Galder Azkue alkatearekin solasean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 20a, 09:38

Bildu koalizioko Galder Azkue alkateak orain arte udaletxean emandako lehen pausoen balorazio baikorra egitearekin batera, etorkizuneko erronkei buruz hitz egin du.

Zer moduzkoak izan dira alkate lanetan lehen hilabeteak? Zer nolakoa egokitzapena?
Esperientzia oso intentsua izanagatik, orain arteko bidea oso positiboa izan dela esango nuke. Alde batetik, kontziente egiten zarelako hartu duzun arduraz eta horrek profesional bezala aktibatu egiten zaituelako eta, bestetik, inguruan, kudeaketa lanetan jende asko ezagutzea oso aberasgarria delako, alor pertsonalean behintzat. Pixkanaka, lan eginez, ari gara egokitzen. Baina denbora behar da.

Zein egoeratan aurkitu duzue udaletxea? Nola eragiten du krisi ekonomikoak Udalaren funtzionamenduan?
Egunerokotasunean, egoera onean dago Udala. Baliabide tekniko edota pertsonalak %99an oso ongi beteak ditu, –nabaria da aurreko legealdian ondo zaindu zela arlo hori–. Kudeaketaren beste hanketako bat alor ekonomikoa da eta egoera ona ez dela esaten badugu, ez dugu sekreturik azalduko. Diru-bilketa nahiz Foru Funtsetik etortzen den diru kopurua jaitsi egin dira eta baliabide ekonomiko gutxi dagoen garaian egokitu zaigu Udala hartzea. Zorionez, aurreko kudeatzaileek aurreikusi egin zuten zein egoera zetorren eta hankak lurrean zituen kudeaketa egin zutelako, zorpetze maila altuegirik ez dugunez, sustengatu egiten da egun Udala. Datozen urte hauetan sortzaileak izan beharko dugu eta buruari bueltak emanez, diru gutxirekin zerbitzuak mantentzen ahaleginduko gara ahal den heinean.
Historikoki inbertsio gaitasun txikia izan du Villabonak eta ondorioz, Udalaren egoera ez da etxeferoak botatzeko modukoa. Hala ere, gastu arrunta puztu ez denez, beste hainbat Udalekin alderatuta, nahiko egoera onean gaude.

Nola antolatu duzue Udal gobernu berriaren eguneroko martxa?
Bildu koalizioko bederatzi zinegotzi gara denera. Alkatea eta alkate-ordea eguneroko lan zurrun eta administratiboaz arduratzen gara –alkatetza, hirigintza nahiz arlo ekonomikoa tartean–. Beste zinegotziek gobernu batzordeko ardura ezberdinak bideratzen dituzte, bakoitzak bere alorrean sortzen diren betebeharrei erantzunez. Talde horretan leudeke, komunikazio, kirol, gizarte zerbitzu, hezkuntza nahiz gaztediko arduradunak… Batzuek besteekin koordinatuta egiten dugu lan: goizero alkatetzan  lanean ari garenok bilera egiten dugu eguneko lan-zerrenda zehazteko eta gainerako zinegotziekin astero biltzen gara, e-mailez ere harremanetan egoten garen bitartean.
Oposizioko kideei ateak zabalik dituztela jakinarazi diegu. Osoko bilkuretan eta batzordeetan elkartzen gara egun, baina denborarekin elkarlanak fruituak emango dituela uste dut. Lehen inoiz ez bezala, oposizioari bere bulegoa atondu zaio eta bere lanlekua du udaletxean.

Haurren jolas parkeak berritzea begi-bistako lana izan da lehen hilabeteetan. Eskuartean duzuen zein beste gai aipatuko zenuke?

Aitortu behar dut jolas-parkeen berritzea ez dela gobernu honen meritua: aurreko gobernuak utzitako proiektua baizik. Izan ere, aurreko taldeak jolas-parkeen zaharberritzerako partida bat aurreikusi zuen eta herri lanetako brigadari orain egokitu zaio lan hori egiteko aukera. Herritarrek jakin behar dute orain guk eskuartean darabilgun aurrekontua aurreko gobernuak onartua dela eta 2011n egingo diren gastu ia guztiak aurreko legealdiak adostutakoak izango direla. Orain ari gara 2012ko aurrekontua prestatzen eta urtea amaitu aurretik onartzea espero dugu. Urtarriletik aurrera, beraz, gobernu honek abian jarritako lehen aurrekontuarekin hasiko ginateke lanean eta ordutik aurrera egiten diren inbertsioak gobernu honenak izango dira. Badirudi udaletxean sartutakoan zerotik hasteko aukera izaten dela, baina hori ez da egia: aurrekoek utzitako lanaren jarraipena egin behar da lehenik, norberaren proiektuen aurreikuspena egitearekin batera. Horregatik dira lehen hilabeteok hain eroak.

Zein egitasmo jarri nahi duzue martxan epe motzera?

Kanpainan zehar politika egiteko modu ezberdina aipatu genuen eta asmo hori gauzatzea litzateke gure nahia. Politika egiteko aldaketa gauzatu nahi dugu gure gobernuan, ardatz nagusi modura, komunikazioa, partaidetza eta gardentasuna hartuta.

Zein egitasmo agintaldi osoari begira?

