Pedro Unanue Andoaingo Udal Zerbitzuetako zinegotziari elkarrizketa, euriteen harira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 10a, 12:05

Asteburuko euriteak kalte material handiak eragin ditu Andoaingo herriguneko hainbat tokitan. Garbiketa lanak ia bere osotasunean amaituta, kalteak zenbatzeko denbora gehiago beharko da.

Euriteak uholde bilakatu ziren Kale Nagusian, Zumea kalean eta Bazkardo nahiz Ama Kandida eremuetan. Larunbatetik iganderako gauean Udaltzaingoa izan zen egoeraren arriskuaz jabetu zena. Ekaitzaren gordinena iristerako Andoainen elkarlanean buru-belarri ari ziren Udal zerbitzu ezberdinetako buruak, Udal ordezkariak alkatea buru zela eta baita Gurutze Gorria ere. Horiek osatu zuten koordinazio mahaia.  
Pedro Unanue Andoaingo Udal Zerbitzuetako zinegotzi ahaldunak euriteen eta uholdeen inguruko balorazioa egin du Aiurri astekariarentzat.

Andoaingo Udaletik zein balorazio egiten duzu egun hauetako eurite-uholdeen aurrean?
Pedro Unanue.
Urak baretzen hasi diren honetan, Andoaingo Udaltzaingoari eskerrak eman beharrean gaude. Euriteak hasi eta berehala, larunbat gaueko ordu txikietan, adi-adi egon zirelako. Haiek izan ziren etorriko zirena aurreikusi zuten lehenak.
Udal brigadak ere lan eskerga egiten aritu ziren. Dagokien lanaldia egin eta gero, astelehen arratsalde osoa garbiketa lanetan eman zuten. Andoaingo suhiltzaileak gogoan izan nahi ditut, haien lana estimatzekoa izan zen. Brigada ezberdinetan txertatu ziren eskarmentu handia erakutsiz. Gurutze Gorriaren lana ere ez nuke ahaztu nahi, asteartean oraindik ere haien brigadak lanean ari zirelako.
Bestalde, laguntzaile eta bolondres guztiei ere eskerrak  eman nahi dizkiet. Ekaitzak, besteak beste, Santa Krutz eliza edota Caritasen bulegoa nabarmen kaltetu zituen. Bi tokietako materiala ahalik eta gutxien kaltetua izan zedin eta ondoren garbiketa lanetan jarduteko herritar ugari bertaratu zen laguntzera.

Lanen koordinazioan egindako lanarekin ere gustura al zaudete?
P.U.
Lanen koordinazioa ona izan dela esango nuke. Gurutze Gorrian 32 urte eman ditut eta horrelako egoeratan esperientzia badut. Ekaitza gertatu aurretik, aurreko astelehenean protokoloa zehazten aritu ginen. Bistan da aste honetan metatu dugun esperientziarekin protokolo hori hobetu nahi dugula, besteak beste, elurteak iristen direnerako.
Egoera zail honen aurrean nola jokatu dugun Andoaingo herritarrek esan beharko dute.

Dendari eta merkatari askorentzat galera handia izango da. Herriarentzat ere euriteak sortutako kalte materialak handiak izango dira, ezta?
P.U.
Herrigunean eta Ama Kandida eremuan dendari, merkatari eta enpresa batzuen egoera penagarria da. Lehendik ere egoera ekonomiko zaila bizi dute, eta gainera hau guztia pasa behar. Alkateak esan bezala, elkartasuna adierazi nahiko nieke haiei guztiei.
Herriari dagokionez, konpondu behar denaren zerrenda luzea da: Otietako inguruak, bideak, azpiegiturak, Oria eta Leitzaran batzen dituen espigoia... Balorazioa zehatza egiteko egunak beharko dira.

