Ahanzturaren aurrean, oroimenerako aldarria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 3a, 18:18

Teodoro Hernandorena kultur taldeko kideek Zizurkilen 36ko Gerrak izan zuen eragina aztertu dute ‘Oroimen historikoa, isiltzen ez den isiltasuna’ lanean. Zizurkilgo etxeetan lan hori banatzearekin batera, hainbat hitzaldi nahiz oroit-ekitaldia antolatu dituzte azaroaren lehen egunetan.

Tropa faxistak Zizurkilen sartu zirela 75 urte bete direnean, Teodoro Hernandorena kultur taldeko kideek Gerra Zibilak Zizurkilen izan zuen eragina aztertu dute. Taldekideek azaldu dutenez, aztergaien zerrenda luzea dute eta unearen arabera erabakitzen dute zeri eman lehentasuna, “dudarik gabe, datek agintzen dute eta zalantzarik ez geneukan, ahal izanda, 36ko Gerrarekin lotutako lana aurten egin behar genuela eta ez datorren urtean”.
Gerraren ondorioak aztertzen hasteko abiapuntu gisa, bada, Teodoro Mujikak gordetako paperak hartu zituzten eskuartean, izan ere, paper horien artean azaldu baitzen gerra garaian frankistek fusilatu zituzten bost herritarren aldeko meza antolatu zuela PNVk 1978an Zizurkilen. “Gabonetan, taldekideok udaletxera jo genuen garai horren inguruan erregistratutako paperak aztertzera eta 1935 urtetik 1945 urtera, banaka-banaka, paper guztiak arakatu genituen. Egia esan, ordea, aipamen batzuez gain, ez genuen gauza handirik aurkitu”, azaldu dute taldekideek. Era berean,  gerra ondorengo Andoaingo egoera aztertu zuen Xabier Lasaren bidez jakin zuten 1936ko alkateak, Joxe Benito Legarrak eginiko akta bat ere bazela, “guk ez dugu akta horren arrastorik aurkitu, baina badakigu alkate hark Tolosako komandantziatik zerrenda bat egiteko eskatu zuela, PNVri botoa nork emango zion eta Frente Popularrari nork zehaztuz”.

Arrasto iluna, pasaeran
36ko Gerrak Zizurkilen izan zuen eraginaz galdetuta, Gipuzkoako beste hainbat herritan baino ondorio epelagoa izan zuela aipatu du Joxin Azkuek: “Euskal Herrian 36ko Gerrak eragin zuen miseria orokorraz gain, –gosea, zapalkuntza edota sufrimendua…–, ez dirudi Zizurkilen beste hainbat herrietan bezainbesteko ondorio larririk izan zenik. Amasa-Villabonan bertan edo Gipuzkoako beste zenbait herritan, Tolosan kasu, ondorio gogorragoak utzi zituen. Badirudi Zizurkilen pasaerakoa izan zela gerra”. Haatik, pasaera horretan, bere arrasto iluna utzi zuen gerrak Zizurkilen ere: bost herritar fusilatu baitzituzten, “kuriosoa da, gainera, Zizurkilen fusilatu zituzten bost herritarrak errepublikarrak izateagatik fusilatu zituztela”, adierazi du Azkuek. Bost: zenbaki potoloa da hori Zizurkil bezalako herri txiki batentzat, “Adunibar baserrikoa kenduta, gainerako fusilatuak Elbarrenan bizi ziren eta garai hartan etxe eta biztanle gutxi zegoela kontuan hartuta, oso portzentaje altua da. Ia etxe bakoitzetik bat”, ondorioztatu dute Julian Arrastoa eta Gurutze Arruabarrenak.
Zizurkilen fusilatutako herritarren daturik gehienak haien familiako kideekin bilduta eskuratu dituzte Teodoro Hernandiorenako kideek (Krutz Iribarrenen senideekin izan ezik, gainerako guztiekin) eta grabazio luzeak dituzte etorkizuneko ikerketei begira gordeak. Hala eta guztiz ere, familiako kideen artean haietako inork ez daki seguru non lurperatuta dagoen galdu zuten senidearen gorpua. “Badirudi Juan Almortza Tolosan lurperatu zutela nahiko datu ziurra dela, baina ez beste guztiena. Susmoak izanagatik, senideen gorpua zehazki non dagoen ez jakitea oso gogorra da”, Julian Arrastoaren hitzetan.

Beldurraren morroi
Gerra garaia bizitu zutenek muinetaraino sartuta zeukaten beldurra, “beldurraren morroi ziren eta haietako asko ez ziren ausartu euren senideak non zeuden galdetzera ere. Galdetzeko pausoa ematen zutenek, erantzun erraza jasotzen zuten: muerto en la guerra”. Eta beldur hura oraindik ere ez da guztiz desagertu elkarrizketatuen hitzetan: “garai hartaz hitz egiteko herritar helduekin bildu izan garenean, haietako batzuek, oraindik orain iturririk ez aipatzeko eskatu digute”. Egin duten bilketa lanaren ondoren, gerra garaian eta ondorenean ere herritarrek asko sufritu zutela ondorioztatu dute, “ez fusilatu eta haien senideek soilik; herritarrek, oro har, asko sufritu zuten gerran zehar eta zer esanik ez ondorenean. Beldur eta miseri hura gordetzeko, ordea, egoera hura estali eta isiltzea erabaki zuten”. Pello Aranburuk azaldu bezala, lanari jarri dioten ‘Isiltzen ez den isiltasuna’ izenburuak ondo biltzen du hori guztia.

