Aizkardiren IV. Argazki rallya, igandean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 28a, 12:39

Datorren igandean, azaroak 13, Aizkardi mendi taldeak antolatutako IV. Argazki rallya izango da. Parte hartzaileek egun berean jakinaraziko den markatutako ibilbidean barrena atera beharko dituzte antolatzaileek adierazitako gaiaren inguruko argazkiak. Izen-ematea Larreako Aizkardiren egoitzan egin ondoren, goizeko 09:00etan hasiko da argazki rallya. Hara segidan parte hartzeko arau eta baldintzak:

1.- AURKEZPENA

Villabonako Aizkardi mendizale elkarteak, argazki eta mendizaletasuna bateratu nahian, mendiko ibilbide erraz batean zehar egingo den argazki rally-a antolatu du 2011ko azaroaren 13rako. Partehartzaileek aurrez markatutako ibilbidea burutu beharko dute, zeinetan egun berean jakitera emango den, eta natura zein mendiarekin erlazionaturik egongo den gai zehatz bati buruz argazkiak atera beharko dituzten. Mendian buruturiko ekintza izaki, arropa zein oinetako egokiak erabiltzea gomendatzen da.

2.- EUSKARRI FOTOGRAFIKOAK

Onarturiko euskarri fotografikoak analogikoak, bai zuri-beltzean, bai koloretan, eta digitalak izango dira. Kamera analogikodun partehartzaileen kasuan, 36 argazkiko karrete bana emango zaie ibilbidearen hasieran. Memoria txartel estandarrak erabiltzen ez dituzten kameradun partehartzaileek dagokien komunikazio-kablea ekarri beharko dute argazkiak deskargatu ahal izateko. Memoria txartelek hutsik egon beharko dute irteera unean.

3.- IZEN-EMATEA

Izen-ematea guztiz doakoa da, eta rallyaren egun berean egingo da elkarte aretoan. Ez dago partehartzaileentzat mugarik, honela, adin mugarik gabe, argazki kamera bat duen edonork parte har dezakeelarik. Inskripzio-mahaiak bederatziak eta bederatzi eta erdiak artean izango dira zabalik. Inskripzioa egin ostean partehartzaile bakoitzari oinarri hauek guztiak biltzen dituen kopia bat emango zaio, zeinetan lehiaketaren nondik norakoak, argazkientzat hautaturiko gaia eta ibilbidearen mapa agertuko den.

4.- GAIA

Egunean bertan jakinaraziko da.

5.- IRTEERA

Argazki rallya goizeko bederatzietan hasiko da, inskripzioa egin ostean. Partehartzaile bakoitzak ibilbideari antolakuntzak zehazturiko argazki bat egin ostean ekingo dio.

6.- IBILBIDEA ETA ARGAZKIAK ATERATZEA

9 kilometro inguruko ibilbidea markatuko da, lau orduko gehienezko denboran amaitu beharko dena. Ibilbidean zehar, formatu analogikoa zein digitala erabiltzen dutenek, antolakuntzak aurrez emaniko gaiaren inguruan 36 argazki atera beharko dituzte. Kamera digitaldunek euren argazkiak numerazio jarraia dutela aurkeztu beharko dituzte, berauetako bat bera ere ezabatzea baimentzen ez delarik. Antolakuntzak 649717182 telefono zenbakia zabalduko du partehartzaileek ibilbidean zehar edozein arazoren aurrean dei dezaten.

7.- EUSKARRIEN BILKETA

Partehartzaileek, beranduenik ere eguerdiko ordu batean amaitu beharko dute ibilbidea. Kamera analogikodun partehartzaileek antolakuntza berau errebelatu eta autoreen negatiboak itzultzeaz arduratuko den karretea entregatuko dute. Euskarri digitala darabiltenek memoria txartelak entregatuko dituzte hauek ordenagailuetara deskargatuak izan daitezen, hau egin ostean partehartzaileei itzuliko zaizkielarik. Jarraiak ez diren irudiak dituzten txartelak txapelketatik kanpo geratuko dira.

8.- LANEN AURKEZPENA

Partehartzaile bakoitzak ibilbidearen ostean antolakuntzari emaniko irudietatik hiru aukeratu beharko ditu, eta 20x30cmko paperean aurkeztu beharko ditu 30x40cmko kartulina beltz baten gainean, aurrean titulua idatziz. Aurkezpen grafikoarekin batera, datu hauek dituen kartazal bat eraman beharko da: Kartazalaren kanpoaldean aurkezturiko hiru argazkien tituluak, eta barnean autorearen datuak: Izena, abizena, helbidea, telefonoa eta e-maila. Antolakuntzak onarturiko argazki originalei eginiko ukitu minimo batzuk onartuko dira, hala nola enkuadreak, distira maila, kontrastea, saturazioa, etab., baina inolaz ez ukitu grafikoak. Lanak gehienez ere azaroaren 19an, larunbatean 13:00etan aurkeztu beharko dira honako helbide honetan:

FOTO KARLIS Pablo Gorosabel kalea, 6 20400-TOLOSA-GIPUZKOA

Ukitutako argazkiak argazki.rallya@aizkardi.com antolakuntzak jarriko duen e-mailera JPG formatuan bidali beharko dira.

9.- LANEN ERAKUSKETA

Aurkezturiko lanak 2011ko azaroaren 21 eta 24 artean ospatuko den XXVIII. Mendi astearen barruan erakutsiko dira Gurea zine aretoan. Antolakuntzak ez ditu bere gain hartzen erakusketan zehar gerta daitezkeen ezbeharrak, galerak edo lapurretak. Lehiaketara aurkezturiko irudiak antolakuntzaren web orrian www.aizkardi.com argitaratuko dira.

10.- BOZKETAK

Epaimahai tekniko batek autore ezberdinen HIRU lan onenak hautatuko ditu, eta honen erabakia apelaezina izango da. Gainera, erakusketara joaten denak argazki onena bozka dezake, boto hori epaimahai teknikoarekin bat etor daitekeelarik. Kasu honetan saria gehitu egingo da.

11.- SARI BANAKETA

Sari banaketa azaroaren 24an, ostegunean egingo da arratsaldeko bederatzietan Gurea zine aretoan, XXVIII: Aizkardiren Mendi asteko azken proiekzioaren ostean. Sariak hauek izango dira:

Argazki onenari saria.................................................. 150 euro

Argazki onenari bigarren saria..................................... 100 euro

Argazki onenari hirugarren saria.................................. 75 euro

Publikoak hautaturiko argazki onenari saria................. Amasako Iturri-Goxo jatetxean bi lagunentzat afaria.

12.- ESKUBIDEAK

Saritu gabeko lanak sari banaketa egunean jaso ahal izango dira. Saritutako lanak antolakuntzaren esku geratuko dira. Antolakuntzak dituen irudiak eta berauen eskubideak euren autoreenak dira. Antolakuntzak kopiak egin ahal izango ditu erakusketa publiko zein promozioetarako betiere autorearen izena bertan azaltzen delarik.

ANTOLATZAILEA: Aizkardi mendi taldea.

LAGUNTZAILEAK: Artedigital9 argazki-denda, Iturrigoxo jatetxea, Karlis argazki-denda, Villabonako Udala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!