Luzera begira, hainbat proiektu aurkeztu genuen herri programan. Egia da egoera ekonomikoak berrazterketa egitera bultzatuko gaituela eta gure nahia lan hori herritarrekin batera egitea litzateke. Guk proiektuak planteatu arren, herritarrekin batera aztertu nahiko genituzke. Hor leudeke ludoteka, futbol zelaia edota kultur azpiegitura berriaren gaia… Luzera begirako proiektuei begira, oso zehatz finkatu nahi dugu parte hartzearen gaia.

Zer aurrera dezakezu, esaterako, ludoteka proiektuaz?
Antzeko proiektuak gauzatzeko beharrak zehaztu behar dira lehenbizi eta horretarako sustatu nahi dugu herritarren partaidetza. Emaitza horiek eskuartean ditugunean, proiektua zehatzago lantzen eta kostuez jabetzen hasiko ginateke.
Aurreko agintaldiak Gaztelekua jarri zuen abian eta oraingoan, hezkuntzarekin lotutako zirkulua ixtera etorriko litzateke ludoteka; haurretatik hasi eta nerabezarora iritsi arte, Udalak eskaintzen duen hezkuntza ez formala betetzera. Zerbitzu hori eskaini ahal izatea oso garrantzitsua da gure ikuspegitik, hortik sortuko baitira etorkizuneko herritarrak eta hezkuntza baita pertsonaren oinarria.

Belar artifizialeko futbol zelaia eraikitzeko beharra sumatzen zenuten herrian. Zizurkilek ere zelai berria nahi du, baina Villabonarekin batera… Zertan da gai hori?
Eztabaida historikoa da hori. Jadanik bilerak egin ditugu Aiztondo bailarako udalerrien artean eta argi daukagu Udal bakoitzak ezin duela bere aldetik ibili zerbitzuak eskaintzerakoan; eskualde mailan pentsatu behar dugu, solidaritate printzipioa nahitaez ezarriz.
Futbol zelaiaren kasuan, Zizurkilek futbol instalazio hori bere lurretan kokatzeko izugarrizko interesa daukala erakutsi du bilera horietan. Egia da aurreko gobernuek hitzezko akordio bat zutela kiroldegia Villabonan kokatuz gero, beste mota bateko instalazioak Zizurkilen eraikiko zirela zioena. Gu irekiak gaude eta Zizurkilgo ordezkariei ere aipatu diegu kirol instalazioetan eta bestelako zerbitzuetan elkarlanean aritzeko prest gaudela. Villabonako futbol zelaiak orain arte bezala jarraituko du proiektu hori zertan den argitzen den arte, baina Zizurkilek dauka orain hitza. Guri ez zaigu gaizki iruditzen zelaia Zizurkilen kokatzea; agian Villabonako futbol taldeak nahiago luke herrian izatea, baina argi dago ez daukala zentzurik Villabonak eta Zizurkilek futbol zelai bana edukitzeak. Gipuzkoan zehar futbol zelai bakarrarekin bi, hiru eta lau talde moldatzen diren esperientzia ugari dago. Elkarlana gauzatzeko oso modu polita ere izan daiteke, haurrak baitira futbol zelaiaren erabiltzaile nagusiak eta txikitatik, herrien arteko komunikazioa bultzatuko genuke modu horretan.

BARRU-BARRUTIK
Herritar izatetik alkate izatea, zer nolako jauzia izan da zuretzat eguneroko bizimoduan?
Egia esan, oraindik ez naiz oso kontziente alkate naizenik, baina nire jokamoldea ez da aldatu. Egunerokoan familiarekin egoteko denbora gutxiago sumatzen dut eta zaila da hori bideratzea. Nire eta familiaren partetik esfortzua eskatzen du, baina zorionez, badaukat babesa.

Lehen bezain lasai ateratzen al zara kalera?
Lasai ateratzen naiz kalera eta hala ez balitz, herriz aldatuko nuke. Nire bizitza pertsonala sakratua da. Orain artean ez dut arazorik izan, baina distantzia markatzen dut batzuetan: igandez umeekin nagoela norbait laneko kontuekin etorriko balitzait, astelehenean udaletxera etortzeko esango nioke.

Zein proposamen edo kexa azaltzen dizute herritarrek? Ahoz baino proposamen gehiago jasotzen dugu idatziz eta hobe da horrela, konstantzia edukita, formalki indar handiagoa baitute. Eskaera gehienak hirigintza edo zerbitzuekin lotutakoak izaten dira: txakur kaken gaia, bizilagunen zaratak, espaloi hautsiak…

Eratutako batzordeak eta arduradunak
  • Hirigintza eta zerbitzuak: Galder Azkue eta Mikel Uzkudun.
  • Ogasuna, pertsonala, garapen ekonomikoa eta enplegua: Galder Azkue eta Nora Urbizu.
  • Garapen jasangarria eta landa ingurunea: Rosa Arregi eta Juan Luis Irazusta.
  • Euskara: Nora Urbizu.
  • Kultura: Nora Urbizu eta Gorka Lizaso.
  • Gizarte politika, migrazioa eta parekidetasuna: Gorka Lizaso eta Laura Santos.
  • Hezkuntza, gaztedia eta kirola: Urko Arin eta Laura Santos.
*    Batzorde bakoitzak biltzeko egunak finkatuta ditu. Batzar orokorrak bi hilabetez behin egingo dira: hilaren lehen  ostegunean 20:00etan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!