Urnietako eta Andoaingo adinekoen animatzaileak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 21a, 11:15

Urnieta eta Andoaingo jubilatuak dantzan jartzen dituzte hamabostero. Tronpeta, teklatuak eta ahotsak nahikoak dituzte jubilatuekin arratsalde goxoa igarotzeko. Asteburu honetan Urnietan arituko dira larunbatean, eta Andoainen igandean. Bi saioak 18:00etan hasi eta 20:00ak arte luzatuko dira.

Aita bizitza erdia musika tresna eskuan daraman horietakoa da…
Imanol Ibarguren.
Txarangako musikaria izan da betidanik, Oria txarangakoa batez ere. Egun mundu hori nahiko utzita dauka; inauteriak, danborradak eta horrelako egun jakinetan bakarrik ateratzen da kalera.
 
Zuk, berriz, Imanol, gaztea izan arren eskarmentua ere pilatua dakazu…
I.G.
Aitak Amaia arrebari eta bioiri musikarako zaletasuna sartu zigun txiki-txikitatik, eta agudo hasi ginen etxeko garajean elkarrekin jotzen, bozgorailu zahar bat hartuta. Nik zortzi urterekin hartu nuen parte lehenbiziko dantzaldian. Sagardotegi batean izan zen, eta ondoren Trintxerpe, Beasain…, hainbat tokitan jo genuen. Han-hemen bazkariak eta jendarteko jai txikiak girotzeko musika taldea behar zutela-eta, hirurok joaten ginen.   

Zenbat taldetan jotzen duzu, gaur egun?
I.G.
Ostadar izeneko txarangan jo izan dut tronboia uda batez, baina une honetan, Ingoaldeu? taldean nabil eta Andoaingo Udal musika bandan tronboia jotzen dut.
Aurten bukatu ditut piano ikasketak, Musikene goi-musikako ikastegian, konserbatoriotik pasa eta gero. Hortik aurrera ezin da gehiago ikasi, ez bada masterren bat egitea-edo.  

Zer sentitzen du zortzi urteko batek jendaurrean musika jotzen hasten denean?
I.G.
Lotsa ematen du hasieran, zuk jotzen duzun musikarekin jende heldua dantzan ikusteak… Kontzertuz kontzertu, baina, ohitzen joaten zara. Horrela ibiltzea nahiko gogorra zen, aitak bultzaka bezala eramaten gintuelako. Oraingo begietatik ikusita, ordea, ederki eskertzen diogu arrebak eta biok aitari orduan egin ohi zuen ahalegina. Berari esker baikara garena musikaren arloan.
Hasierako urte haietan, zenbait tokitara musika jotzera joaten ginenean, sarreran, antolatzaileek aitari umea ezin zirela sartu esaten ziotela gogoratzen naiz. Eta aitak zera erantzuten zien orduan: “bada, bi ume horiek ezin badute sartu, gaur hemen ez dago dantzaldirik”.

Arrebak ez al du zuekin jotzen?
I.G.
Amaia tarteka etortzen da gurekin. Berak akordeoia jotzeaz gain, ahotsa ere jartzen du. Bestelakoan, bera Lasarteko Erketz dantza taldeko musikaria da.
Nolaz hasi zineten jubilatuen dantzaldietan?
I.G. Aspalditik ari ginen Tolosan, Urnietan eta Andoaingo jubilatuentzat jotzen; noizean behin hemen, noizean behin han… Andoainen, esaterako, Jesus Ibañezen taldeak edo Agirre anai-arrebek ezin zutenean, guri hots egitren ziguten.

Zer jende mota etortzen zaizue?
I.G.
Dantza egitea gogoko duten bikoteak gehienbat. Bakarka etortzen direnak ere badira, emakumeak normalki, eta horiek beste emakumeak hartzen dituzte bikote bezala. 80 urtekoren bat edo beste hurbiltzen da ederki mugitzen dena, baina normala da 60-70 urte ingurukoak izatea, eta sasoi onean daudenak.
Badira ehun bat pertsona biltzen diren egunak. Desiatzen egoten dira dantzaldira etortzeko, eta hurrena noiz eta non joko dugun galdetzen digute, etxeko telefonora ere deitzen digute.
 
Zer errepertorio darabilzue?
I.G.
Nahiko estilo tradizionaleko abestiak jotzen ditugu: pasadobleak, baladak, saltsak, mexikarrak, fandango eta arin-arinak… Noizean behin abesti berriren bat eskatzen digute, eta gu saiatzen gara berehala jotzen edo hurrengo saiorako ikasten. Gainera, beraiek ere koreografia jakin bat ekartzen dute. Benidormen ikasita-edo.

Pasadizorik edukiko duzue kontatzeko…
I.G.
Naturaltasun osoz egiten da... Aipatzekotan, Down sindromedun bi mutil gazte etortzen zaizkigula Andoaingo saiora. Bazter batean eserita, zintzo-zintzo egoten dira begira. Batek rock and rolla nahi izaten du, baina gainerakoei estilo horrek ez dienez grazia askorik egiten, azkeneko abestirako uzten dugu. Denak erretiratzen hasten direnean, guk rocka jotzen dugu eta mutilak bakarka egiten du dantza, pista erdian.  
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!