Udalak euriteak sorturiko kalteak bi milioi eurotan zehaztu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 18a, 13:33

Udal ondasunetan milioi bat euro, eta herritarren ondasunen artean beste milioi bat gehiago.

Andoaingo Udal gobernu taldeak aurreko asteazkenean uholdeen inguruko balorazioa egiteko agerraldia deitu zuen. Gertaerak kronologikoki azaldu ondoren, sortutako kalteak eta ateratako ondorioak aipatu zituen Ana Carrere alkateak, uholdeetan burubelarri aritu zen Pedro Unanue Zerbitzuetako zinegotzi ahalduna alboan zuela.

Andoain herriak pairatu duen galera bi milioi eurokoa izango dela adierazi zuten, "Udal ondasunetan milioi bat euroko galera-aurreikuspena egin dugu. Kopuru hau ziurrenik igoko da, baina gaurko egunean errepide, baserri bide eta gainerako Udal ondasunetan galera hori eduki dugula esan genezake.

Herritarrengan sortutako kalteei dagokionez, Udaltzaingoa datuak biltzen aritu da eta beste milioi bat euroko galera sortu dela uste dugu".

Egun horietan Udalak deiak jasotzeko 092 telefono zenbakia egokitu zuen. 75 deitik gora jaso zituzten. Udal informazio bulegora gerturatu zirenen artean, bestalde, "asegurua duten sei pertsona gerturatu dira, eta asegururik ez duten beste zortzi gehiago. Azken horien kasuan kalteak handiak izan dituzte", adierazi zuten agerraldian.
Horrelako egoeretan zer hobetua badagoela uste du Udalak, eta hiru neurri hartu dituztela iragarri zuten:

  • Udal teknikariekin batera antzeko egoeretan hobeto jokatzeko zein neurri hartu aztertuko dute.
  • Andoainen dauden puntu beltzen inguruan (Malo eta Ziako errekak) konponbidea ahalik eta azkarren aurkitzeko Foru Aldundiari bilera egitea eskatu diote.
  • Kaltetutako dendariekin eta herritarrekin bilerak deitu dituzte datozen egunetarako. Udalak bere balorazioa egiteaz gain, merkatarien eta herritarren iritzia jasoko du.


Lehen bilera merkatariekin deitu dute ostegun honetarako, 20:15tan Basteron hasiko dena.
Datorren astean, berriz, Kale Nagusiko, Zumea kaleko, Ama Kandidako, Alejandro Calonge auzuneko eta landa eremuko bizilagunekin bilduko dira.

BALORAZIOA ETA AURRERA BEGIRAKOAK

Larunbatetik astelehenera bitarte euriteen inguruan Udalak eta Udal zerbitzuek egindako lanaren azalpen kronologiko zehatza egin zuen Andoaingo alkateak. Egunak igaro ondoren, kalteak zenbatu eta egoera beretsuak saihesteko neurriak hartuko zituztela iragarri zuten udaletxean egindako agerraldian.
Hori eta gehiago eman zuen prentsaurrekoak. Udala horrelakoetan zein egoeran dagoen azaltzen ahalegindu ziren.
Balorazioa egiteko garaian, gabeziak ikusi dituzte uholdeen inguruko Udal protokoloan. Zaharkitua geratu da, eta hori berritzeko lanetan zeuden uholdeak iritsi zirenean.
Gertaera igandearekin izatean, merkatalgune gehienak itxita zeuden. Udalak merkatariekin kontaktuan jartzeko esku artean zituzten datuak zaharkituta zeudela antzeman zuen. Datuak berritzeko beharra ikusi dute.
Udalak bere gain horrelako egoeren aurrean baliabide tekniko eta giza baliabide eskasak dituztela frogatu dute. Kalteak gutxitzeko nahikoa azpiegiturarik ez dagoela, alegia.
Urumeako saihesbideak, Malo edota Ziako errekak arazo handiak sortu zituzten. Ziakoren kasuan, berriro ere antzekorik gerta daitekeen beldur dira. Udalak dio arazoa Eusko Jaurlaritzaren Ur agentziak konpondu beharrekoa dela, "gaurko egunez Ziako errekaren arazoa konpontzeko ikerketa lana egiteko lizitazioa atera dute, baina 2012rako behintzat konponbidea bideratzeko aurrekonturik ez dute aurreikusten".
Agerraldia beste behin ere eskerrak emateko baliatu zuten: Udaltzaingoa, Udal teknikari eta langileak, Suhiltzaileak, Andoaingo Gurutze Gorria, Tolosaldeko Mankomunitatea, laguntza eskaini zuten herriko bolondresak, dendari eta merkatariak, eta baita informazioa helarazteko lanetan aritu diren tokiko hedabideak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!