Joxe Mari Luengo alkatearekin solasean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 3a, 17:59

Emaitza ikusgarriak jaso zituen Bildu alderdiak Udal hauteskundeetan. Udalgintzari ekinda, lehen hilabeteotako errepasoa egin eta etorkizunerako asmoen berri eman du Joxe Mari Luengo alkateak.

Emaitza bikainak jaso zenituzten maiatzaren 22ko hauteskundeeetan. Espero al zenuten horrelako erantzuna?
Emaitza onak izatea espero genuen, baina jasotako erantzuna harrigarria izan zen, ez sinesteko modukoa. Oso argi geratu zen jendeak aldaketa nahi zuela. Gure alderdiak zortzi zinegotzi izatea lortu zuen eta hori inoiz izan den emaitzarik borobilena izan da. Oso pozik gaude herritarren erantzunarekin eta orain, guri tokatzen zaigu lan txukuna egitea.

Udalgintzan hasi berria zara. Zer moduz joan dira lehen hilabete hauek?
Gure taldearentzat dena berria da, eta asko ari gara ikasten. Buru-belarri ari gara lanean. Pixkanaka pixkanaka lanak aurreratzen ari gara eta orokorrean, lan txukuna egiten ari garela esango nuke. Egunerokoan, oraindik ere zalantza asko sortzen zaigu, baina ari gara martxa hartzen. Adin guztietako kideak ditugu gure taldean eta horrek aberastasun handia ematen dio Udalari. Niretzat, pertsonalki, aldaketa handia izan da alkatetzako lanetan hastea, aurrez ez nintzelako sekula horrelakoetan aritu. Nerea Lizarraga alkate-ordeak badu esperientzia gehiago eta hark asko laguntzen dit nire zereginetan. Lan talde polita osatzen dugu.

Nola antolatu duzue eguneroko martxa?
Ni lanaldi osoz liberatuta nago eta Nerea ere lanaldi erdiz aritzen da hemen. Ni egunero etortzen naiz eta Nerea astean bizpahiru aldiz. Egun horietan bildu eta egin beharrekoak antolatzen ditugu. Lehen hilabeteotan ordu asko pasa ditugu lanean. Oraindik ere mankomunitateetako batzordeak osatzeko lanetan ari gara eta horrek bilera asko egitea eskatzen digu Udaleko kide guztioi. Gainera, Bildu alderdia oraindik berria da eta martxa hartu arte, lan gehiago egitea tokatzen zaigu.

Udalaren lehendabiziko erabakietako bat izan zen batzorde informatiboak sortzea. Zein da helburu nagusia?
Herritarrak informatuta edukitzea da helburu nagusia. Dagoeneko hasita gaude lehen bilerak egiten. Hamar batzorde sortu ditugu eta bakoitzaren inguruko bilera bana egin dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu herritarren iritzia ezagutzea. Ikuspuntu ezberdinak biltzea onuragarria da eta herritarrek parte hartzea nahi dugu. Lehen batzordeetako balorazioa ezberdina izan da, betiere gaiaren arabera. Zenbait batzordeetara jende mordoxka etorri da eta beste zenbaitera, berriz, inor gutxi. Joera normala dela iruditzen zaigu, izan ere, herritarrei parte hartzeko ohitura falta zaie. Orain arte oso batzorde gutxi egin izan da eta jendeak ez du batzordeetara joateko ohiturarik garatu. Aurrera begira, batzordeei jarraipena eman nahi diegu; jendeak ikus dezala bere iritzia garrantzitsua dela eta bere eskaerei erantzuna ematen saiatuko garela. Aurrerantzean, gai potoloak sortzen joaten zaizkigun heinean antolatuko ditugu batzordeak. Datorren hilean, esaterako, Joxe Arregi plazako etxebizitzak izango ditugu puri-purian eta herritarrak deituko ditugu horren inguruko informazioa banatu eta iritziak biltzeko.

Krisialdian murgilduta, nolakoa da Zizurkilgo udaletxearen egoera ekonomikoa?
Ez dut ukatuko egoera larria dela. Udalean diru gutxi dago eta zorrak ere badaude. Hala ere, momentu honetan, Joxe Arregi plazako etxebizitzak egitera doaz eta horrek diru sarrera batzuk ekarriko dizkio Udalari. Herrian beharrezkoak iruditzen zaizkigun zenbait gauza egiteko erabiliko dugu diru hori. Lehentasunak zeintzuk diren zehazten ari gara orain eta gauzak ahalik eta modu egokienean egiten saiatuko gara.

Epe motzean, zeintzuk dira egin-beharreko nagusiak?
Joxe Arregi plazako etxebizitzak izango dira lehen egitekoa. Azaroaren 2an, Atxulondon egingo zen izena eman zutenen arteko zozketa eta pauso hori emanda, eraikitze lanak berehala hasiko direla uste dugu. Herritarrei pazientzia pixka bat eskatu beharko diegu, izan ere, obrek irauten duten bitartean plaza erdia itxita egongo baita. Etxebizitzak amaitzen direnean egingo dira plaza osoa eraberritzeko lanak. Teodosio etxea botatzea, berriz, amaierarako utzi dugu. Izan ere, bertan bizi den familia etxebizitza berrietako batera joango baita bizitzera.
Azken Portu etxearen inguruko errotonda edo biribilgunea izango da laster egin beharreko beste lana. Hori egin arte ezingo dira amaitu zonalde horretako urbanizazio lanak eta horrek, zonalde horretako etxebizitza berrietan bizi ahal izateko baimenean eragiten du. Babes ofizialeko etxebizitzak amaituta daude eta biribilgunea egitea bakarrik falta da baimenak eman eta jendea bizitzera sartu ahal izateko. Aste honetan bertan lanak hastea espero dugu.

