Martina Sorgina, Amasara iristekotan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 3a, 18:05

Amasako festa batzordeko kideek prest dute jada Samartiñetako  egitaraua, berrikuntza ugarirekin dator aurtengoa gainera. Ainhoa Barandiaran, Kepa Nazabal eta Leire Treku batzordekideek hartu dute hitza.

Urtero bezala, festa batzordeko kideak iraileko lehen larunbatean hasi ziren Samartiñak antolatzeko bilerak egiten. Geroztik, 15 lagun elkartu dira batez beste. Ainhoa Barandiaranek hilabete horietan guztietan eginiko lanaren oso irakurketa baikorra egin du: “aurreko urteekin alderatuta, aurten ez da pertsona bakarra izan lana aurrera eramateaz arduratu dena; denon artean ari gara eta asko eskertzen da beti jendea laguntzeko prest dagoela ikustea”. Elkarlanean egiten ari diren saiakera horrek gazteentzako nahiz herriarentzako festak nahi dituztela adierazten du batzordekideen esanetan.
Berrikuntza ugari tartekatu dute aurtengo festa egitarauan. Batetik, umeek Samartiñetan leku gutxi zutela ikusten zuten eta Amasan geroz eta ume gehiago egonda, egitarauan tarte zabalagoa eskaini nahi izan diete gaztetxoenei, “berrikuntza gisa ume jolasak izango dira igandean, ondoren Amasako bertako euskal astoekin paseoan ibiltzeko aukera izango dutelarik”, adierazi dute. Aurten ere hutsik egingo ez duen pailazo emanaldiarekin batera, jenderik gehien bilduko duen ekintza larunbat eguerdiko bazkari herrikoia izango da. “Iaz 300 lagun inguru bildu ginen txekor-jatean eta festak hasterako amaituta zeuden txartelak. Aurten, Onintza Agirre eta Naroa Enekotegiren kontzertua antolatu dugu bazkariaren ondorengo tartea betetzeko”. Emanaldi polita izango denez, gerturatzeko deia luzatu dute antolatzaileek.

Gaua indartsu
Gauari begira, aspaldiko nahia betez, ostiral gauean mozorroaren txanda izango da. “Urtero geneukan mozorro gaua antolatzeko gogoa eta aurten animatu egin gara azkenean. Mozorro onenarentzat saria izango da eta amasarrez gain, kanpotik etortzen direnak ere mozorrotuta etor daitezen animatzen ditugu”, adierazi du hirukoteak. Bestalde, larunbat gaueko Zea Mays taldearen kontzertua da batzordeko kideek aurten egin duten apusturik nagusiena: “jendea Amasara erakartzeko apustu fuertea egin dugu. Askotan hotza eta euria egiten du Amasako festetan eta, etxetik atera eta Amasara etortzeko aitzakia polita jarri nahi izan diogu jendeari”. Festetako azken gauean, berriz, iaz bezala, Amasako zerua kolorez jantziko da. Martina Sorgina elizako kanpandorrera igotzearekin batera, su artifizialak botako baitituzte.

Azoka berezia eta Mendiduatloia
Lehen asteburuko ekintzak atzean utzita, Amasa herri nekazaria izanik eta adin ezberdineko herritarrak elkartu nahian, Azoka berezia antolatu dute lehenengoz festa batzordeko kideek azaroaren 19rako Amasako frontoian: “kanpokoez gain, bertako baserritarrek euren produktuak eskainiz azokan parte hartzeko aukera izango dute”. Biharamunean, azaroaren 20an,  I. Euskal Herri mailako Mendiduatloia izango da. Urte luzeko tradizioa du Mendiatloiak Amasan, baina aurten, Euskal Herriko txapelketaren baitan kokatuko da. Aipatu txapelketa zazpi zirkuituz osatuko da eta horietako bat izango da Amasakoa. Egunean bertan edo www.mendiduatloia.com gunean eman ahalko da izena.

Samartiñak, egitaraua

Azaroak 5, larunbata
20:30 Mondeju afaria Uxo-Tokin.

Azaroak 9, asteazkena
19:00 Txupinazoa eta Martina Sorginaren jaitsiera.

Azaroak 10, osteguna (Gazteen eguna)
06:00 Gazteen gosaria Ongi Etorri tabernan.
14:30 Gazteen bazkaria Uxo-Toki elkartean.
16:30 Soka dantza eta aurreskua plazan.
Ondoren, Trikitilarien erromeria.
21:00 Gazteen afaria Iturri-goxon.

Azaroak 11, ostirala  (San Martin eguna)
10:30 Meza Nagusia.
12:00 Idi demak Joxe Munduate eta Iñigo Gorostarzu bertsolariek eta trikitilariek alaiturik.
17:30 “Irrien lagunekin kanta eta dantza” pailazoen emanaldia.
Ondoren, Txokolate beroa.
20:00 Amasako XX. Bakailao lehiaketa frontoian.
Mozorro gaua.
23:30 Dantzaldia Laiotz taldearen eskutik.
02:00 Mozorrorik onenaren sari banaketa.

Azaroak 12, larunbata
11:00 Ume krosa 6. mailara arteko umeentzat.
12:30 Giza proba: Amasako gazteak Zizurkilgo gazteen aurka.
14:00 Herri bazkaria.
18:30 Onintza Agirre organo-jolearen eta Naroa Enekotegi abeslariaren kontzertua elizan.
22:30 Bertso saioa: Andoni Egaña, J.M. Irazu, Ander Lizarralde eta Beñat Iguaran. Gai-jartzailea: Amaia Agirre.
Ondoren, Zea Mays taldearen kontzertua eta Ingo al deu? taldearen dantzaldia.

Azaroak 13, igandea
11:30 Ume jolasak frontoian eta Euskal Astoekin paseoan ibiltzeko aukera.
18:00 Herri kirolak herriko gazteen eskutik.
Ondoren, Martina Sorginari agurra su artifizialek lagundurik eta XXII. Intxorraren aldatzea.

Azaroak 19, larunbata
10:00etatik aurrera I. Amasako Azoka berezia.

Azaroak 20, igandea
11:00 Euskal Herriko I. Mendiduatloi zirkuitua.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!