Udalak kaltetutako guneak zehaztu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 18a, 13:36

Aurreko ostiral arratsaldean bidalitako oharrean, Urnietako Udalak euriteak kaltetutako guneak zehaztu zituen. Aiurrik argitaratu zuen artikuluaren osagarri, hona azaroko lehen asteburuan euriteak sortutako kalteen zerrenda.

Brigadako langileak, Udaltzaingoa eta bai hirigintzako arduradunak alerta egoeran egon ziren aurreko asteburu osoan, horrelako egoeratarako ezarritako protokoloa betez. Udalak oraindik ez du zehaztu kalteek zer nolako gastua eragin duten.
Gertaera garrantzitsuenen artean aipa daitezke Xoxoka eta Besabi lotzen dituen errepideko lur-jauziak edota Mandazubi gainekoak. Udalak gune horietan kontu handiz ibiltzeko gomendioa luzatu du.
Errepideetan ere lubiziak gertatu dira. Besteak beste, Larrantxuritik Lizarratxoperako igoeran, Xoxoka eta Errekamuntto artean, eta Adarrarako bidean, Montefrio baserritik aurrera. Azken errepide hau itxita aurkitzen da, beraz, momentuz ezinezkoa da kotxez igotzea bertara. Oinez igo nahi dutenek, ibilgailua Xoxokan utzi beharko dute.
Errepideetan ez ezik, ur-bilketak ere hondatu dira hartxintxarren eta hondarraren eraginez. Eraikinen artean, berriz, Txankatx eta Errotaberri baserriek pairatu dituzte kalte nagusienak. Halaber, Olazar eta Olaberri baserrien ingurumarietan ere sortu dira kalteak. Urmenditik datorren ubidea eta Urumea ibaiak bat egiten duten gunea itxi egin zen, Urumearen etorriaren indarraren ondorioz, uraren bideratzea eragotziz. Gainera, ur erreten batek traba handiak sortu ditu, baratzeak eta inguruko gune osoa kaltetuz.  

Asegururik ez duten kaltetuei Udaletxera joateko deia
Edonola ere, asegururik ez duten kaltetuek udaletxera jo behar dute. Udaletxera joaten direnek orri bat bete behar dute, kalteen deskribapenarekin. Urnietako Udala arduratuko da herritarren eta Foru Aldundiaren arteko bitartekari lana egiteaz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!