Garbiketa lanak amaituta, herritarrei nola lagundu kasu hauetan?
P.U.
Informazioa alkatetzako idazkaritzan aurkituko dute. Ahalik eta laguntza gehien eskaintzen saiatuko gara. Kaltetuak izan direnek aseguruari parte eman behar diete. Asegurua ez duenak alkatetzan dagoen idazkaritzatik igaro dadila, kasu horietan zer egin aztertzeko.

Ziako errekan edota Otieta inguruan sortzen diren arazoak trafikoan bezala "puntu beltz" bezala definitu beharko dira martxa honetan. Ezin al da ezer egin?
P.U.
Andoainen puntzu beltzak ditugu, urteak joan eta urteak etorri konpontzen ez direnak. Ziako errekarena aski ezaguna da, urak gainezka egiten du eta ez zaio erremediorik jartzen. Otietan, bestalde, azken denbora honetan urak hiru bidez gainezka egin du.
Astelehenean euriteak kalteturiko Udal ordezkariak Eusko Jaurlaritzako buruzagiekin bilduta izan ginen. Neronek Sailburuari eta Sailburu-ordeari puntu beltz horien inguruan galdetu nien. Hernani, Martutene, Bazkardo..., arazo horiek errepikakorrak dira, noizbait konpondu beharko dira. Horixe bera da Udalaren izenean adierazi geniona.

Andoaingo gertaeren kronologia egingo al zenuke?
Pedro Unanue.
Larunbatetik iganderako gauean, goizeko hirurak aldera, udaltzainak sor zitekeena aurreikusten hasi ziren. Baserri eta auzuneetan abisua ematen eta herrigunean lurrazpiko garajeetatik ibilgailuak ateratzeko oharra zabaltzen aritu ziren.
Niri goizaldeko seiretan deitu zidaten, berehala jaitsi nintzen. Ibaiaren egoera ez zen larritzekoa orduan, baina ordurako Oriak ur maila handia zeraman. Alkatearekin eta Udal zerbitzuetako arduradunekin bilduta, egoera aztertzen aritu ginen. Itsasgorak eragina izango zuen beldur ginen, eta horrela izan zen. Eguerdiko 12:30-13:00ak tarte horretan urak gainezka egin zuen.

Urak bakarrik ez, lubiziak ere kezka iturri bilakatu ziren. Sorabillan Artola tailerraren atzetik sortu zen lehena. Lizarkolan, Trentxiki inguruan, beste lubizi bat sortu zen, Leitzaran haranera bidea oztopatuz. Otieta Adarratik datorren errekak gainezka egin zuen, Bisitarien Etxea nahiz inguruak kaltetuz. Egoera zailtzen hasi zen, Garro baserrian beste lubizi baten berri izan genuen, Olazar baserriko lehen solairua urez gainezka zegoela ere jakin genuen. Arratsaldean bertan bizi diren adinekoak Gurutze Gorriaren laguntzarekin atera genituen.

Bien bitartean, egunean zehar ibilgailuak ur putzuetatik ateratzen aritu ginen Ama Kandida etorbidean. Ibilgailuren bat edo beste bertan geratu zen, denak ateratzea ezinezko egin zitzaigulako.

Hori guztia egin ondoren, astelehenean egin beharreko garbiketa lana antolatzen hasi ginen. Udal lantalde osoa garbiketan jarri genuen: herri lanetakoak, margolariak, zerbitzuetakoak, kale garbitzaileak, forestalak..., arduradunen arabera taldeka antolatuta astelehen goizean goizetik garbiketa lanari ekin zitzaion.

Kale Nagusiko lanak nahiko azkar joan ziren, Zumea kalekoa ere bai. Zumea kaleko garajeetan ordea, ur ugari sartu zen. Astearte arratsaldean oraindik ura ateratzen ari ziren. Ama Kandida etorbidea ere garbitzen aritu ginen astelehenean eta asteartean.
Kaleak eta herria txukuntzeaz gain, dendari eta merkatariei laguntza eskaini diegu. Ahal izan duguna egin dugu, baina ezin izan zen bere osotasunean txukundu haietako asko aseguru etxeetako perituen zain zirelako.

