Amaia Agirre, beretik kantatuz, aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 2a, 09:25

Hondarrabiko Jostaldi pilotalekua hitzaren jolasean maisu diren bertsolarien topaleku bihurtu zen urriaren 29an. Tartean zen Amaia Agirre billabonatarra.

Txapelketa fase erabakigarrietan sartzen ari denaren seinale da saioetara hurbiltzen ari den jendetza. Hondarribikoa ez zen final-laurdenetako jendetsuena izan, baina hala ere 600 inguru igo ziren Gpuntuaren trenera. Oholtza gainean aritu zen seikotea bazen arrazoi horretarako: Iñigo Eizagirre, Haritz Casabal, Nahikari Gabilondo, Aitor Sarriegi, Alaia Martin eta Amaia Agirre. Saio orekatua eskaini zuten seiek, Casabalek izan ezik, beste guztiek erorikorik gabe osatu zituzten ariketak, ofiziodun bertsolariak direla erakutsiz. Lan ederra egin zuen Agirrek ere.

Hasieratik dotore
Saioko lehen ariketa, sei puntuko motzekoa izan zen, agian, billabonatarraren onena. Bai behintzat jendearen aldetik txalo gehien eragin zuena. Iñigo Eizagirrerekin batera egokitu zitzaion Agirreri. Gurasoen paperean jarri zituen gaiak, Eizagirrek haurrari zaplaztekoa eman berri zion eta Agirreri ez zion graziarik egin. Bertsokideak haurraren aurrean ez eztabaidatzeko eskatu ostean, hauxe billabonatarraren erantzuna:

Eman diozu epela
ta dauka masail umela,
bere ondoan ez hitz eitea
igual hobe dela,
baina jokatu bestela!
Ezin da segi horrela
hemen zerorri portatu zera
ume bat bezela.


Sei puntuko motzaren ostean kopletako lana izan zuten. Oro har, aurreko saioetan baino arazo gutxiagorekin eta bizi-bizi aritu ziren bertsolariak, baina Agirrek ez zuen erabat asmatu. Sarriegi nabarmendu zen ariketa honetan.

Sakonean ere bai
Bizitik berriz sakonera egin zuen saioak eta zortziko handiko ariketan ere lan bikaina egin zuen eskualdeko bertsolariak. Haritz Casabalekin batera aritu zen kantuan. Gaiak honela zioen: “Haritzi alaba hil zitzaion duela urtebete. Amaia, alabaren bikotekidea zena, beste batekin hasi da, eta Haritzi ez dio graziarik egin”. Casabalek, hildako alabak jakingo balu lotsatuko litzatekeela esan ostean, hauxe Agirreren bigarren bertsoaren amaiera:

Baina ezin det bueltan ekarri
ihes joan zan kuttuna,
ta berak ere desio luke
nere zoriontasuna.

    
Bakarkako ariketa izan zuten hurrengoa. Ale ederrak entzun genituen eta ariketa honetan batu zituen puntu gehien Amaia Agirrek ere. Gaiak honela zioen: “25 urterekin joan zinen gurasoen etxetik. Gaur, 40rekin itzuli zara”. Berez polita izan zitekeen gaiak arrisku handia zuen Agirrerentzat. Izan ere, aurreko fasean, Andoaingo saioan, kartzelan antzeko istorioa sortu zuen, nahiz eta orduan gaia zabalagoa zen. Hala ere, orduko bertsoak ahaztu eta lan sinesgarri eta osoa egiten asmatu zuen. Bikote haustura baten ostean gurasoen etxera datorrenaren papera hartu zuen. Hauxe bigarren bertsoa:

Gaueko mamu bilakatu zen
hasierako laguna
ta bere ustez ni nintzen beti
ez-bai denen erruduna.
Ezin jasanda, nere inguruan
eskatu laguntasuna
ezin agertuz, zer nola bete
hark utzitako hutsuna
berriro ere kabira nator
hain baita kabi kuttuna
hura ez baina, betiko baita
aita amen maitasuna.

    
Azpimarratzekoak izan ziren, oro har, lehen lau sailkatuen barkakoak. Amaitzeko, fase honetan binaka egiten den kartzelako lana izan zuten sei bertsolariek, eta guztiek ere ez zuten gehiegi gozatu. Nahikari Gabilondok utzi zituen ale ederrenak ariketa honetan.

Hirugarren, eta aurrera    
Lan puntuagarriak amaituta, etorri zen epaileen erabakia. 494 punturekin garaile Aitor Sarriegi izan zen, 481 lortu zituen Alaia Martinek, 478,5 Amaia Agirrek, 471,5 Iñigo Eizagirrek, 467,5 Nahikari Gabilondok eta 440,5 Haritz Casabalek. Saioaren maila ikusita, puntuak baxutik joan zirela esan daiteke, bereziki lehen asteburuko saioekin alderatuta. Hala ere, Agirrerentzat nahikoak izan dira final-erdietara arazorik gabe igarotzeko. Arrazoi potoloak baztertuta, bertsokera sinesgarriagoaren bila ari da txapelketa honetan billabonatarra, eta momentuz egindakoarekin pozik egoteko moduan da. Beretik kantatuta lortu du Gpuntuaren hurrengo geltokirako txartela.

“Nire barrua asebete nahi nuen eta pozik aritu naiz”
Saioa amaitu berritan hitz egin zuen Aiurrik Amaia Agirrerekin.

Puntuak puntu eta postuak postu, pozik zen Amaia Agirre egindako lanarekin, eta bereziki erakutsitako jarrera eta bertsokerarekin. “Andoainen baino puntu gutxiago jaso dut, baina orduan baino saioa hobea egin dudalakoan nago, orduan poto bat nuen, gainera. Barrutik aritu naiz, sinistuta zer kantatzen nuen, eta ez bereziki arrazoi potoloen bila. Nire barrua asebete nahi nuen eta pozik geratu naiz”.

Txartela eskuan
Bertsoaldi bat nabarmentzeko eskatuta, ez zuen erantzuten jakin billabonatarrak. “Ez nuke bertsoaldi bat nabarmenduko. Sei puntuko motzean jendearen bultzada handia sumatu dut, baina beste ariketa batzuetan ere pozik eseri naiz. Gaur,  hasiera agurra lasai kantatu dut eta orduan pentsatu dut egun ona izan nezakeela. Orain, gero hori beti ez da betetzen”, azpimarratu du irribarretsu. Gipuzkoako txapelketako final-erdietarako txartela lortzeak Euskal Herrikoan kantatzeko txartela ere esan nahi du. Hori helburu  zuela ez du ukatu Agirrek. “Beti egiten du ilusioa Euskal Herrikoan kantatzeak. Txapelketetan beti helburuak jartzen joaten zara eta aurtengoan helburu polita zen hori, bi urte barrurako sailkatzea. Azken finean, txartel hori lortzeak berak esan nahi du txapelketa duina egin duzula”. Gpuntuko final-erdietara begira jartzeko eskatuta, argi hitz egin du billabonatarrak. “Nik espero dut baikorrago joatea final-erdietara eta ez dut gezurrik esango, behin hona iritsita finala izango dut helburu”. Lortu ala ez, egindakoarekin pozik egoteko moduan da Amaia Agirre.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!