Osasun publikoaren alde hitzordu bikoitza Andoainen eta Tolosan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 5a, 11:38

Osasun zerbitzuen izaera publikoa arriskuan egon daiteke. Kaltetuak eskualde osoko biztanldeak izan daitezke, baita andoaindarrak ere. Larunbat honetan 12:00tan elkarretaratzea Andoaingo Goikoplazan eta azaroaren 12an eskualde mailako manifestazioa Tolosako kaleetan.

Osasun publikoaren aldeko mugimenduak salatu duenez, Osakidetzak Tolosaldean osasungintza pribatizatu eta orain arte publiko ziren zerbitzu ugari Tolosako anbulatoriotik kendu ditu. Kaltetuen artean eskualde osoa dago, baita Andoaingo biztanleak ere. Horri aurre egiteko bi mobilizazio deitu dituzte. Azaroaren 5ean elkarretaratzea Andoaingo Goikoplazan eta azaroaren 12an eskualde mailako manifestazioa Tolosako kaleetan.
Osasun publikoaren egoera salatzeko mugimendua handituz doa. Dagoeneko 16.000 pertsonak bat egin du eskualdeko osasun publikoaren aldeko manifestuarekin. Ekimenak, gainera, Tolosaldeko 30 alkateen babesa dauka. Eta baita Foru Aldundiko Gizarte politikarako diputatuarena ere.

Eskaerak Gasteizko Legebiltzarrera
Urriaren 19an Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde TOPA koordinakundeko kideak Gasteizko legebiltzarrean izan ziren eskualdeak bizi duen egoera salatzeko. Funtsean, hauexek izan ziren Gasteizen egin zituzten aldarrikapenak:
• Eskualderako, Andoain barne, kudeaketa publikoa izango duen ospitale publikoa.
• Tolosako anbulatorioan espezialitate guztiak osoki mantentzea.

Gasteizen izan zen ordezkaritzak adierazi zuenez, Euskadi osoan Tolosaldea da eskualde ospitale publikoa ez daukan eskualde bakarra. Eskualde honetan eredu publiko-pribatua martxan jarri nahi dutela eta, erabat aurka agertu ziren: “Aurki, Proyecto de Integración Asistencial en Tolosaldea delakoa aurkeztuko da, non asistentzia eredu misto bat, hau da, eredu publiko-pribatua proposatzen den. Proiektu eredu horren aurka gaude eta osasun arretarako eredu publiko bat defendatzen dugu”.

Osasun arreta ARRISKUAN
Osasun publikoa defendatzen dutenek Gasteizko legebiltzarrean egungo eta etorkizuneko egoeraren arteko alderaketa egin zuten:
“Gaur egungo egoera honakoa da: Lehen mailako arreta sare publikoan egiten da, arreta espezializatua anbulatorio publikoan eta Nuestra Señora de la Asunción klinikan. Eta erreferentziazko ospitaleak bi dira: Asunción klinika eta Donosita ospitalea.
Osasun Sailak egin nahi duen berrantolaketarekin, arreta espezializatua anbulatorio publikotik desagertaraziko da, espezialitate mediko eta kirurgiko ohikoenak izaera pribatua duen Asunción klinikara pasako dira eta gainera Donostia ospitalera joateko aukera galduko da”.
Publiko-pribatuaren eredua txertatzeko defendatzaileen argudioa bikoiztasunak saihestea omen da. Eta TOPA osasun publikoaren aldeko koordinakundeak horrela erantzuten dio argudio horri: “Gure iritziz, espezialitate bati bi tokitan ematen bazaio arreta, bai klinika kontzertatuan eta baita anbulatorio publikoan, bikoiztasunik ez emateko, desagertu beharko lukeena Osakidetzari ez dagokiona izan beharko luke. Kasu honetan klinika kontzertatuaren zerbitzua, eta ez Osakidetzakoa den anbulatorio publikoa”.
Koordinakundeak osasun publikoa jasotzeko eskubidearen alde mobilizazioak deitu ditu, bi eskaera nagusi eginez: espezialitateetako anbulatorio publikotik kendutako giza-baliabideak eta baliabide teknikoak berrezartzea eta, bestetik, Euskadiko beste eskualde guztietan bezala eskualdeko izaera izango duen ospitale publikoa lortzea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!