Lurlan, herriko produktuak zainduz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 3a, 18:24

Euskal baserritarrei euren produktuak saltzeko bide berriak sortzeko asmotan sortu zuten Lurlan enpresa. Egun, mila produktu inguru saltzen dituzte Euskal Herrian, zein mugetatik kanpora.

Joseba Beitia da Lurlaneko arduraduna: “Gure baserrietan ekoizten genituen produktuen salmentarako bide berriak sortzeko beharrak bultzatu gintuen elkartu eta Lurlan sortzera. Aurretik, ekoizleak azokatara joaten ginen eta gure inguruko denda txiki edota jatetxeetara ere saltzen genuen, baina hor bukatzen zen guztia. Denda eta supermerkatu handiekin edota esportazioarekin, aldiz, ez genuen zereginik eta horri irtenbidea eman behar geniola iruditu zitzaigun”.
Euskal Herri osoko ekoizleak batzen dira Lurlanen: “Guztira hogeita sei bazkide gara eta laurogeita lau ekoizleren produktuak saltzen ditugu. Mila erreferentzia edo produktu ezberdin ditugu salgai. Gure ekoizleek, lehengaiak sortzeaz gain, transformatu ere egiten dituzte. Hau da, gure helburua ez da behi esnea saltzea; harekin egindako yogurrak, gaztak eta gainerakoak baizik”.

Hamalau urteko bidea
1997an sortu zenetik, bide luzea egin du Lurlanek: “Pauso garrantzitsuak eman ditugu banaketan eta saltoki handietan gure txokoa sortzea lortu dugu. Orain, proiektu berrietan murgilduta gabiltza eta ekoizle kopurua ere etengabe hazten ari da. Oso zaila da ekoizle bakoitzak, bere kabuz egitura komertziala sortu eta mantentzea; elkartuta aldiz, indar handiagoa dugu gauzak egiteko”, azaldu du Josebak.
Asteasuko industrigunean dago kokatuta Lurlan enpresa. “Lehendabiziko urtea Leaburun egin genuen eta handik, Zizurkil Goiko Teodoro Hernandorena kalera igaro ginen. 2006an, Asteasuko pabiloia alokatu eta bertan ari gara geroztik”.

Zuzeneko salmenta ere bai
2006 urtean, beste ildo bat zabaldu zuten Lurlaneko kideek: “Denda handietan gure txokoa sortuta eta egonkortuta genuen, denda txikiekin ere bagenuen banaketa bidea, esportazioan ere bagenbiltzan..., momentu hartan zuzeneko salmentari ekitea pentsatu genuen. Europako proiektu baten bitartez lortu genuen Donostiako Boulevardean denda bat zabaltzea eta San Martin azokako postu batean ere gure produktuak jartzea. Euskal Herriko baserrietako kalitatezko produktua eskaintzen da gure dendatan. Ez da erraza aukeratu dugun bide hori, baina argi dugu hori dela egin nahi duguna eta zaindu behar duguna”.
Orain, Tolosako Plaza Berrian beste denda bat zabaltzeko asmoan murgilduta dabiltza buru-belarri. Hala azaldu du Josebak: “Tolosakoa ez da denda soila izango, produktuak dastatzeko aukera ere eskainiko dugu. Azken finean, gure eskaintzaren baitan sartzen diren produktu asko, goi mailako sukaldaritzaren barnean sar daitezke. Jendeari dastatzeko aukera eskaini nahi diogu eta dendan, txoko berezia izango dugu horretarako. Sagardoa edan, txakolina dastatu, hamaiketako goxoa egin, meriendarako gaiak erosi... Aukera zabala izango dugu dendan eta urte amaierarako zabalduta izatea espero dugu”.

Ekoizle sarea
Lurlaneko ekoizleen %40a gipuzkoarra da, baina Euskal Herri osoko ekoizleak batzen ditu. “Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko ekoizleak ditugu. Eta ez da erraza izan ekoizleen arteko sarea osatzea. Ekoizle bakoitzak produktu kopuru txikia egiten du normalean, eta guretzat, ez zen errentagarria ateratzen, gazta gutxi batzuren bila Zuberoako artzain baten etxera joatea edota garbantzu kilo batzuk hartzera Kanpezuraino joatea. Horregatik da horren garrantzitsua sare hori sortzea. Ekoizleek jarritako gogoak asko erraztu digu sare hori sortzen joatea eta dagoeneko nahiko ongi antolatuta daukagu”.
Mila produktuen artean, zenbait nabarmendu ditu Josebak: “Salmenta aldetik, esnekiak dira gehien nabarmentzen direnak: gaztak, yogurrak... Ibarrako piperrak ere gorakada handia izan du azken urteotan eta txerrikiek salmenta handiak lortu dituzte aurten. Produktu kuttunen artean, berriz, mendiko gaztak edota prestatutako entsaladak aipatuko nituzke, beste askoren artean”.  

