negozioen kasuan.
Ura negozioan sartzen denean, gaurko egoera zailean, latza da. Batzuk denbora batez saldu ezinik edota negozioa ireki ezinik egongo dira. Beste egoera batean hamabost eguneko etenaldia eramangarria litzateke, gaurko egoeran oso kaltegarria da.

Aseguruak, Kontsortzioa...,  zein da zuen funtzioa egun hauetan?
J.M.M. Bitartekari lana egiten dugula esan genezake. Aseguratua bakarrik ez uzten ahalegintzen ari gara. Dendari eta merkatalgune txikietan peritajea eta ordainketa denbora tarte txikian egingo dutela espero dugu. Baina hori horrela izateko bezeroari esan diogu peritoa iristerako agiri guztiak prest izateko. Zergatik? Peritoa iritsi eta agiriak eskuetan dituela, informea berehala prestatuko du eta ordainketa aginduko dute.

Kontsortziokoek ez bezala, zuek gertuko tratua duzue bezeroekin. Zer nolako egoera ikusi duzu andoaindarren artean?
J.M.M. Lehen uneetan izugarrizko tristura. Kezka handia ere bai. Mundua gainera erori zaio bati baino gehiagori. Eguneroko bizitza kolpetik aldatzen da, eta horretarako aldez aurretik ez dago inor prest.
Ikasgaia izan da, baten batek negozioaren atarian adreiluzko pareta egin eta urik ez zaio sartu. Eredu hori batek baino gehiagok jarraituko du, hurrengo batean.

Negozio asko lehengo egoerara itzuliko da, orduan?
J.M.M. Hori espero dugu. Asegurua duenari Kontsortzioak ordainduko dio. Jakitear dago gune katastrofiko bezala izendatuko duten edo ez. Eta hori bereziki garrantzitsua da asegururik ez duenaren kasuan.
Dendari eta autonomoen artean badira asegururik gabe dauden kasuak. Egoera ekonomiko zaila bizi dute, eta jatetik ezin dute gasturik murriztu. Gastuak kendu nahi eta kasu batzuetan batzuk arriskatzea erabaki eta asegururik gabe daude. Hori gertatu da, eta ez nuke haien larruan egon nahi. Egoera latza da kasu batzuetan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!