Ibiurko ura: Elbarrenan bai, Zizurkil Goian ez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 20a, 09:32

2010eko ekainean iritsi zen Zizurkilera Ibiurko ura. Elbarrena auzoko biztanleek bertako ura jasotzen duten arren, Zizurkil Goian, lehengo ur bera jasotzen dute bizilagunek.

Joxe Mari Luengo alkateak eman ditu ur banaketaren inguruko azalpenak: “Dirudienez, espero baino ur gutxiago jaso dute momentuz Ibiurko urtegian. Gipuzkoako Urak kontsortziotik esan digutenez, Baliarrain inguru hartan oso euri gutxi egin du. Igeldo edota Eibarren egin duen euri kantitatearen erdia egin omen du Baliarrainen eta horren eraginez, urtegia ez da nahikoa bete. Horrez gain, urtegia berria denez, esponja moduan jokatu omen du orain arte eta iristen den uraren zati bat lurrak xurgatzen du. Hori dela eta, denbora asko beharko omen da urtegia betetzeko”.
Gipuzkoako Urak kontsortziotik Iñigo Elosegik adierazi duenez, “kontrako irudipena badugu ere, urtea nahiko lehorra izan da eta iazkoa ere halaxe joan zen, horrek eragin zuzena izan du urtegian”.

Kalitatea, bermatuta
Tolosaldeko biztanleei zerbitzua emateko eraiki zuten Ibiurko urtegia, baina gaur egun, bere betetze maila urria dela eta, ura ez da eskualdeko herri guztietara iristen: “Tolosa, Ibarra..., zenbait herri handi lehendik erabiltzen zuten ur bera erabiltzen ari dira. Herri txikietan, berriz, Ibiurko ura jasotzen da. Zizurkilgo Elbarrenaren kasuan, Ibiurko ura ekartzen dute kalitate arrazoiek bultzatuta. Izan ere, Ibiurkoa iritsi aurretik Elbarrenan jasotzen zen ura oso kalitate txarrekoa baitzen eta potabilitate arazoak saihesteko, Ibiurkoa erabiltzea erabaki zuten ur kontsortzioko kideek”, azaldu du Joxe Marik.
Urtegiaren betetze mailaren arabera, Elbarrenako ur hornidurak ere aldaketak izan ditzake etorkizunean: “Herri handietatik hasi dira lehengo ur horniduretara itzultzen, eta momentuz ez da aurreikusten Elbarrenan ere Ibiurkoa utzi eta lehengora itzuli beharko dutenik. Nolanahi ere, aldaketa egin beharra gertatzen bada, Udalari jakinarazpena bidaltzekotan geratu ziren”, jakinarazi du Joxe Marik.
Zizurkil Goian betiko ura erabiltzen da gaur egun ere. “Gipuzkoako Urak kontsortzioa sortu aurretik, Foru Aldundiak zuen lehen ur zerbitzua kudeatzeko ardura eta erakunde hark egindako instalakuntzetan jasotako ur bera erabiltzen da gaur egun ere. Aretako deposituan biltzen da eta kalitate oneko ura da. Horrenbestez, ur hori erabiltzeko erabakia hartu zuen Gipuzkoako Urak-ek”.

Etorkizunean, guztiok Ibiurkoa
Etorkizunean, Ibiurko ura jasoko du Zizurkil Goiak ere, baina oraindik ez da horretarako eperik zehaztu. “Ibiurko ura dakarren hoditeriarekin lotura egitea falta da, baina ez dakigu zehatz lan horiek noiz egingo dituzten. Hala ere, garbi utzi nahi dugu uraren kalitatea bermatuta dagoela eta etxeetara iristen den uraren presioa ere ona dela. Zizurkil Goian eta inguruan ur asko dago eta kalitate onekoa, gainera”, azaldu du Joxe Mari Luengo alkateak.
Gipuzkoako Urak kontsortziotik Iñigo Elosegik jakinarazi duenez, litekeena da datorren urtean Ibiurko ura dakarren hoditeria Zizurkil Goiko hornidurarekin lotzeko beharrezko diren lanak egitea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!