Erabiltzaile gehiago eskualdeko kiroldegietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 20a, 09:54

Bazter guztietan bezala, Beterri-Aiztondo eskualdean ere kirola egiteko ohiturak gora egin duela ageriko kontua da. Kalean bezala, baita kiroldegietan ere. Eskualdeko hiru kiroldegietako arduradunek hitza hartu eta euren txokoetako mugimenduen berri eman dute.

Isabel Dumall
“Nire ustez jendea gero eta mentalizatuago dago kirola egitera”

Usarrabi kiroldegia, Asteasu

  • Zabaltze data: 2004 urtea. Kiroldegiarekin batera zabaldu zen Usarrabi pilotaleku berritua ere.
  • Bazkide kopurua: Guztira, 50 inguru. Hala ere, bazkideak baino gehiago, bazkide ez diren norbanakoak etortzen dira ikastaroetara. Herri txikia izanik bere funtzionamendua du.
  • Langile kopurua: Bakarra: Isabel Dumall. Harrera, kudeaketa, gimnasioko ariketa taulen prestatzailea…, denetik egitea egokitzen zaio. Gainerakoan, monitoreek zuzentzen dituzte ikastaroak.
  • Ordutegia: Astelehen, asteazken eta ostiraletan 10:00- 11:30. Astean zehar arratsaldero 18:00-21:00.

Aisialdian kirola egiteko ohitura nabarmen zabaldu da kalean bezala, kiroldegien baitan ere. Asteasun bertan kirolarekiko zaletasunaren gorakada begi-bistakoa dela jakinarazi du Isabel Dumall Usarrabi kiroldegiko arduradunak, “kirola egiteko ohitura gero eta handiagoa da. Kiroldegia zabaldu zenetik jendea beti gerturatu izan bada ere, azken urteetan gero eta  jende gehiago etortzen dela nabarmena da. Nire ustez jendea gero eta mentalizatuago dago kirola egitera: ariketa fisikoa egitea komenigarria dela ohartu eta olatu moduko bat sortu da”. Zaletasuna zabaltzeko arrazoien artean bi kontu aipatu ditu nagusiki Isabelek, “batetik, kirola eginez, osasuna zaintzeko apustua egin nahi izan du askok eta, bestalde, oso eskura daukate orain herritarrek kirola egiteko lekua: ia-ia etxe ondoan”. Dudarik gabe, Asteasuko kiroldegiko erabiltzaile gehienak asteasuarrak izanagatik, inguruko herrietatik ere etortzen direla gaineratu du arduradunak: besteak beste, Larraul edo Andoaindik.
Urrian hasi berri duten ikasturtean, aurreko urteetako eskaintza berari eutsi dio Asteasuko kiroldegiak eta aurreko urteetan bezala, ciclo indoor ikastaroak izan du harrerarik beroena, “helduen ciclo indoor saioak ia topera beteta daude eta gazteei zuzendutakoek ere gora egin dute. Ciclo indoorrekin batera, mantenu gimnasiak, aerobikak edota pilatesek ere harrera beroa izan dute”. Ariketa fisikoa egiterakoan ere modak daudela uste du Isabelek eta horregatik nagusitzen direla saio batzuk beste batzuen gainetik.
Asteasuko kiroldegian eskaintzen diren ikastaroak ikasturte osokoak dira: irailean hasi eta ekainera bitarte. Saio gehienak beteta dauden arren, oraindik ere balegoke aukera batean edo bestean.

Helduak nahiz gazteak
Asteasuko kiroldegiko erabiltzaileen adin-tartea definitzerakoan, zalantza egin du Isabelek: “gimnasiora gazteak bezala helduak gerturatzen dira eta ikastaroetara ere bai. Datu zehatza ematea zaila bada ere, batez besteko adina 40 urte ingurukoa izango da”, azaldu du. Neska edo mutilen artean, erabiltzaileak denetarikoak dira: “mantenu gimnasian, hirugarren adinekoei zuzendutakoan, aerobiken edota pilates saioetan emakumeak nagusitzen dira. Ciclo indoor ikastaroan eta gimnasioaren erabileran neskak bezala mutilak”. Kiroldegira egunero gerturatzen diren herritarrak badaude, noski; baina, oro har, bizpahiru alditan etortzen dira erabiltzaile gehienak astean zehar kiroldegira. Arduradunak adierazi duenez, gimnasiora ere jende ugari gerturatzen den arren, jarduera eta ikastaroek sortzen dute mugimendurik gehien Asteasuko kiroldegian.
Helduekin batera, ume eta gaztetxo ugarik hartzen du parte kiroldegi nahiz pilotalekuaren egunerokoan. Gaztetxoenei zuzenduta, besteak beste, pilota, judo edota gimnasia erritmikoa eskaintzen dituzte aurten. Bestalde, gazteenen eskutik batez ere, rokodromoaren erabilerak ere nabarmen egin du gora.

