Andoaingo Txirrindularitza Eskolaren deialdia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 21a, 11:28

Andoaingo Eskolak laster ekingo dio denboraldi berria prestatzeari. Lehen saioak udazken-neguan izanik, aterpean eskainiko dituzte: Arrate pilotalekuan, zehazki. Txirrindulari Eskolaren barne funtzionamendua hobeto ezagutu dezaten, deialdi berezia egin nahi diete haurren gurasoei.

Denboraldi berria
Ez da alferrikakoa denbora tarte honetan Andoaingo Txirrindulari Eskolak metatu duen esperientzia. 27 urte luzez ehunka ikasle igaro da eskolatik, eta prestatzaileen artean aski ezagunak diren andoaindarrak: Joxe Barberena, Patxi Altuna, Iñaki Arin, Jon Mikel Mujika, Aitor Amutxastegi,... Haiekin batera eskolan bertan txirrindulari ibilbidea egin ondoren prestatzaile bilakatu direnak. Besteak beste, Iurgi Altuna, Jon Iturria, Aitor Irazu, Aitzol Zuriarrain,...
Belaunaldi ezberdinen topagune da Andoaingo Txirrindulari Eskola, denek ere txirrindularitza biziki maite dutenak. 25. urteurrena duela gutxi ospatu zen eta bertan frogatu ahal izan zen eskola bat eginik dagoen giza taldea dela. Barberena artzain izendatu zuten orduan, eta haien inguruan denak ere Tolosaldeko eta Buruntzaldeko eskola trinkoena osatzen dute.
Urteak aurrera doaz eta eskola oraindik ere lanean jarraitzeko gogo biziz dago. Azpiegitura badute, eta lanerako prest dagoen bolondres taldea ere bai. Azken urteetan, ordea, eskolara hurbiltzen den haur eta gaztetxoen artean beherakada jasateko arriskua aurreikusten ari dira. Azken urteetan, batez beste, 30 gazte izan dituzte infantil, kadete eta jubenil mailatan. Kopuru horri eutsi eta handitzeko asmoz, aste hauetan Andoaingo gurasoei gutun bana helarazi nahi diete herriko ikastetxeen bitartez. Gutun horretan eskolaren funtzionamendua zein den azaldu nahi diete gurasoei, beti ere haurren segurtasuna lehenesten dela ziurtatuz. Gutunean kezka agertzen dute, “azken urte hauetan txirrindularitza aukeratu duten haurren kopurua gutxitu egin denez, zergatia aurkitzen saiatu gara eta errepidean kotxe artean ibiltzeak dakarren arriskuak beldurra sortzen duela uste dugu”.
Haur eta gaztetxoen formakuntzan, ordea, txirrindularitza ez da errepidea soilik. Udazken-negua, esaterako, Arrate pilotalekuko azpiko gelatan emango dute ariketa fisiko eta teknikoak egiten, “entrenamendu horietan ez dute oraindik bizikleta hartzen. Luzamenduak, gimnasia, korrika saioak eta jokoak lantzen ditugu”. Eguberrietatik aurrera hasten dira bizikleta gainean, beti ere Arrate pilotalekuan. Entrenamendu saioak egun bakarretik bira igarotzen dira. Jinkanak eta bizikleta gaineko ariketak lantzen dituzte, Arraten bertan, bizikleta gainean behar bezala trebatzeko.
Martxoan, ordu aldaketarekin, errepidera irteerak egiten hasten dira. Beti ere gune seguruetan, hala nola, Leizotz ingurua. Eta beti ere entrenatzaile talde batek lagunduta. Infantil eta kadete mailatan, adibidez, gutxienez lau pertsona helduren laguntzarekin irteten dira errepidera. Gurasoei bidalitako gutunean zera diote, “Leizotz auzunean ibiltzen gara, Urumeako autobidea egin denetik gainera oso trafiko gutxi dago eta beti ere lau entrenatzailetik gora izaten gara irteera horietan”.
Bizikleta, elastiko eta
kulotea eskolaren kontura
Bizikleta gogoko duen haurraren gurasoentzat pozteko modukoa da Andoaingo eskolaren azpiegitura. Izan ere, hasiberriek ez dute deus erosi behar. Eskolak haur bakoitzari bizikleta, elastikoa eta kulotea uzten dielako.
Beste tokietan ez bezala, Andoainen haurra txirrindularitzan murgiltzeko aukera paregabea dago. Eta eskolak duen eskarmentua, zalantzarik sortzen ez duen horietakoa da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!