Andoaingo Alkatearen adierazpen instituzionala

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 21a, 16:34

AGIRI INSTITUZIONALA. ETAren erabaki historikoak zabaldu duen garai berriaren aurrean, alkateak, udalaren izenean, zera adierazi nahi die andoaindarrei:

1.- Andoain asko sufritu duen herria izan da. Horregatik, egun historiko honetan, gure elkartasun zintzoena helerazi nahi diegu urte luzeotan sufritu duten eta sufritzen ari diren herritar eta familia guztioi. 

2.- Gure poza azaldu nahi dugu itxaropenerako zabaldu den aro berri honengatik. Herri honek behin eta berriro irrikatu duen bakea errealitate bihurtuko da.

3.- Udal honek konpromezu irmoa hartzen du bere esku dagoen guztia egiteko Euskal Herrian normalizazio politikorantz urratsak emateko. Ziur gaude Andoain aurrerakoi eta oparo batean bizi izango garela etorkizun hurbilean.

4.- Konpromezu irmoa hartzen du, era berean, gure herrian elkarbizitza eta adiskidetzea nagusitzeko, alderdion, elkarte guztion eta herritarron erantzukizuna baita atzetik datozen belaunaldiek guk pairatutakoa paira ez dezaten.

5.- Azkenik, dei egiten diegu Espainiako zein Frantziako gobernuei elkarrizketa politikoak burutu ditzaten oraindik dirauen sufrimendua amaitzeko eta behin betiko bakea lortzeko. Andoainek eta Euskal Herriak merezi dutelako.

ANA CARRERE ZABALA Alkatea

Andoainen, 2011ko urriaren 21ean

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!