BESTELAKO ESKAINTZAK

  • Podologia zerbitzua: Miren Hidalgoren eskutik, hilean behin. Aurrez kiroldegiko harreran eskatu behar da ordua.
  • Masajea nahiz dietak: Jose Angel Cristobalenaren eskutik. Hitzordu lortzeko 627 400 209 zenbakira deitu behar da.
  • Pilotalekua eta rokodroa: Erreserbak kiroldegiko harreran.

 


Ana Goenaga
“Kirola egitera egunero etortzeko borondaterik gehien duena jende heldua da, dudarik gabe”

Olaederra kiroldegia, Amasa-Villabona
  • Zabaltze data: 1998ko abenduaren 1a. Duela ia 13 urte.
  • Bazkide kopurua: 3511 bazkide.
  • Langile kopurua: 21 langile (11 finko).
  • Ordutegia: Astelehenetik ostiralera 08:00etatik 22:00etara. Larunbatetan 08:00etatik 20:00etara. Igande eta jai egunetan 09:00etatik 14:00etara.
Azken urteotako krisialdi ekonomikorik gordinenean, gora egin du Amasa-Villabonako Olaederra kiroldegiko bazkide kopuruak. 2009tik kiroldegiko kudeatzaile eta 1998tik bertako harreragile nahiz administrari den Ana Goenagak adierazi duenez, inoiz baino bazkide gehiago du egun Olaederrak: 3511, guztira. “13 urte hauetan bazkide gehien eduki dugun urtea da aurtengoa eta, nire ustez, bizi ohiturek eragin zuzena dute horretan. Esaterako, oso txikiak direla ekartzen dira egun haurrak igerian ikastera: horren adibide, hiru urteko haurren igeriketa ikastaroa umez gainezka daukagula. Haurrak ikastarora ekarritakoan, oro har, gurasoek ere kirola egiteko edo saunara joateko tartea hartzen dute. Nire iritziz, kirola egiteko kontzientzia indartu izanarekin batera, horixe litzateke bazkide kopuruaren gorakadaren arrazoi nagusiena”, argitu du.
Era berean, une honetan kiroldegian duten hutsunerik nagusiena nerabeak gerturatzea dela azaldu du Anak, “azken urte hauetan gazteak erakartzeko ahaleginak egiten ari bagara ere, ia ezinezkoa da nerabeak kiroldegira gerturatzea. Ikastaro bereziak prestatu izan ditugu, Gaztelekua zabaldu zenean haiengana jo…, baina inondik ere ez dugu lortzen gazteak erakartzerik. Urtez urte kiroldegira etortzen den nerabe kopurua jaisten ari da”. Gainerakoan, datuek agerian uzten dutenez, jarduerak dauden egunetan, inoiz baino haur eta heldu gehiago biltzen da aste egunez kiroldegian. “Astean zehar, eguerditik aurrera, arratsalde eta iluntzeetan goizetan baino askoz ere mugimendu handiagoa sortzen da. Asteburuetan, eguraldiak zeresan handia izaten du. Eguraldi txarrarekin jende gehiago gerturatzen da”.