Atzera begirako lana
Arkeologia lana ere egiten dute Lurlaneko kideek: “Etengabeko bilaketa lanean gabiltza eta lan horrek, fruituak ematen ditu. Lehengo batean, orburuak edo alkatxofak egiten dituen baserritar bat topatu nuen. Orain, bainak egingo dizkigun baserritarren baten bila gabiltza. Abuztuan bertako bainak jatea bezalakorik ez dago eta jendeari ahazten ari zaio hori. Horrelako altxorrak zaindu beharra dauzkagu; bertan egiten den kalitatezko produktua sustatu eta salmentarako bideak ziurtatu”, azpimarratu du Josebak.
Exportaziorako bideak ere ari dira lantzen Lurlaneko kideak: “Oso erritmo motelean doa, baina pixkanaka, bide berriak irekitzen ari gara. Estatu Batuak, Australia, Japon, Txina... Horiek dira, gehienbat gure produktuak eskatzen dituztenak. Europan, berriz, oso zaila egiten zaigu merkatua sortzea. Elikagaiei ez diete hemen bezainbesteko baliorik ematen eta horrek zaildu egiten du gure lana. Azokak eta erakustaldiak egin eta produktuak eramaten ditugu, baina erantzuna ez da bat-batekoa. Hala ere, argi dugu gure benetako erronka hemen bertan dagoela”.  

Krisialdia
Krisialdia antzeman dute Lurlaneko kideek ere. “Fase ezberdinak bizitu ditugu. Garai batean, denda handietako salmentak asko jaitsi ziren eta txikietakoak mantendu. Gaur egun berriz, alderantzizkoa gertatzen ari zaigu. Kontsumorako garaian beldurra dagoela iruditzen zaigu, izan ere, gorabehera handi samarrak antzematen baititugu salmentatan”.
Urte amaierarako, internet bidezko salmenta bide berriari ekingo diote. “Dastatu izeneko enpresa sortu dugu. Batetik, internet bidezko salmentan adituak diren kide batzuk eta, bestetik, Lurlan batuko ditu enpresa berri horrek. Eguberrietako saskiekin ekingo diogu proiektu horri eta etorkizunean, salmenta zabalagoa egingo dugu”.

Saskira proiektua, martxan
Orain arte, transformatutako produktuak saldu izan dituzte beti Lurlaneko kideek. Orain, ordea, produktu freskoari ere txokoa egin diote Saskika proiektua martxan jarrita. “Gure dendetan dagoeneko saltzen geniten produktu fresko batzuk, baina beste bide bati ekiteko beharra sumatu genuen. Betiko bideei jarraitzea oso zaila egiten zitzaigun, prezio alde handiak eta banaketako kostu handiak zekartzalako. Ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko bidea murriztu beharra zegoela iruditu zitzaigun eta saski bidezko salmentari ekin genion. Horrek ekonomikoki bideragarriago egiten du eta gainera, bezeroak ere bermatua du kalitatea eta produktuaren freskotasuna”.
Ekoizleen eta bezeroen arteko lotura egiten dute Lurlanen: “Momentuz, sei ekoizle ditugu Saskika proiektuan. Haiek euren produktua ekartzen dute eta guk saskiak osatu eta bezeroen artean banatzen ditugu. Garaiko barazkiekin osatuta egoten da eta hamabost euroko prezioa dute. Sei ekoizle ezberdin izatean, saskiek barietate polita eta kalitatezkoa izatea lortzen dugu. Produktu elaboratuak ere eskaintzen ditugu saskien barnean. Azken finean, gure helburua, euskal baserrietako produktua egunerokotasun baten barnean sartzea da”.

Ostegunero, barazki freskoak
Ostegunero, internet bidez hartzen dituzte bezeroen eskaerak; www.saskika.com gunean. Hurrengo ostegunean jasotzen dute bezeroek saskia, hitzartutako tokian. “Garraio gastuengatik bost euroko gainsaria kobratzen dugu banaketako, beraz, komeni izaten da bezeroek produktua jasotzeko punturen bat adostea. Modu horretan, gastu hori banatu egingo lukete”. Egun, hirurogei saski banatzen dute astero eta kopurua etengabe hazten ari da gainera.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!