Egoera bideratzeko lanean aritu ginen etengabe. Hoditeri arazoengatik urik gabe dauden baserriak edota enpresa baten ur sarbidea berrezartzea dira azken orduan konpontzear dauden arazoak.

#ERREPORTAIA# 2011.XI.7. ANDOAIN KALTETUTAKO GUNEAK
Kalte gehien jasandako guneak:
    Kale Nagusia.
    Zumea kalea.
    Ama Kandida etorbidea.
    Bazkardo industrigunea.
    Otieta aisialdi gunea.
    Allurralde kiroldegia.
Erreskate bikoitza:
    Olazar parkearen ingurua.
    Bazkardo auzunea.

#ERREPORTAIA# 2011.XI.8. ANDOAIN EGINDAKO LANAK
Garbiketa lanak:
    Kale Nagusia eta Zumea kalea ia normaltasunera itzuli ziren. Gune horietan hainbat garajetan ura erabat atera ezinik zeuden. Tolosako suhiltzaileek minutuko hiru mila litro ateratzeko gaitasuna duen tresneria ekarri zuten.
    Xaxi eta Uranga tabernak garbitu ziren, baina uholdeak erabat kaltetuta utzi zituen.
    Ama Kandida etorbidean eta Alejandro Calonge auzunean gabiketa lanak burutu ziren. Obea enpresaren esku utzi zuten garbiketarako tresneria.
    Bazkardon kaleak garbitu eta ubideak nahiz hoditeriak garbitu ziren.
    Trentxikin eta Bertxinen garbiketa lanak burutu ziren.

#ERREPORTAIA# UHOLDEAK ANDOAINEN

  • 1953ko urriaren 14koa, metro karratuko 200 litrotik gorako euritea egun bakarrean. Euskal Herrian 27 hildako eragin zituen.
  • 1983ko abuztuaren 25ekoa, 26an Bizkaia eta Araba aldera pasa zena. Euskal Herrian  43 hildako  eragin zituen.
  • 1997ko ekainaren 1ekoa, Bazkardo eta Ama Kandida bereziki zigortu zituenekoa.

#ERREPORTAIA# Igande beltza ostalari eta dendarientzat

Dendari, merkatari, eta ostalari txiki askorentzat igande beltza izan zen aurrekoa. Eguerditik aurrera Oria ibaiak gainezka egin zuen eta bete-betean harrapatu zituen herriguneko hainbat merkatalgune. Xaxi taberna eta dagoeneko itxita dagoen Uranga tabernetan urak goia jo zuen. Kalte handienak bertan sortu ziren. Beste neurri batean, baina kalte handiak pairatu zituzten Zumea kaleko eta Kale Nagusiko merkatari gehienek. Askok ezin izan zuten ezer egin, gehienez ere kaltea ahalik eta arinena izateko neurriak jarri. Ezustekoa igarota, astelehenean zehar merkatariak egoerari aurre egiten ahalegindu ziren brigada ezberdinen eta bolondres ugariren laguntzarekin.
Azaroaren 7an eta 8an Aiurri astekaria kalera irten zen eta hauexek bi egun horietan garbiketa lanetan aritutako dendari eta brigada ezberdinen artean lortutako testigantzak.

ZUMEA KALEA
Ernaitza liburu-dendako Garikoitz:
“Galerak zehaztea zaila da, ez dugu oraindik aurreikuspenik egin. Galerak bi mailatan neurtu behar dira: Batetik, teknikoak. Alde horretatik gremioen azterketen zain nago. Bestetik, materialari dagokiona. Ez da hain izugarria izan  jende askoren laguntza jaso dugulako. Eta bene-benetan eskerrak eman beharrean nago. Auzotarrak, ezagunak, lagunak..., jende asko etorri da hona laguntza ematera.
Aseguruen gaia nondik nora bideratuko den, horixe da gure eta denon kezka. Nahikoa gorabeheratsuak izaten ari dira egun hauek, eta aseguruen gaia argitzea nahiko genuke”.