Helduek, borondaterik gehien
Azken urteotan kirola egiteari garrantzia handia ematen zaion ustekoa da Ana. Kirola eginez osasuna zaintzeko kontzientzia asko aldatu dela aipatu du. “Gero eta jende gehiagok egiten du kirola eta hitz egin ere, askoz ere gehiago hitz egiten da kirolaren inguruan. Garrantzia ematen zaio kirolari, bereziki helduen artean. Kirola egitera egunero etortzeko borondaterik gehien duena, dudarik gabe, jende heldua da. Argi dago kirola egin nahi duenak gustuko izan behar duela. Norbaitek gomendatuta hasten denak ez du luzaroan irauten, kirola egiteko baldintza gustatzea baita”.
Herritarrak dira Olaederra kiroldegiko bazkiderik gehienak. Anaren esanetan, “Bazkideen %65a Amasa-Villabonakoa da. Segidan, Zizurkil, Irura eta Asteasukoak”. Sexuari erreparatuta, emakume nahiz gizonezkoak antzeko kopurua dira bazkidetzari dagokionez. Erabiltzaile kopuruari dagokionez, berriz, muskulazio gelan gizonezko gehiago biltzen bada ere, ikastaro gehienetan emakumeak dira nagusi. Haurren saioetan parekatuago legoke nesken eta mutilen kopurua.

Cyclina eta igeriketa nagusi
Berrikuntza gisa, helduei zuzenduta, body training tono ikastaroa eskaini dute abian jarritako ikasturte berri honetan Olaederran, “bosua eta tonifikazioa lantzen dira ikastaro horretan eta 18 laguneko taldea osatu da”. Hala ere, arrakasta gehien duten ikastaroen artean, duela zazpi bat urtetik honantz eskaintzen den cyclinga da izar nagusia. “guztira, 224 lagunek hartzen du parte ikastaro horretan. Leku gehienetan bezala, gure artean ere, cyclingak du eskaerarik gehien. Bestalde, pilateseko ikastaroak ere urtez urte gora egin duela aipatu behar da: une honetan 70 lagun biltzen da eta aurten talde berri bat ere jarri da martxan”. Bestalde, betiko jarduerek ere beren bideari eutsi diete: acuagymak, aerobikak, mantenu gimnasiak, igeriketak edota yogak. Umeen artean, berriz, igeriketa ikastaroa da nagusi: 290 ume biltzen baita guztira. Hala ere, gazteenei begira ere badituzte berrikuntzak: “funky ikastaroa jarri dugu abian aurten, 17 neskek eman dute izena. Bestalde, mutil gaztetxoen artean bereziki, judoak betidanik izan du arrakasta eta aurten ere bai. Pentsa, itxaron zerrenda ere sortu da gazteen judoan, helduen cycling ikastaroan bezala”.

BESTELAKO ESKAINTZAK
  • Fisioterapia: Lesioak zaintzeaz gain, masaje zerbitzuak ere eskaintzen ditu fisioterapeutak. Astean lau egunetan etortzen da. Aurrez ordua eskatu behar da harreran.
  • U.V.A. izpiak: Kiroldegia zabaldu zenetik eskaintzen da zerbitzu hori.
  • Programak: Gimnasioko makinen inguruan sortutako zalantzak argitu eta lan taula egokitzeko aukera. Harreran begiralearekin berarekin harremanetan jarri behar da.
  • Prestakuntza: Aurten inork interesik erakutsi ez badu ere, orain lau bat urte Behobia-Donostia lasterketa burutzeko bakarkako prestakuntza eskaintzen hasi ziren.
  • Hileko kuota ordainduta, kiroldegiak dituen zerbitzu guztiak erabil daitezke: muskulazio gela, igerilekua, sauna eta hidromasajea.

Ixiar Olano
“Krisialdia dela eta langabezian dagoen jendea kiroldegira etortzen da denbora librea betetzera”

Allurralde kiroldegia, Andoain
  • Zabaltze data:1992ko ekainaren 26an.
  • Bazkide kopurua: Guztira 5.346. Horietako 2.865 ohiko abonoak dira eta beste 2.481 onuradunak, hau da 18 urtez azpiko gazteak, jubilatuak edota langabezian daudenak.
  • Langile kopurua: Guztira, 35 langile ari dira Allurralde kiroldegian.
  • Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 21:30etara. Larunbatetan 08:00etatik 21:00etara eta igande eta jai egunetan, 09:00etatik 13:30etara. Igerilekua ordubete lehenago ixten dute.

