Zer moduz joan dira agintaldiko lehen hilabeteok?
Ekainean egin genuen kargu hartze ekitaldia eta udan, geldialdia etorri zen. Orain, aurreko legealdian mahai gainean jarritako proiektuei berrekin diegu. Agintaldi honetan Udalean sartu diren kide berriei beharreko azalpenak eman, lanak berriro ere banatu eta proiektuak berraztertzen pasa zaizkigu lehendabiziko hilabete hauek. Aurrera begira, berriz, aurrekontuak lantzea izango da epe laburrean egin beharreko lanetako bat.
Larraulgo Udal taldean, bost kide izatetik zazpi izatera pasa zarete. Eguneroko martxan, aldaketa handia nabaritu al da?
Ez dut aldaketa handirik sumatu lan egiteko moduan. Bakoitzak egin beharreko lanak banatuta ditugu eta eguneroko martxa lehengoaren oso antzekoa da. Hala ere, proiektuak landu eta aztertzeko garaian ikuspuntu gehiago sortzen dira eta hori onuragarria da.
Hauteskunde prozesua nahasia izan zen. Nola bizitu zenuen egoera hura?
Larrauldarren parte hartze zabala, horixe da hauteskundeen inguruan gure taldeak azpimarratu nahi duena. Oso jende gutxi geratu zen bozka eman gabe. Egun horretan eman ziguten babesa asko eskertzen dugu.
Etorkizuneko Larraul definituko duen Plan Orokorra berritzeko lanetan ari zarete buru-belarri. Nola doa prozesua?
Aurreko legealdian hasi ginen Plan Orokorra aztertzen. Horren arabera finkatuko da etorkizunean zenbat etxebizitza egingo diren herrian, nolakoak, errepide berriak egingo diren, aparkalekuak, lokal komertzialak, jarduera ekonomikoak..., kontu handiz aztertu beharreko gaiak dira. Azkenean, kate bat sortzen da. Izan ere, etxebizitza berriak egiten badituzu, bide berriak ere egin behar dira, horrek, aparkalekuak eskatzen ditu... Nolako herria nahi dugun erabakitzen da Plan Orokorretan eta horregatik dira horren garrantzitsuak. Gure asmoa, herri bilerak eginez, ahalik eta adostasun mailarik handienez osatzea da. Hauteskundeak zetozela eta, urtarrilean utzi genion azterketa egiteari eta orain ekin diogu lan horri berriz ere. Guztia normal joanez gero, hiru urte inguruko prozesua izaten da Plan Orokorra onartzea. Agintaldia amaitzerako Plan Orokor berria onartuta uztea da gure helburua.
Zeintzuk dira eginbehar nagusiak epe motzera begira?
Zalantzarik gabe, erabilera balioanitzeko gela bat behar dugu. Antton Amonarriz Kultur Etxean tokirik gabe geratu gara eta horri irtenbidea eman behar diogu luze gabe. Beharrezko lan horiek egiteko dirulaguntza jasotzea espero dugu.
Aurreko legealdian lortu zenuten eskola zerbitzua herrian ezartzea. Zein da gaur egungo egoera?
Momentuz, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloa ditugu herrian. Horrek esan nahi du, herriko haurrek zortzi urte arte ikas dezaketela Larraulen bertan. Aurrera begira jarrita, Larraulgo hezkuntza proiektua lantzen jarraituko dugu, Horrekin lotuta esan beharra dago datorren urtea berezia izango dela; izan ere, Larraulen ospatuko baita Eskola Txikien eguna. Guraso elkarteak du jaia antolatzeko ardura, Udalaren babesarekin.
Krisialdi garaian murgilduta, nolakoa Udalaren egoera ekonomikoa?
Larraulek jarduera ekonomiko txikia du eta horrek, diru-sarrerak asko mugatzen ditu. Gure aurrekontuaren zatirik handiena Foru Fondotik edota zergetatik jasotzen dugu. Dirua jaso aurretik, zergen aurreikuspena egin beharra dago eta aurreikuspen horren araberako diru kopurua ematen dizute. 2008an, behar baino diru gehiago jaso genuen eta berdin gertatu zen 2009 eta 2010ean ere. Orain, diru hori itzuli beharra daukagu eta horrek egoera ekonomiko estuan jarri du Udala. Diru-sarrerak txikiak izanik, gastuak murriztea da helburu nagusiena. Momentuz, inbertsioetarako dirurik ez daukagu. Gastu arruntak ordaintzea izango da datozen urteotako helburu ekonomiko nagusia: langileen soldatak, azpiegituren mantenua...
Zein mezu zabalduko zenuke herritarren artean?
Udal taldeko zazpi kideak talde gisa ari garela lanean eta herriaren eta herritarren onurareko lan egiten saiatuko garela.