Azaroaren 2an egingo da etxebizitza berrien zozketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 20a, 09:33

Urte hasieran ekingo zaie Area 10eko etxebizitzak eraikitzeko lanei. Teodosio Enea etxea bota, plazaren eraldaketa egin eta berrogeita bi etxebizitza eraikiko dituzte bertan.

Balio tasatuko etxebizitzak dira Joxe Arregi plazaren inguruan eraikiko direnak eta dagoeneko egina dago izena-ematea. Hala azaldu du Joxe Mari Luengo alkateak: “Uztailean amaitu zen izena emateko epea eta guztira, 89 pertsonaz osatutako zerrenda osatu da. Talde ezberdinetan banatu ditugu izena emandakoak; herritarrak, bertan lan egin dutenak, Tolosaldeko beste herrietakoak eta ezinduak. Azaroaren 2an, asteazkenez, iluntzeko 19:30etan egingo da zozketa Atxulondo Kultur Etxean”.

Herritarrek, lehentasuna
Izena eman duten guztien artean, zizurkildarrek izango dute etxebizitza eskuratzeko lehentasuna. Herritarren arteko zozketa egin eta gero etxebizitzaren bat hutsik geratuko balitz, Zizurkilen lan egiten dutenek izango dute zozketan parte hartzeko aukera eta azkenik, Tolosaldeko gainerako herrietako biztanleak sartuko lirateke.
Egungo plazaren atzealdean, Fraisoro aldera dagoen belazean egingo dira etxebizitza berriak: “Hiru logelako hemezortzi etxebizitza izango dira, bi logelako hogeita bat eta beste bi elbarrientzategokituak. Guztiek ere, trastelekua eta garajea izango dituzte. Gainera, salmenta libreko beste hamabost garaje ere egingo dira”, azaldu du alkateak. “Tren geltokira doan bide beretik izango dute etxebizitzek garajeetarako sarrera”, gaineratu du.

Estankua eta jubilatuen egoitza
Etxebizitza berriak egitearekin batera, plaza eraberritzeko lanak ere egingo dira eta horretarako, Teodosio Enea etxea bota egingo dute. Horregatik, “eraikiko diren berrogeita bi etxebizitzetatik bat, lau logelakoa, Teodosio Enea etxeko jabeek eskuratuko dute eta gainerakoak, salneurri tasatukoak izango dira. Horrez gain, Teodosio Enean gaur egun dagoen estankua ere eraikin berriko etxabe batera pasako da”, azaldu du Joxe Marik. 90 metro karratuko beste etxabe batean, jubilatuentzako egoitza berria atonduko da gainera eta, beste lokal bat geratuko da eraikina egiteko ardura duen enpresaren esku.

Salneurri tasatua

Azaroaren 2an, zozketa bidez erabakiko da nork izango duen Joxe Arregi plazako etxebizitzaren bat erosteko aukera. “Guztiek ere, sukaldea guztiz hornituta dute eta etxebizitza bakoitzaren metro kopuru zehatzaren arabera, salneurria pixka bat alda badaiteke ere, hauek dira bataz besteko kopuruak: bi logelako etxebizitza erosteko, 168.000 euro eta hiru logelako etxebizitza erosteko berriz, 199.000 euro ordaindu beharko da”. Bi salneurri horiei BEZa erantsi beharko zaie.  
Urte berriarekin batera hasiko dira etxebizitzen eraikitze lanak ere. Alkateak eman ditu xehetasun gehiago: “Amenabar eraikuntzak S.A enpresa izango da lanak egiteko arduraduna eta hogeita bi hilabete izango ditu lanak amaitutzat emateko”.

Plazaren eraberritzea
Etxebizitzak eraikitzeaz gain, plazaren hiritartze eta eraldaketa lanak ere egingo ditu Amenabar eraikuntzak enpresak. “Plaza kalearen maila berean dago egun, eta hori izango da aldaketa nagusiena, izan ere, plazari altuera handiagoa emango baitzaio lana amaitzean. Gaur egun Teodosio Enea etxea dagoen inguru horrek metro eta erdiko altuera hartuko du eta Atxulondo Kultur Etxea eta etxebizitza berrien inguruan berriz, bi metro eta erdikoa. Guztira, metro bateko aldea egongo da plazaren alde batetik bestera, baina ez da nabaritu ere egingo. Gainera, modu horretan, etxebizitza berrietara edota kultur etxera joateko eskailerarik igo beharrik ez izatea lortuko da. Plazaren ezkerraldean dauden tabernekiko dagoen altuera ere murriztu egingo da”, azaldu du Joxe Marik.

Parkea eta zabalgunea
Haurrentzako parkea jarriko dute plaza berrituaren sarreran eta gainerakoa, guztiz irekia izango da. Teodosio etxea botatzearekin batera, gainera, argitasun eta ikusgarritasuna irabaziko du plaza inguru osoak.
Bestalde, etxebizitzen atzealdean, errepide berria egingo da. Handik abiatu, Atxulondo Kultur Etxea atzealdetik inguratu eta plazaren aurrealdera aterako da bide berria.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!