Andoaingo Allurralde kiroldegian abian da ikasturte berria. Ikastaroak martxan jarri eta antolaketa lanak egiten buru-belarri dabiltza bertako kideak. 1992an zabaldu zutenetik, ikastaroetan inoiz izan duten parte hartzaile kopururik altuena izango dute aurten. Hala azaldu du Ixiar Olano, Allurralde kirol patronatuko zuzendariak: “2002an, esaterako, 679 pertsonak eman zuen izena kiroldegiko ikastaroetan parte hartzeko. Aurten, 1316  izan dira guztira. Gorakada izugarria da hori. Horrez gain, bere kabuz etortzen direnen kopurua ere asko handitu da. Fitness gela jendez lepo egoten da beti, hasi goizeko 07:00etatik eta iluntzera arte”.
Jendearen ohituretan aldaketak nabaritu dituzte Andoaingo kiroldegiko kideek: “Eguneroko jardueren artean, geroz eta ohikoagoa da kirola egitea. Horregatik ikusten da horrenbeste jende kalean korrika edota bizikletan. Kiroldegian, berriz, beste aldaketa nabarmen bat sumatu dugu; duela urte batzuk oso jende gazte gutxi etortzen zen goizetan eta gaur egun, kontrakoa gertatzen da. Krisialdia dela eta, langabezian dagoen jendea kiroldegira etortzen da denbora librea betetzera”.
Eskaintza zabala dute Allurralde kiroldegian eta berrikuntza nagusi bat nabarmendu du Ixiar Olanok: “Iazko ikasturtean, jarduerak nahasteko aukera sortu genuen. Denbora luzez jarduera berdinean aritu eta gauza berriak frogatu nahi zituztenei begira antolatu dugu aukera hori. Modu horretan, astean ordubetez fit-balance eta beste ordubetez tonifikazioa egin daiteke, esaterako”.

Igeriketa ikastaroak, jendetsuenak
Igerilekua da kiroldegiko izar nagusia. “Guztira, seiehun pertsona ari da igeriketako ikastaroetan eta horietatik 551, haurrak dira”. Igeriketa ikastaroetatik kanpo, spinning-a da jarduerarik jendetsuena. Hala azaldu du Ixiar Olanok: “2004an jarri genuen martxan jarduera hori eta geroztik, etengabe haziz joan da izen-emate kopurua. Berrehun lagunetik gora dugu izena emanda ikasturte honetan”.
Emakumeek osatzen dute ikastaroetan parte hartzen dutenen gehiengoa. Gizonezkoek berriz, nahiago izaten dute kirola bere kabuz egitea. “Aerobik, aquagym, yoga, funky..., horietan oso gizonezko gutxi aritzen da. Spinning eta fitnessean berriz, nahiko orekatuta dago gizon-emakumeen kopurua. Abonatuen kopuruan berriz, oso paretsu dabiltza”, argitu du kirol patronatuko zuzendariak.
Allurraldeko abonua eskuratzen dutenek, sarrera librea izaten dute Allurralde kiroldegiko igerileku, sauna, hidromasaia, solarium eta fitness gelara. “Horrez gain, ikastaroetarako erabiltzen diren aretoak ditugu. Herriko kirol elkarteek erabiltzen duten pista ere badago”, zehaztu du Ixiarrek.
Andoain bertakoak dira kiroldegiko erabiltzaile gehienak, baina inguruko herrietatik ere hurbiltzen zaie jendea. Tartean, gipuzkoarrak ez direnak ere bai: “Andoaindarrez gain, oro har, Aduna, Zizurkil, Asteasu..., herri horietako jendea hartzen dugu. Gainerantzean, Nafarroako autobidetik ere iristen zaizkigu erabiltzaileak. Leitza, Uitzi, Gorriti...”.

Allurraldeko eskaintzak
  • Ikastaroak: Maila ezberdinetako igeriketa ikastaroak, aerobik, aquagym, fitness, matenimendu soinketa, fit-pump, spinning, yoga, fit-balance, funky eta jarduera konbinatuak.
  • Instalakuntzak: Bi igerileku, spinning-erako gela, solariuma, hidromasaia, sauna, U.V.A. izpiak, kirol pista, rokodromoa.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!