Arantzibia egoitza berria ostegun honetan zabalduko da Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 16a, 20:05

Gaur, azaroaren 17an, iluntzeko zazpietan (19:00) hasiko da ekitaldia Andoainen Arantzibia izeneko egoitza berria jendaurrean zabaltzeko. Egoitza berri hori Manuel Larramendi Kultur Bazkunak eraiki du, 210 m2-ko azalera du eta obrak egiteko Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Andoaingo Udalaren laguntza izan du. Denetara, 360.000 € inguruko inbertsioa egin du MLKB-ak:

Arantzibia egoitza izen bereko plazan dago eta bertan kokatu ditu Larramendi Bazkunak Rikardo Arregi Aldizkaritegia, Aiurri aldizkariaren eta Erroitz enpresaren egoitzak eta 111 Akademiaren behin-behineko egoitza.

Rikardo Arregi aldizkaritegia Euskal Herri osoan euskara hutsez argitara emandako egunkari eta aldizkarien bilduma da, eta euskarazko kazetaritzaren gordailu eta ikergune izateko xeden sortu zuen Larramendi Bazkunak orain 17 urte. Orain arte bilduma osatzeari ekin zaio eta egoitza berri hau emanez ikergunearen xedeari ateak zabaldu nahi zaizkio, milaka eta milaka alek osaturiko bildumarentzat egoitza duina emateaz gain.

Beterri eskualdeko Aiurri aldizkariak eta komunikazio eta irudi baltzua den Erroitzak bere egoitza berria ere Arantzibian izango dute.

Azkenik, Euskal Literaturazaleen 111 Akademiak -Euskal Herri osoan jada 173 akademiakide dituenak- behin behineko egoitza ere Arantzibia plazan izango du, Andoaingo egoitza berri honetan.

Zabaltzeko ekitaldian, Larramendi Bazkuneko lehendakari Jon Unanuerekin batera, Andoaingo alkate Ane Carrere eta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari den Begoña Muruaga izango dira, besteak beste.

Informazio gehiago: 943-300-733 / 656-782-521

Inaugurazioaren iraupena, gutxi gorabehera, 40 minutukoa izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!