Oroimenerako ekitaldiak
1978 urteko meza hartaz gain, orain artean Zizurkilen ez da gerrako fusilatuak eta frankismoaren jazarpena jaso zuten familiak gogoratzeko bestelako ekitaldirik egin, “horrexegatik deitzen diegu Zizurkilgo ahaztuak eta oroimen historikoa berreskuratzea garrantzitsua iruditzen zaigulako antolatu ditugu azaroko ekitaldiak”, argitu du Edorta Tormok. Era berean, ekitaldi horietan gazteengana iristeko interes berezia dutela nabarmendu du Joxin Azkuek, “gehiago edo gutxiago, Franco zein zen ezagutu eta sufritu genuen guk; hurbilekoa da guretzat. Baina gazteek liburuetan ikasten dute Gerra Zibila; ez da etxean edo kalean horretaz hitz egiten. Gertaera haiek uler ditzaten, bereziki gazteak animatu nahi ditugu azaroko hitzaldietan parte hartzera”:
    Azaroak 3, osteguna: “Exhumando fosas..., recuperando dignidades” hitzaldia Francisco Etxeberriaren eskutik.  Atxulondo Kultur Etxean, 19:30etan.
    Azaroak 6, igandea: Oroit-ekitaldia  12:00etan hilerrian.

Igandeko ekitaldia xumea bezain hunkigarria izango da: Zizurkilgo bost fusilatuak omentzeaz gain, gerraren jazarpena jaso zuten biktima guztiak omendu nahi dituzte hilerrian eta, besteak beste, dantzariek aurreskua dantzatzearekin batera, adierazpen instituzionala irakurriko dute Udal ordezkariek. Bestalde, Arripitxiko Patxi Otegik egin duen oroimen eskultura jarriko da hilerrian haiek guztiak gogoan.


Zizurkilen fusilatutako boskotea
Teodoro Hernandorena taldeko kideek, besteak beste, fusilatuen inguruko datuak jaso dituzte etxez etxe banatu berri duten euren lanean. Hauexek Zizurkilgo bost fusilatuak eta haien inguruko hainbat datu labur:
  1. Elias Konstantzio Mendizabal Bengoetxea: 1911n Adunibar baserrian jaioa. Papelerako lana eta herriko postari-lana uztartzen zituen. 25 urterekin fusilatu zuten: agiri batek Beran dio, besteak Oiartzunen.
  2. Gabino Barroso Minguez: Jauregi edo Villa Juanito izeneko etxean bizi zen. Barroso familia Valladolidetik Asteasura etorri zen. Inguruko igeltsutegietako karea garraiatzen zuen. Gerora, Casa-Cuna umezurztegiko sereno zela harrapatu zuen gerrak. Beran fusilatu zuten.
  3. Joxe Krutz Zuriarrain Mujika: Iruran jaioa. Zubimusu-zar etxean bizitu zen urte askoan. Portu papertegiko langilea zen.
  4. Juan Almorza Etxaide: 1897 urtean Teodosioenean jaioa. Arotza zen lanbidez. Tolosan fusilatu zuten 1936ko urriaren 6an.
  5. Juan Krutz Iribarren Ezkioga: Villabonatarra izatez, Zizurkilgo Aurrera ostatuan bizitu zen. Tolosan fusilatu zuten 1936ko urriaren 1ean.
Aztergai ugari, aurrera begira
Joxin Azkuerentzat drama nagusia halako drama hain erraz ahaztu izana da. Hainbeste urte eta gero gerrako biktimek aitormenik jaso ez izana Eduardo Tormorentzat, “lotsagarria da azken 75 urteotan legalitatearen kontra borrokatu, halako basakeriak egin eta ez ejertzitotik, ez armadatik eta ez elizatik aitorpen zuzenik biktimei ez egin izana”. Julian Arrastoak autokritika ere egin du: “Non egon gara gu orain artean? Herritarrek ere aitortza hori egiteko aukera izan dugu urte luzetan, baina orain arte ez zaigu inori bururatu. Orain beharrean, bilketa lana duela 25 urte egin izan bagenuen, askoz ere aberatsagoa izango zen: askoz ere informazio gehiagorekin”.
Kritika eta autokritika tartean, asebeteta geratu dira Teodoro Hernandorena kultur taldeko kideak egindako lanarekin, batez ere, ikasi dutenarekin.
Hiru urte pasatxo daramate kultur taldean bi astez behin asteazkenetan biltzen. Dudarik ez dute taldekideek beraiek ikasten dutela gehien eta taldea, interesa duen orori zabalduta dagoela gogoratu dute, “ez gara jakintsuak, ikasteko gogoa dugunak baizik. Gure helburua ikastea eta ikasitakoa herritar guztiengana zabaltzea da”. Datorren urteari begira, 1512ko konkistaren gaiari eutsiko diote eta ofizialki Zizurkilgo armarriaren aldaketa eskatuko dute. Bestelako aztergaien artean, Elbarrenako industrializazioa edota bailararen izendapenarekin lotutako gaia dituzte eskuartean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!