Zine eta Bideo eskolaren mende laurdena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 3a, 18:14

1986an jarri zen martxan Andoaingo Zine eta Bideo eskolako lehen ikasturtea.
Iñaki Aizpuru da eskolako sortzaile eta zuzendaria eta berak eman ditu hogeita bost urte hauetako ibilbidearen inguruko azalpenak.

Hirurehun ikasle biltzen dira, egunero, Andoaingo Zine eta Bideo eskolako ikasgelatan. Iñaki Aizpururen ekimenez zabaldu zituen ateak eskolak, duela hogeita bost urte: “Garai hartan, Visnews agentziarentzat, eta Espainiako telebistarentzat erreportari lanak egiten nituen, kamera hartuta. Laburmetraiak ere egiten nituen eta luzemetrairen batean ere sartu nintzen. Horretan nenbilela, ikus-entzunezkoen arloko profesionalen beharra bazegoela sentitu nuen eta ikastaro batzuk antolatzen hasi nintzen. Madrilen bazen irrati eta telebistaren inguruko instituto ofiziala eta hura erreferentzia gisa hartuta, Zine eta Bideo eskolaren proiektua lantzen hasi nintzen. Eusko Jaurlaritzak proiektua aurkeztu, eta eskola martxan jartzea lortu genuen, Andoaingo Denak industriguneko pabiloietan”.  

Erreferentziarik gabeko lana
Atzera begira jarrita, lehen urteetako zailtasunak aipatu ditu Iñaki Aizpuruk: “Lanerako oso erreferentzia gutxi genituen eta ez zen erraza izan martxan jartzea. ETB bera ere oraindik sortu berria zen. Horregatik, lehendabiziko urtean ariketa eta lan ezberdinak egiten jarri genuen gure ahaleginik handiena. Bigarren urtean, platoko lana egiteko garaia iritsi zen, baina hori ere berria zen. Ohiko platoak ez zeuden ikasleei eta hezkuntzari begira antolatuta eta irtenbideak bilatu behar izan genituen. Bidean, arazo bat baino gehiago sortu zitzaigun; esaterako, eskola hartzen duten pabiloiek altuera handia zuten eta fokoak aldatzeko, ikasleek gora eta behera ibili behar izaten zuten, horrek zekarren arriskuarekin. Egoera horiei guztiei, irtenbidea jartzen joan ginen pixkanaka”.
Zortzi irakasleko taldeak eman zion hasiera 1986ko lehendabiziko ikasturte hari. Hala azaldu du Iñakik: “Espezialitatean aritutako irakasleak bilatzea ez zen batere erraza izan. Hezkuntza arautua denean, irakasleek tituludunak behar dute izan eta garai hartan, oso jende gutxik zuen halakorik ikus-entzunezkoen arloan. Autodidaktak ginen gehienak. Horregatik, kazetaritzan, ingelesean edota filosofian..., lizentziadunak izan ziren lehendabiziko irakasleak. Gaur egun, askoz ere errazagoa da ikus-entzunezkoetan tituludunak direnak bilatzea. Gure ikasle izandako jendea ere badugu irakasle lanetan”.

Aldaketa handiak
Hogeita bost urte hauetan aldaketa handiak bizitu ditu eskolak: “Ikus-entzunezkoen mundua izugarri aldatu da urteotan, oso erritmo azkarrean gainera. Eskolak ere, abiadura horretara moldatu eta aldatzen joan beharra izan du. Ni hasi nintzenean, gai kimikoekin egiten zen lan oraindik. Ondoren, bideo analogikoa iritsi zen eta gaur egun, bideo digitalarekin aritzen gara. Tresneria asko aldatu da eta, horrekin batera, baita lan egiteko modua ere”.

Espezialitate ezberdinak
Goi mailako lau espezialitate eta erdi mailako beste bat eskaintzen ditu eskolak. “Produkzioa, errealizazioa, irudia eta soinua dira goi mailakoak eta bakoitzak bere programa eta ikasgaiak ditu. Eskolara etortzen diren ikasleek, oso argi izaten dute ikus-entzunezkoen munduan aritu nahi dutela. Batzuek oso argi dute zein arlo interesatzen zaien gehien eta beste batzuk aldiz, espezialitate bakoitzak zer eskaintzen duen ikusitakoan erabakitzen dute bat edo beste ikasi. Horrez gain, langileentzako eta langabetuentzako ikasketa zikloak ere eskaintzen ditugu”, azaldu du Iñakik. “Mundu honetan sartzen denak, nekez uzten du. Engantxatu egiten du”, gaineratu du.
Ikasgelatan dituzten hirurehun ikasleetako gehienak Euskal Herriko puntu ezberdinetatik etorritakoak dira, baina badira urrutiagotik iristen direnak ere. Hala azaldu du Iñakik: “Burgos, Cantabria..., inguruko herrialdeetatik etortzen dira, gehienbat, baina baita Ameriketatik edota Frantziatik ere”.
Orain arte bertan ikasi duten 3000 ikasleen artean, bada izen eta ospe handia lortu duenik ere. “Oso harro nago eskolako lehen promozioetan ikasi zuen jendea orain ETB-n lanean ari dela ikusteaz, edota Telmo Esnal, Asier Altuna, Imanol Rayo, Urko Garai, Alberto Gorritiberea..., eta gainerakoek duten arrakasta ikusteaz. Aurtengo Donostiako zinemaldian gure eskolatik pasatako bost ordezkari izan dira filmak eta laburmetraiak aurkezten eta hori oso pozgarria da guretzat”.

