Inaxio Zelarain zendu da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 27a, 10:59

Atzo goizean, emaztearekin batera, Tolosara joateko autobusa hartu ondoren autobusak egindako bat-bateko frenazoaren ondorioz lurrera erori zen Inaxio Zelarain, autobusean zihoazen beste hainbat pertsonekin batera. Buruan hartu zuen golpe larriaren ondorioz hil egin da Inaxio Zelarain billabonatarra.

Segidan, Villabonako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak igorritako idatzia:

Iñaxio Zelarain, in memorian
Espetxeak apurtzea beste helbururik ez zuen gizon bat
 
Villabonako Amnistiaren mugimendua osatzen dugun kide guztiok, preso eta iheslarien senide, lagun eta preso ohiek gure samina agertu nahi dugu gaurkoan ezbeharrez zendu den Iñaxio Zelarain Oiarzabal gure kide, borrokakidearen heriotzaren aurrean, lerron bitartez une latz hauetan bere senide eta gertukoei eta bereziki euskal preso politikoak diren  Julen Zelarain ( aita), Pello Zelarain (anaia) eta Oskar Zelarainen (iloba) ondoan egon nahi dugu, bahituak dauden ziega ilunetan gure babesa jaso bezate, gaur villabonatarren buru eta gogoak, Huelvan, Alicanten eta Madrilen daude. Eta nola ez Emilikin, Ramonekin, Bixikin eta senide guztiekin.
 
Urte luzeetan Iñaxiok euskal preso politikoen senide bezala bere errealiatearen testigantza egiten duen zapia eta presoak euskal herriratzea adierazten zuen pina ia beti soinean eraman du (askotan agertu da publikoki euskal preso politikoak izaera politikoa dutela eta euren eskubideen jabe direla aldarrikatzen), duintasunez eta harrotasunez herri honen askatasunaren aldeko borrokaren lekukotza egin du,  dispertsioaren urte ia guztietan senideak izan ditu espetxean (Herrera de la Manchara autobusez joaten ezagutu dugu eta larunbat honetan bertan Alicantera zihoan bere anaia bisitatzera), errepresioaren krudelkeria denak pairatu behar izan ditu bere azalean (semeak nola tortutatu dizkioten ikusi du, semeak presoen eta iheslarien aldeko lana egiteagatik, hots, lan politiko eta publikoa egiteagatik nola kartzelara eraman duten ikusi du, epaiketa luze baten ondoren, anaia espetxean ikusi du ihesaldi luze baten ondoren, iloba torturatua izan da bortizki).
 
Noski Iñaxiori ez zaio inolako aitortzarik zor, ez behintzat botere publikoetatik. Iñaxiok herritarrak izan ditu lagun eta haiek dira lekuko eta haiek esan bezate.
 
Beti tinko bere seme eta senideen aldeko borrokan. Hileko azken ostiralak ia inoiz ez dituk berdinak izango Iñaxio. Guk hik erakutsitako indar eta adoreaz blaiturik lanean jarraituko diagu, kaleak bete eta espetxeak hustu behar baitiazkigu. Adiorik ez.
 
Muxuak Julen, Pello eta Oskarrentzat. Baita familia osoarentzat ere.
 
Villabonako Amnistiaren aldeko mugimendua
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!