Andoaingo Gaztetxea, garbi eta prest

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 21a, 11:24

Irailaren amaieran egin zen musika kontzertua eta gero, gaztetxea denboraldi batez ekitaldietarako ixtea erabaki zuten. Harrezkero, auzolanean txukunketa lanak burutzen ari dira; egunero-egunero arratsaldero 17:00etatik aurrera biltzen dira hamaika berrikuntza eta konponketa egiteko.


Ikuskizunetarako erabiltzen duten beheko solairu  guztian txukunketa lan handia egiten ari dira. Argi instalakuntza, komunak, zorua, hormak, taberna…
Erabat berritzen ari dira gaztetxea. Lanean ari diren bolondresek aitortu dutenez, “azken asteetan Gaztetxera etorri ez den norbait hurbiltzen bada, ezagutzen ez zuen Gaztetxe berri batera sartu dela irudituko zaio”.
Asteburu honetarako lan gehienak amaituta izango dituzte; Gazte Egunarekin batera inauguratuko baitute, hain zuzen. Afari merienda, bideo emanaldia eta Ingo al deu? nahiz Skakeitan taldeen kontzertua burutuko dira larunbat honetan.
Hortik aurrera, Gaztetxeak ohiko ekimenari eutsiko dio. Azpikolako harrobiaren aurkako taldeak urriaren 29rako antolatu duen kultur gaua izango da Gaztetxe berrituaren hurrengo hitzordua. Egun horretan J.B. Pedradasen bakarrizketa eta Deus Gutxi, Gora Gora Kids, R eta Prest Dejotaren musika emanaldia entzun ahal izango da.

AZAROA, GAZTETXEAREN
HILABETEA
Gaztetxearen urteurreneko ekitaldiek, bestalde, ia azaro osoa hartuko dute. Egitarau osoa hurrengo astean zehaztuko duten arren, dagoeneko aurrera daiteke hitzaldiak, kontzertuak eta haur ikuskizunak antolatuko dituztela.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!