Kanal On
Eskolako ikasleen lanak plazaratzeko, ikus-entzunezko laborategi gisa sortu zen Andoaingo Kanal On telebista: “Gidoitik hasi eta pantailaratu arte, produktuaren ibilbide osoa lantzen zuten ikasleek: produkzioa, errealizazioa, postprodukzioa, emisioa eta audientzien neurketa. Hezkuntza mailako aldaketak etorri zirenean, ikasketetako bigarren mailako ikasleetara mugatu zen praktika horiek egiteko aukera eta horrek asko baldintzatu zuen telebistaren martxa. Horrekin batera, Andoaingo Udalak ere ez zuen garbi ikusten telebistari jarraipena emateko aukera, eta bere horretan amaitu zen proiektu hura. Esperientzia polita izan zen. Orduko lan haiek artxibatuta daude eta azken urteotan, formatu digitalera pasatzen ari gara”.
Gaur egun ere, ikasleen lanak aireratzen dituzte eskolako kideek: “Lan txukunak sortzen direnean, internet bidez zabaltzen ditugu eta hainbat jaialdi eta lehiaketatara ere aurkezten saiatzen gara. Ikasleentzat pizgarri bat dela iruditzen zaigu”.

Krisialdiaren indarra
Ikus-entzunezkoen egoeraren inguruan galdetuta, azalpena eman du Iñaki Aizpuruk: “Krisialdian murgilduta gaude. Inoiz baino gehiago kontsumitzen da, telebista digitalizatu zenetik, kate asko sortu da eta horrek, produktu asko sortzea eskatzen du. Baina alderdi ekonomikotik begiratuta, egoera nahiko zaila da. Dirulaguntzak gutxitu egin dira eta horrek zailtasunak ekartzen ditu. Hori horrela, sektoreak aldaketak egin beharko dituela iruditzen zait, ekoizpen txikien kasuan, batik bat”.

Etorkizunerako asmoak
Eskola sortu zuen garaian, Iñaki Aizpuruk asmo potolo bat zerabilen buruan: “Eskolaren babesean telesailak eta filmak egiteko asmoa nuen, baina ezinezkoa izan da asmo hori gauzatzea. Oraindik, ordea, tentazio berberarekin jarraitzen dut. Ez dakit eskolako zuzendaritzarekin bateratzeko moduko lana izango litzatekeen, baina ez dut horretan etsi nahi”.
Irailean egin zuten urteurrena ospatzeko jaia eta, ikasturtea martxan jarrita, buru-belarri ari dira lanean irakasleak, zein ikasleak. Etorkizunera begira, Bolonia planera egokitzea tokatuko zaie eskolako kideei: “Horren arabera, goi mailako espezialitateek, 120 kreditutako balioa izango dute eta datorren ikasturterako plan horren barruan arituko gara dagoeneko”.

Garai gogorrak
Iñaki Aizpuruk gogoan du 2004ko uda. Aldameneko tailer batean sutea piztu, eta garrak eskolara iritsi ziren. Zenbait gela erre egin zen eta material asko hondatuta geratu zen, nola suagatik, hala suhiltzaileek botatako uraren ondorioz ere. “Oso egun gogorrak izan ziren guretzat. Ahalegin handia egin behar izan genuen hurrengo ikasturtea martxan jartzeko. Instalakuntzen erdia kaltetuta bazegoen ere, ikasturtea garaiz hastea lortu genuen eta pixkanaka, ohiko martxa hartzen joan ginen”. 

Liburuak eta aldizkariak

Ikus-entzunezko munduan sartuta, gabezia handi bat sumatu zuen Iñaki Aizpuruk: “Gaiaren inguruko liburu gehienak ingelesez idatzitakoak dira, eta hutsune hori betetzeko, baditugu hirurogei liburu baino gehiago argitaratuak. Gehientsuenak itzulpenak dira, eta arlo tekniko ezberdinak lantzen dituztenak”.
Horrez gain, lau hilabetez behin, “Irudimena” izeneko aldizkaria argitaratzen dute eskolako kideek. Ikus-entzunezkoen munduko berriak biltzen ditu aldizkari horrek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!