Ezagun da maiatzeko Udal hauteskundeetan herritarrek osaturiko hautagaitzarik ez zela aurkeztu. PPren hautagaitza lehiatu zen, soilik. Herritar ia denek boto zuriaren alde bozkatuz, Arantza Aburuzak eta aurreko agintaldiko zinegotziek aginteari eutsi zioten. “Funtziotan” alkate edota zinegotzi dira. Horrela jarraituko dute, gainera, Aldundiarekin batera irtenbidea aurkitu arte. Hauxe Arantza Aburuzarekin urriaren 26an izandako solasaldia, Foru Aldundiko ordezkariekin egin beharreko bileraren bezperan.
Utzi nahi zenuela iragarri zenuen..., baina agintean jarraitzen duzu. Zein egoeratan dago Adunako Udala? Nork agintzen du herrian?
Udal hauteskundeen ondoren ez ohiko egoeran geratu zen Adunako Udala. Hutsik utzi aurretik, “funtziotan” lanean jarraitzen dugu harik eta talde batek edota “gestora” batek ardura hartu arte. Aurreko agintaldiko zazpi zinegotziak egoera berean gaude.
Teknikoki desberdinatsunik ba al dago?
Bai, desberdintasun batzuk badaude. Legediak agintzen duen bezala, gure egoeran dauden Udal taldeek ezin dute gehiengo berezia behar duten erabakirik hartu. Adibidez, arau subsidiario berriak onartu. Aurreko urteekin alderatuta nabarmen bereizten diren urteko Udal aurrekontuak ere ezingo genituzke onartu.
Udal aurrekontuak, orduan, onartu ezinik egongo zinatekete?
Soilik eta aurreko urteetako ildoen ingurukoak badira, orduan bai. Ezingo genuke aurrekontua nabarmen aldatu, adibidez.
Bien bitartean, beste herrietan bezalaxe egoera ekonomiko zailean gaude, gastuak igoz eta sarrerak jaitsiz doazelako. Ermita inguruko errepidea zabaltzeko konpromisoa hartu genuen Aldundiarekin. Ikustear dago obrarekin aurrera egin ahal izango ote dugun, ordainketa epeka eginez obra egiten saiatuko gara.
Beraz, alkate zara “funtziotan”. Aldundiarekin bilera egitekotan zarete, zein pauso eman beharko lituzke egoera horretan dagoen Udal talde batek?
Batetik, gauden egoera honetan “funtziotan” gobernatzen jarraitu. Herria horrela kudeatu beharko dugu. Bestetik, Aldundiarekin aztertuko dugu egoera. Alternatibak aztertu beharko ditugu Aldundiarekin, horrelako kasuetan beste herri batzuetan gestora edota kudeaketa taldeak sortu izan direlako.
Zer egin liteke Adunan?
Gestora bat deitu daiteke, baldin eta ardurak hartzeko herritar talde bat prest agertzen bada. Hori egiteko prest geundeke. Horretarako guk dimisioa aurkeztu beharko genuke eta “gestora” hori deitu.
Herritarrik ba al dago ardurak hartzeko prest?
Oraingoz ez dugu deialdirik egin herritarrei hori eskatzeko. Bestalde, Aldundiarekin erdibideko alternatibak aztertu nahi ditugu.
Eta zeintzuk izango diren jakiterik ba al dago?
Aldundiak onartu arte ezingo genuke esan. Nolanahi ere, Udal funtzionamendua aldatu nahiko genuke. Herria aurrera ateratzen ematen dugun denbora kontutan hartu behar da, gutako inor ez dago zeregin hauetarako liberatuta.
Udal batzordeak beste batera sortu beharko liratekeela uste dugu.
Hauteskunde berriak deitzeko aukera aurreikusi al duzue?
Hautes-zerrendarik aurkeztu ez den herrien kasuan hauteskundeak berriro egin beharko lirateke. Nafarroako herri txiki askoren kasua da hori, eta azaroaren 20an deitu dituzte.
Adunako kasuan alkateak eta zinegotzi guztiek dimisioa aurkeztuz gero, hauteskundeak berriro egin zitezkeen.
Udaberrian Aiurrin kargua uzteko gogoa adierazi zenuen. Berdin pentsatzen jarraitzen al duzu?
Bai! Garai bat bete dut karguan eta utzi egin nahiko nuke. Motibazioa ez da hasierako berdina eta gure bizitzako beste gauzatan ere denbora eman nahi dugu.
Bien bitartean, herriak bere martxari helduko dio, ezta?
Bai, bai. Horrelakoetarako gainera herritarren inplikazioa eskatzen dugu. Hurrengo egunetan kultur astea burutuko da eta Eguberrietan ere kantu taldea aterako da. Hilero bilduko den kultur taldea osatzea nahiko genuke, herritarrek osatuta eta Udalaren laguntza jasoko lukeena.
Bilera Foru Aldundian
Urriaren 27an Adunako Udal ordezkarien talde bat Foru Aldudiko ordezkariekin bildu zen Adunako ez ohiko egoera aztertzeko. Arantza Aburuzak bileratik irten ostean adierazi zuenez, "aukera ezberdinak mahai gainean jarri ditugu. Hausnarketarako garaia da, baina bien bitartean gaudenok Udala zuzentzen jarraituko dugu".