Argazki rallya azaroaren 13an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 3a, 18:09

Aizkardi mendi taldeko kideek IV. Argazki rallya antolatu dute datorren iganderako. Maddi Bengoetxea, Gorka Lopez eta Gotzon Larrea antolatzaileek eman dituzte ekimenaren xehetasunak:

Mendizaletasuna eta argazkilaritza uztartzen dituzue argazki rallyan. Nolatan jarri zenuten abian ekimena?
Mendi astearen baitan, ohiko ikus-entzunezkoez gain, ekintza berriren bat tartekatu nahi genuen, modu horretan, rallyak berak eta ondorengo argazkien erakusketak nahiz sari-banaketak eskaintza hori zabaldu egiten zuelako. Udazkena argazkiak ateratzeko garai polita da. Iaz eguraldi txarra egokitu zen eta partaidetza baxuagoa izan bazen ere –20 lagunetik  gora–, argazki ederrak atera zituzten parte hartzaileek.

Nori zuzenduta antolatzen duzue argazki rallya?
Denetarik etortzen da eta denetarik behar dugu. Baina, oro har, ondo prestatuta etortzen da jendea parte hartzera. Guk ez dugu inolako mugarik jartzen, nahi duen guztiarentzat irekita dago rallya, izan ere, ahalik eta jende gehien biltzea baita gure nahia.
Antzeko ekintzak Amasa-Villabona eta eskualdeko herritarrentzat antolatzen ditugu bereziki, nahiz eta kanpoko jendeak ere parte har dezakeen. Aurreko urteetan Tolosa, Lasarte nahiz Donostiatik ere etorri izan dira. Baina guk bailarako herritarrei egiten diegu batik bat parte hartzeko deia. Nahikoa da argazki kamera izatea: berdin da kamera ona edo txarra izan.

Zein berezitasun du Aizkardiren argazki rallyak?
Hainbat parte hartzaile ibilbidea markatuta dagoelako etortzen dela aipatuko genuke, berezitasun bezala: argazkiak atera edo ez atera, markatutako ibilbidean oinez ibiltzera. Mendi ibilbidea nahiz argazkiak ateratzeko gaia azken unean jakinarazten ditugu. Gaia sekretu moduan gordetzen dugu, jendeak aurrez argazkiak presta ez ditzan eta parte hartzaile guztiek aukera berdintsua izan dezaten. Gainerakoan, kamera digitala nahiz analogikoa onartzen dira; analogikoa dakartenei, 36 argazkiko karretea emango zaie eta digitala dutenek ere 36 irudi atera ahalko dituzte, jarraian. Beraz, argazkia atera aurretik pentsatu egin beharko dute kamera digitalaren jabeek ere.

Argazki horiek ikusteko aukera izango da gero Gurea antzokian. Noiztik nora?
Azaroaren 21etik 24ra, Mendi astearen baitan, erakusketa moduan ikusgai izango dira rallyan ateratako argazkiak Gurea antzokiko sarreran. Partaide bakoitzaren hiruna argazki jarri izan dira orain artean, baina parte hartzaile kopuruaren arabera, agian hiru argazki beharrean bi izan beharko dute aurrerantzean. Ikusiko da. Egia esan, ikusmira handia sortzen du erakusketak eta jende asko gerturatzen da argazkiak ikusi eta bere botoa ematera. Argazkiak ikusi eta gero, iluntzeko emanaldian geratzen da bisitari asko.

Sari ugari
Epaimahai aditu batek aukeratuko ditu hiru lanik onenak eta ikusleen botoen bidez erabakiko da laugarren saria nori eman. Sari banaketa azaroaren 24an egingo da Gurean antzokian 21:00etan.
Argazki onenari saria: 150 euro.
  • Argazki onenari bigarren saria: 100 euro.
  • Argazki onenari hirugarren saria (babeslea: ARTEDIGITAL9): 75 euro.
  • Ikusleek hautaturiko argazki onenari saria: Amasako Iturri-Goxo jatetxean bi lagunentzako afaria.
XXVIII. Mendi astea
Azaroak 21, astelehena
  • Tibeteko altxorra: Oskar Porras.
Azaroak 22, asteartea
  • Chamonix-Saas FEE eskiz: Egoitz Bengoetxea. Ikasleei zuzenduta 15:00etan.
  • Yellowstone parke naturala: Migel Mari Elosegi.
Azaroak 23, asteazkena
  • Chamonix Zermatt-Saas FEE eskiz: Egoitz eta Gotzon.
Azaroak 24, osteguna
  • Everesterako biderik laburrena: Alberto Zerain.
  • Argazi rallyko sari banaketa 21:00etan.
Azaroak 27, igandea
  • Mendi ibilaldia eta bazkaria. 08:30etan Olaederratik abiatuta.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!