Frankismoko garai zailetan, 1954tik 1976ra bitarte alegia, Kaletxikiko jaien antolaketan parte hartu zuen. Hiruzpalau urtetan bera bakarrik aritu zela ere aitortu zuen Aiurriri eskainitako elkarrizketan, 2008ko uztailean. Lotsak alde batera utzi, eta ahal zuen guztiengana jo behar izaten zuen, patrikak pixka bat astintu zitzaten.
2008ko Sanpedroetan omenaldia eskaini zioten hain zuzen ere. Auzoaren eta kaletxikitarren alde urtetan erakutsi izan zuen eskuzabaltasuna eskertu nahi izan zioten auzokideek, era horretan.
Hizketarako lagun aparta zen, eta Trentxikiko bidean bazter batean dagoen bordan egon ohi zen egunero-egunero. Bertako lur saila lantzeaz gain, hurbiltzen zitzaion edonorekin hitz asperturen bat egiteko pronto egoten zen beti.
Familia guztia Bonbon izengoitiarekin zen ezaguna, eta izen horren sorburua ere gogoratu zuen Aiurriko elkarrizketan. Kaletxikin kokatzen zen jaiotetxeak omen zuen Bonbon izena: “han gozotegia egon omen zelako jarri zioten. Horrela, han jaiotako guztiak bonbontarrak gara”.
Astezkenean egin ziren bere arimaren aldeko hileta ospakizunak, San Martin elizan. Nabarmentzeko modukoa da Mariano ez ezik, bere bi anaia ere aurten bertan hil direla: 75 urteko Antonio apirilaren 21ean, eta 83 urteko Jose Andres urriaren 12an. Hiru anaiak Gabriel Aresti kalean bizi ziren elkarrekin.