“Aitortu gabeko biktima guztiekiko aitortza eta oroimena ekarri nahi izan ditugu”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 10a, 18:33

Ana Carrere Andoaingo alkatea Memoriaren Egunean Jose Luis Lopez de la Calle parkean egin den lore eskaintzaren ekitaldian izan da.

Bilduren prentsa oharra, jarraian:

"Memoriaren Egunaren inguruan honako gogoeta egin du Bilduk:
  1. Biktima guztiak aintzat hartzeko ezinbestekotasuna bizi-bizirik dago Euskal Herriko gizartean. Gernika eta Aieteko bi adierazpenetan jasotako kezka eta erantzukizuna gure gain hartzen ditugu.
  2. Biktimen esparrua bere dimentsio osoan aintzat hartzeko, biolentzia ezberdinek eragindako giza-sufrimendu osoari erreparatu behar zaio ezinbestez. Ezin da bakar bat ere kanpoan utzi.
  3. Memoriaren Egunak "terrorismoaren biktima guztien" oroitzapena, "salbuespenik gabe" jorratuko duela adierazi arren, "ETAren bortizkeriaren biktimak" gogoratu dira Andoainen, “talde eskuindarren terrorismoa” ere aipatu da. Baina badaude ere beste biolentziek utzitako biktimak, hala nola, estatu-terrorismoarenak, zibilen kontra poliziak erabilitako biolentziaren biktimak, tortura eta espetxe politikaren ondorioz milaka pertsona bidegabeki pairatu duten sufrimendua.
  4. Estrategia bateratu horren terminoetan ez dago lekurik elkar jotzea eta besteen ukazioa bereganatzen dituen jokabideetarako. Bilduk ezin du aldebakartasunetik jokatu milaka pertsona kaltetu dituen estatuen biolentzia aintzat hartzen ez duen proposamen baten aurrean. Jarrera inklusiboa eta ez baztertzailea duen eta indarkeria guztien isla den adierazpen edo ekimen baten aldeko ahalmen eta gogo osoa izanik, Andoaingo Bilduko azaroaren 10eko ekitaldi honetara aitortu gabeko biktima guztiekiko aitortza eta oroimena ekarri nahi izan ditu.
  5. Biktima guztiek onarpena eta erreparazioa merezi dute salbuespenik gabe.
  6. Akordioaren eta guztiontzako askatasunaren ondorio behar duen bakeak giza faktorea oso nabarmena dauka. Aurrez aurre bizi izan diren pertsonen arteko harremanak daude eszenatoki berri baten erdigunean, eta elkarren onespena ez da nolanahikoa izango. Horregatik, ELKARBIZITZA izango dugu helburu politikoa".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!