Nazioarteko trikitixa jaialdia Basteron, ostiral honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 26a, 10:40

Trikitixarentzat urriaren 28ko gaua berezia izango da, Euskal Herriko eta nazioarteko proposamen ezberdinez gozatzeko auker izango delako. Aurten, gainera, oso gertu. Andoainen zehazki.
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko Maider Jauregi eta Eneritz Gorrotxategi buru-belarri dabiltza jaialdiaren antolaketan. Haiek dira jaialdiaren bozeramaileak:

Nazioarteko Trikitixa jaialdia iristear da, elkartearen ekitaldi garrantzitsuena al da akaso?
Beharbada hala da; eta batez ere aurten X. Nazioarteko Trikitixa jaialdia antolatzen ari garela kontuan izanda. Mimo bereziarekin ari gara antolakuntza lanetan. Hala ere, ez ditugu ahaztu behar urtean zehar egindako beste ekimenak, haiek ere garrantzitsuak baitira. Ekainean adibidez Euskal Herriko Trikitixa Eguna antolatu genuen eta urteroko hitzordua da jada, Azpeitian antolatzen dugun San Josetako Trikiti Jaialdia ere. Horrez gain, irailean jardunaldiak antolatzen ditugu.
Argitalpen berriei begira, berriz, aurten bi disko kaleratu ditugu: Faborez 05 pieza zaharren bilduma, eta Geure Kolkotik 2011 pieza berriekin. “Soinuaren liburutegia” bildumako 8. liburua ere kaleratuko dugu: Miel A. Elustondok idatzi du Landakanda, panderoaren erregea izenburupean.

Zer nolako egoeran dago trikitixa Euskal Herrian?
Trikitixaren egoera ona da. 90eko hamarkadako boom-a pasata egoera normalizatuago baten aurrean gaudela esan genezake. Trikitixak funtzio sozial garrantzitsua bete izan du Euskal Herrian eta egun ere hala izaten jarraitzen du bere neurrian. Garrantzitsuena trikitixarekin ongi pasatzea dela uste dugu. Ikasle asko ari da trikitixa ikasten eta ziurrenik ez dira profesionalak izateko ari, helburua trikitixarekin gozatu eta disfrutatzen jakitea da.

Jaialdia ospakizun bihurtuko al da?
Hamargarren urteurrena ospatzeko modukoa da, bai! Jaialdi honen helburuetako bat, musikarien eta zaleen arteko harremana sakontzea da eta urtero saiatzen gara horretan. Aurten, gainera, asteburu osorako egitaraua prestatu dugu. Andoaingo jaialdiaren biharamunean, Oñatin ekitaldi ugari antolatu ditugu. Lizargarate Oñatiko Trikitixa Elkartearekin batera workshop solasaldi musikatuak, kalejirak, tabernetako emanaldiak, herri-afaria eta erromeria izango ditugu. Festa girorik ez da faltako, ez!

Aurten Basteron egitea erabaki duzue, zergatik?
Hamar urteotan hainbat tokitan egin izan da; Donostiako Kursaalen aurrena, Victoria Eugenia antzokian gero… Nolabait ere, hiriburuan egonkortu ordez, iaz, probintziara zabaltzea erabaki zen Tolosan antolatuz. Pauso garrantzitsua izan arren, ikus-entzuleek jarraitzen dutela ohartu ginen. Aurten beste jauzi bat egin eta Andoainen egitea erabaki zen.

Basterora joateko zalantzan dabilenari, zer esan jaialdira hurbiltzeko?
Zalantzarik ez dezala izan eta joan dadila ikustera! Ikusi, ikasi eta gozatu egingo duela uste dugu: maila handiko musikariak etorriko dira, nazioartekoak zein bertakoak. Estilo oso ezberdinak ikusteko aukera eskainiko dute guztiek eta ongi pasako duela uste dugu. Guk behintzat, asmo horrekin prestatu dugu jaialdia eta espero dezagun helburua lortzea. Baina hori bai, zalantzak uxatu eta etor dadila, ez da damutuko!

Trikitilariak elkarte baten baitan bilduta daude. Bildu izanak zein eta zenbat onura ekarri dizkiete trikitilariei?
Onurak asko izan dira. 1972an Gipuzkoan zenbait trikitilarik elkartzeko zuten beharraz jabeturik, Sakabi eta Egañazpi trikitilariei lehen omenaldia antolatu zitzaien Usurbilen. 1990ean Euskal Herriko Trikitilari Elkartea ofizialki sortu zen eta 2001ean lehen liberatua hasi zen lanean. Ordutik lanean dihardu liberatu eta bolondres talde batek. Ibilbide horretan zehar, hainbat dokumentu, argazki, bideo eta trikitixarekin zerikusia duen oro biltzea eta interesa duenari eskuragarri jartzea izan da elkartearen zereginetako bat. Informazio hori guztia galdu ez dadin, datu base txukun bat ere osatu da eta lan horretan jarraitzen dugu. Jende askok jotzen du elkartera informazio edo aholku eske. Bestalde, jasotako eskaerei jarraiki, trikitixa sustatzeko hainbat ekitaldi antolatzen da urtean zehar. Etengabea da elkartearen eta trikitilari zein zaleen harteko hartu-emana.

Irlanda
Stephen Doherty eta Patrick Doocey.

Nazioartean hainbat talderekin zuzenean aritutakoak dira bata zein bestea. Dohertyk hanka-joko bereziarengatik ezagutzen den Irlandako dantza tradizionaleko estilo zaharrenaren musika eskaintzen du bere emanaldietan.

Gaztela Leon
Jorge Arribas eta Diego Galaz.

Fetén Fetén izena du proiektu berriak. Herri musika tradizionala, cabaret-a edota bestelako estiloak lantzen dituzte euren sorkuntzekin.

Okzitania
Cyrille Brotto eta Alexandra Lacouchie.

Bien dohainek bat egin dute musika proiektu berri bat sortzeko.

Euskal Herria
Arrabots Taldea.

Txus Aranburu, Arkaitz Miner, Gari Otamendi, Jokin Otamendi eta Iñaki Otegi dira kideak. Bertako plazako dantzak eta Europako herri dantzak erakutsi eta festa dibertigarria egitea da Arrabotsen helburuetako bat.

Jon Ostolaza eta Juan Arriola.
Euskal musikagintzan eta irakaskuntzan aritutako musikariak dira biak.

Maixa, Ines eta Maite.
Maixa Lizarribar, Ines Osinaga eta Maite Loidi aski ezagunak dira euskal musikagintzan. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak kaleratutako Geure kolkotik 2010 diskan ere parte hartu zuten.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!