Eta epe luzera begira, zeintzuk dira egitasmo nagusiak?
Area 20 delakoan etxebizitzak egiteko asmoa badugu. Danena futbol zelaiaren inguruko lursailak dira Area 20koak eta, Foru Aldundiarenak dira. Dagoeneko egin ditugu lehen bilerak lur horien jabetza Udalari pasa eta etxebizitzak egiteko bidea zabaldu ahal izateko, baina luzerako egitasmoa izango da hori. Lursail handiak izanik, etxebizitzak egiteko gune egokia dela iruditzen zaigu.

Kirol azpiegituren artean, zein dira zuen asmoak?
Fraisoro inguruan belar artifizialezko futbol zelaia egitea aipatu da, eta ondo iruditzen zaigu, baina diru asko eskatzen du eta ondo aztertu beharreko egitasmoa da. Ondo aztertu behar da zein dirulaguntza jasotzeko aukera legokeen eta horrez gain, udalerri gehiagoren artean egin beharreko egitasmoa dela uste dugu. Bestalde, herritarrei ere galdetu nahi genieke zer nahi duten.

Atxulondo Kultur Etxean ere aldaketak datoz…
Jubilatuen egoitza etxebizitza berrietara pasako denez, toki librea geratuko zaigu. Gela horiei zein erabilera eman aztertu behar dugu. Udal liburutegia txiki geratu da eta aukeretako bat  gela horiek horretarako bideratzea litzateke. Gai horri ere buelta batzuk eman behar dizkiogu. Bestalde, eta Atxulondon dagoen tabernari dagokionez, bertan mantentzea da gure nahia. Plazari bizia ematen dio eta ez genuke ixterik nahi.

Zizurkil Goian, plaza oinezkoentzako bideratzea da gehien aipatzen den beharretakoa. Zertan da egitasmo hori?
Plazatik autoak kentzeak, aparkaleku berriak egiteko beharra sortzen du eta horretarako, lursailak behar dira. Autoak beste inguru batera bideratu behar dira plazari itxura eta erabilera berriak emateko. Orain, lursailen jabearekin hitz egin eta egitasmoa gauzatzen hasteko garaia da. Trafikoa bideratzeko berriz, Pantxikane ondotik sartuko lirateke autoak, eta plazako gainerako zabalera guztia, oinezkoentzako bideratuko litzateke.

Zizurkil Goian etxebizitza berriak egiteko asmorik ba al duzue?
Nahiz eta ez den oso handia, etxebizitza eskaera badago eta horri erantzuna eman beharko diogu. Bertako gazteek behar hori sentitzen dute eta zentzu horretan, zerbait egin behar da. Hala ere, ez da garai onena etxebizitzak egiteko eta bizpahiru urte joango zaizkigu egitasmo hori martxan jartzeko.

Herritarrak hurbiltzen al dira udaletxera?
Nik uste nuena baino herritar gehiago etortzen da eta oso ondo iruditzen zait, gainera. Bakoitzak bere arazoak eta kezkak ekartzen ditu; etxebizitzen edota lursailen ingurukoak gehienak. Kezka horiei erantzuna ematen saiatzen gara. Udaletxea gertuko sentitzea nahi dugu. Gu ere herritarrak gara eta herriaren alde lan egiteko gaude hemen.

Zein mezu zabalduko zenieke herritarrei?
Aurrez esan bezala, udaletxea aurrera ateratzen saiatuko garela. Horrez gain, etor daitezela udaletxera lasai, lanerako eta hitz egiteko prest gaudela.

Batzorde informatiboak
Hamar batzorde iraunkor sortu dira. Iraila eta urrian zehar batzorde guztien inguruko deialdiak egin dira eta aurrerantzean, momentuko beharren arabera zabalduko dira deialdiak.
  • Parekidetasuna: Eva Usandizaga.
  • Internazionalismoa eta giza eskubideak: Eva Usandizaga.
  • Hezkuntza, kultura eta euskara: Alaitz Ormazabal.
  • Kirola eta gazteria: Aritz Esnaola.
  • Ongizatea; migrazio politika, langabezia eta gutxieneko errenta eta zerbitzu publiko zein sozialak: Nerea Lizarraga.
  • Hirigintza: Joxe Mari Luengo.
  • Nekazaritza, lurralde antolaketa eta ingurumen sostengarria: Jose Manuel Izagirre.
  • Zerga politika eta sozioekonomia: Nerea Lizarraga.
  • Pertsonala: Joxe Mari Luengo.
  • Herritarren parte hartzea eta komunikazioa: Leire Zubeldia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!