Joxan Irulegi Garmendia oroitzapenean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 18a, 13:45

Joxan Irulegi Garmendia astelehenean hil zen, 58 urte zituela. Bere familiak eta gertukoek asteartean azken agurra eskaini zioten hilerrian. Irulegik Lurdes Otermin izan zuen bikote eta bien alaba Irati da.


Joxan Irulegi batez ere erloju-konpontzaile gisa ezaguna zen Andoainen. Patxi, bere aita zena ere ofizio berekoa izan zen, eta 1945an ireki zutenetik Kale Nagusian eduki zuen erloju denda. Semeak Agustin Leitzako dendan jarraitu zuen; negozioa orain sei bat urte utzi zuen hala ere, sektoreak bizi duen krisiari ezin aurre eginda. Azken urteetan gaueko banatzaile gisa jardun zuen gauez, minbizi batek heriotza eragin dion arte.
Ondo ezagutu zuen Iñaxi gozotegiko Txema Galparsorok, erloju konpontzaile fina zela dio: “maiz beste tokietan konpondu ezin zituzten eskumuturreko erlojuak eta hormetako erlojuak ekartzen zizkioten”. Eskulanetarako abila zen benetan, eta horren adierazgarri da, esatera baterako “hormetako erlojuen egurrezko kaxak ere berak egiten zituela”, Galparsorok aitortu duenez. Berea zen, halaber, San Martin parrokiaren dorreko erlojuak puntu-puntuan jarri eta konpontzeko ardura; Gipuzkoan, beste laupabost elizetan zeregin berbera egiten zuen.
Eremu handiko merkatalgune handien eta kontsumo joera berrien aurrean, herriko denda txikiek elkartu beharra ikusi zuen lehenetarikoa izan zen Joxean Irulegi. Horrela, 80ko hamarkadaren hasieran Andoaingo dendarien Ontzerri elkartearen sortzaileetako bat izan zen. Elkartean kide izan zuen Tere Labaienek adierazi duenez, “elkartearen dinamizatzailerik nagusienetakoa izan zen; ideia ugari proposatzen zuen, eta horiek aurrera eramateko gogo bizia azaltzen zuen beti”.
Agustin Leitza elkarteko bazkide zen, eta besteak beste, San Juan jaietan kalera irteten den elkarteko danborradaren sortzaileetakoa ere izan zen. Jabier Agirre elkarte kideak gogoratu duenez, soinua jotzeko materiala eta jantziak biltzen  ibili ginen urte oso batez, eta 1997an atera ginen kalera. Joxean urteetan danbor nagusien zuzendaria izan zen”.
Agirrek gizalege jatorreko eta diskrezio handiko pertsonatzat zuen Irulegi: “Beti tonu baketsuan, lasai-lasai hitz egiten zuen, inorekin sartu gabe. Horrelakoak gutxi topa daitezke munduan, eta ezagutu genuen guztiok bertute hori estimatzen geniola, iruditzen zait”.
Aparteko mintzalagun gisa definitu dute Tere Labaien zein Txema Galparsorok. Labaienen ustez, “gizona patxarosoa zen. Edozertaz jarduteko denbora hartzen zuen beti; harrigarria zen zein jarrita zegoen gai honetan edo hartan, edozer gaiez alegia, datu jakingarriak edo iritzia emateko prest beti”.
Galparsoro ere irudipen berekoa da: “oso pertsona atsegina zen, batere presarik ez zeukana hitz aspertuan aritzeko. Bazekien entzuten, baita azaltzen ere zekiena; edozer gai aterata, ohartzen zinen oso jantzita zegoela beti. Joxanekin ederki goza zenezakeen natura, zientzia, gizartea, giza-espiritua nahiz beste edozein gai hizpide hartuz gero”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!