Irugus gozotegiko Irati: “Metro inguruko altuera hartu zuen urak hemen. Parean aurkitu zuen dena erman zuen. Astelehen goizean pertsiana igo eta den-dena atera zen. Lokatza besterik ez zen geratu. Goizetik lokatza atera eta atera gabiltza.  Kafetegiko materiala, sukaldea, sofa luzea eta eserlekuak..., txikizioa handia izan da.

AMA KANDIDA
Udal brigadako Jexux:
“Astelehenean eguerdiko hamabietan Ama Kandida etorbide osoan lokatza kentzen aritu ginen, arratsaldeko seirak arte. Astelehenean espaloia garbitzen aritu ginen. Errepidearen inguruan behintzat, metrotik gora igo zen ura. Etorbideko denda, taberna eta tailer guztietan urez eta lokatzez bete ziren”.

Auto Ekarriko Antonio:
“Tailerrean urak ihes egitean,  lokatzak 30-40 zentimetroko altuera izango zuen. Ekilibratzeko makina, igogailua, konpresorea..., tresneria ugari baliogabetu zait. Lokatza izkina guztietara iritsi da, erreminta txiki ugari zikinduz. Desastre txiki bat... Zerikusirik ez Kale Nagusian gertatu denarekin, baina tira, orain lanean jarraitzeko den-dena garbitu beharko dugu.
Auzo honetan uraren kanalizazio lanak egin arren, ez dakit zer gertatzen den hemen. Hoditeriak ez du ura hartzen. Bazkardoko biribilgunearen altuera, edota ibaira iristeko irteera bideak..., ez dakit zer den, baina eurite bakoitzeko arazoak sortzen dira. 1997koarekin alderatuta hura askoz okerragoa izan zen. Orduan, urak nire tailerrean bi metroko altuera hartu zuen. Salgai nituen lau ibilgailu berri galdu nituen”.

Brigadak
Andoaingo Xato suhiltzailea:
“Inguru honetara etorri gara, Zumea kaleko bi garaje handi urez beteta daudelako. Ur metro kubiko piloa sartzen da garajeetan, segituan betetzen da baina ateratzea kosta egiten da. Zorionez, bertakoak ibilgailuak ateratzeko garaiz ibili ziren. Ura ateratzeko tresneriarekin ur gehiena ateratzen gabiltza.

Gurutze Gorriko Mikel Zubeldia: “Laguntzen ari gara; tresneria handirik ez dugu, baina ahal duguna egingo dugu. Igande arratsaldean Olazarren koadrila bat osatu eta hango baserritik helduenei ateratzen lagundu genien”.

Andoaingo alkate Ana Carrere:   “Goizean goizetik kalean ibili gara, inpresioa gogorra da. Kale Nagusia lokatzez, enborrez beteta zegoen. Dendarien eta garajeen egoera tamalgarria zen. Gogorra da merkatariak egoera horretan ikustea. Lan handia egin da, bolondres eta laguntzaile ugari bertaratu dira laguntzera. Udalak ere baliabide ugari jarri ditu, eguerdirako nahiko hobetu da egoera.
Lehentasuna okerren zeuden guneetara gerturatzea izan da: Kale Nagusia, Ama Kandida, Leitzaran haraneko bide eta baserri bideak”. 

#ERREPORTAIA# ASEGURURIK EZ DUTEN HERRITARREI OHARRA
Udalak alkatetzako idazkaritzara agertzeko deia luzatu nahi die kalteak pairatu eta asegururik ez duten herritarrei. Laguntzaren bat jaso ahal izateko, udaletxean emango dieten inprimakia bete behar dute, kalteen zerrenda eta argazkiak erantsiz.
Udalak herritar horien tramitazioa egingo du Aldundiaren eta Jaurlaritzaren aurrean. Modu horretan, Andoaingo herritarrek Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eman dezaketen dirulaguntza jaso ahal izango dute.
Eskaerak, esan bezala, idatziz aurkeztu behar dira. Argibide guztiak alkatetzako idazkaritzan eskaintzen ari dira.

