Zizurkilgo Udalak, frankismoak fusilatutakoei omen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 21a, 13:20

Zizurkilgo Udalak ez ohiko Udalbatza ospatu zuen atzo, 36ko Gerran fusilatuak izan ziren bost zizurkildarrei eta gerra sufritu zuten herritar guztiei errekonozimendua eman asmoz. 

Hona hemen, adierazpen insituzionala:

75 urte bete dira aurten altxamendu frankista gertatu zenetik. Duela 75 urte tropek Zizurkil hartu zuten. Errepublikak zekarren demokraziaren eta haize berrien kontrako erasoa izan zen, gerra lehertu eta urte askotako iluntasuna ekarri zuena. Iluntasuna bereziki, gerrak eta garaileek ezarritako errepresioak kolpatu zituen familientzat, besteak beste, bost zizurkildar fusilatuen senideentzat.

Zizurkilgo Udalak, erakunde adierazpen honen bidez, aitortza egin nahi die faxistek fusilatu zituzten herritarrei, eta euren bidez,  gerra eta errepresioa pairatu zuten zizurkildar guztiei.  Elias Konstantzio Mendizabal, Juan Almortza, Gabino Barroso, Joxe Kruz Zuriarrain eta Juan Kruz Iribarrenen memoria aldarrikatu nahi dugu, faxistek hil zituzten demokrazia defendatzeagatik. Oroimena aldarrikatu nahi dugu, ez ahaztea, berriz ez gertatzeko bermea delako.

Bide honetan,  Udalak herritarrei dei egiten die oroimen eta aitortza ekitaldiekin bat egin dezaten.

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!