#ERREPORTAIA# ANDOAINGO UDALAK BILERA DEITUKO DU
Andoaingo Udalak euriteak eta uholdeak kalteturiko herritarrekin nahiz merkatariekin bilera deituko du, hurrengo egunetarako.
Gertaeren inguruko balantzea, gogoeta eta aurrera begirako jarduerak aztertu nahi dituzte.

#ERREPORTAIA# UHOLDEEI BURUZKO BATZAR INFORMATIBOA
Gipuzkoako ENBA nekazal sindikatuak batzarra deitu du euriteen eraginez kaltetuak izan diren baserritar guztiekin, “asteburu honetako gertaerek baserri munduan eta landa ingurunean izan duten eragina aztertzeko, datuak jasotzeko eta denon artean administrazioari helarazteko beharreko eskakizunak finkatzeko”. Bilerara kalteen argazkiak eramatea komeni da.
Bilera Donostiako Zabalegi eskolan izango da ostiral honetan –azaroak 11– arratsaldeko 15:00etan hasita. 

#ERREPORTAIA# ANA CARRERE ANDOAINGO ALKATEA
Andoaingo alkatea buru-belarri aritu da euriteak sortutako arazoen gainean lanean. Emergentzia planaren partaide izan da, eta bolondres eta laguntzaile ugarirekin batera garbiketa lanetan aritu zen.
Astelehenean bertan, prentsa ohar bidez, Andoaingo alkateak Udalaren izenean elkartasuna adierazi zien kaltetu guztiei. Bereziki, ostalariei, dendariei eta enpresariei. Krisiaz gain, urak sortutako kalteak pairatu dituztelako. Bereziki gogoan izan zuen Caritas elkartearen egoera, biltegian zuten janari asko eta asko urak kaltetu zuelako. Kaltetuei 092 Udaltzaingoaren zenbakira deitzeko dei egin zieten. Horrez gain, esker oneko hitzak eskaini zizkien Udaltzaingoari, Gurutze Gorriari eta Tolosako suhiltzaileei. Eta, noski, garbiketa lanetan aritu diren laguntzaile eta bolondres guztiei ere bai.

#ERREPORTAIA#  Bolondresen lana txalogarria izan da

Santa Krutz elizara andoaindar ugari bertaratu zen eserlekuak edota organoak urak honda ez zitzan. Lortu zuten, eta jarraian garbitzeari ekin zioten. Askoren artean, Maritere Ansa eta Patxi Imaz bertan ziren, “ura jaistean eliza lokatzez beteta zegoen, baratzea balitz bezala. Hamar zentimetroko lodiera izango zuen. Goizetik eguerdira arte garbiketa lanean aritu gara, eta bazkalondoan jarraitu dugu. Lokatza garbituta, zoruaren horitasuna garbitzea kosta egiten da!”.
Elkarren ondoan daude Caritas eta eliza. Caritasen biltegian janari asko galdutzat eman dute, euriteen ondorioz. Kaltetutakoa biltegitik atera eta, ondo zegoena antolatzen aritu ziren. Tere Otegik zioenez, "esnea gorde dugu, eta ondo egotea espero dugu. Tona inguru galduko genuen, erraz neurtu daitezke mila kilo. Kontainer osoak bota ditugu".
Eduardo Audikanak tristuraz lokaztutako dokumentazio historikoari begirada ematen zion. Ez da kalte bakarra izan, “bigarren eskuko arropa galdutzat ematen dugu. Ordenagailua ere urez bete zen, eta liburu mordoa galdu dugu. Era berean, aspaldiko gutunak, dokumentazioa..., balio sentimental handikoak dira. Pena da, garbitzea da orain tokatzea dena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!