Balorazio baikorra egin beharko nuke, nahiz eta hasierakoa oso lan gogorra den. Kontuan hartu behar da taldekideon artean neroni izan ezik beste gehienak berriak direla Udal administrazio eginetan. Horrek, erabakiak hartu aurretik tokia eta egoera ondo ezagutzera behartzen gaitu; bai Udal funtzionamendua, udaletxeko atal ezberdinen eginkizunak, Udala parte den eskualdeko erakundeen ezagutza eta bilerak, herriko jaiak, urteroko azoka… Horretan igaro dugu orain artean denborarik gehien.
Zein egoeratan aurkitu duzue udaletxea?
Alkate ardurari aurre eginez, hainbat gai aurreko funtzionamendutik berbideratu egin behar dela ikusi dugu, bai zerbitzuen mailan, bai gastuen mailan, baita ardura mailan ere. Oraingoz, egoerarik larriena atal ekonomikoan dugula esan behar da.
Krisi ekonomikoak gogor eragin al du Asteasuko Udalean ere?
Gainerako Udalen antzera, Asteasun ere errotik eragiten ari zaigu krisi ekonomikoa. Diru sarrerak gutxitzen ari direnez, gastuak ere gutxitu egin behar dira. Hori etxean bezalaxe gertatzen da: hainbat konpromiso ekonomiko aurretik jasoz gero eta diru sarrerak gutxitzen badira, sortu diren hainbat zerbitzuri aurre egitea oso zaila izaten da. Horregatik nire ustez orain 'ezezko denbora' tokatzen zaigu, hau da, tentuz jokatu nahi badugu behintzat, hainbat gauza ezingo da lehengo mailan mantendu. Gastuak nahiz zerbitzuak sortzea oso erraza da, baina horri guztiari buelta eman behar izaten zaio eta bizi dugun garaian ez da oso taxuzkoa daukaguna baino gehiago gastatzea. Gure seme-alaben etorkizuna ere estuasunean jarri nahi ez badugu, tentuz jokatu behar dugu orain.
Nola antolatu duzue Udal gobernu berriaren eguneroko martxa?
Udala maiztasun finkoz biltzen diren batzordeez osatuta dago. Ni neroni, berriz, egunero aritzen naiz udaletxean. Bestalde, eta agindutako partaidetzari leku eginez, herritarrekin osatutako beste hainbat talde sortuko dugu; hain zuen, ogasuneko gaien lan taldea, hirigintzakoa, kulturakoa edota ingurumenekoa. Orain hasi gara talde horien osaketarako bilerak egiten. Lan talde horiek irekiak izanagatik, egitura izango dute Udaleko gaiekin lotura izateko. Bertan sortzen diren proposamenez gain, Udalean sortutako beste hainbat gai ere aztertuko da. Modu horretan, Udala eta herritarren arteko gertutasuna bermatu nahi dugu. Bestalde, gaien garrantziaren arabera, herritar guztiei aukera emango zaie bilera bidez jakinaren gainean egoteko. Hain zuzen, joan zen ostiralean egin genuen lehen bilera.
Herrian sortutako zein hutsune nagusiri erantzun behar izan diozue udaletxean sartu berritan?
Ez nuke hutsune bakar bat aipatuko. Herrian jadanik badugu hainbat zerbitzu, baina horiek denak oraingo maila berean mantentzea bideragarria ote den beste gauza bat da eta ikerketa sakon bat egiten ari gara horren inguruan. Bestalde, garraioaren gaiari ere heldu diogu, baina horretan eskualde mailan jokatzea iruditu zaigu egokiena. Hori bultzatzeko Tolosaldea Garatzenen bidez talde bat sortu da eta bertako kide gara gu ere. Gaia aurrera ateratzeko ezinbestekoa da Foru Aldundiaren bultzada, haren eskumena baita garraioaren kudeaketa. Era berean, agindu bezala, herriaren ikerketa burutzeko oinarrizko lana jadanik burutu dugu eta aurki hasiko gara datu bilketarekin. Hortik aterako diren datuak oso garrantzitsuak izango dira hainbat urrats emateko. Eta aurrez aipatu bezala, lehentasunen artean atal ekonomikoa berbideratzea litzateke gure asmoa. Aurrera jarraitu ahal izateko hainbat neurri hartu beharko dugu eta gaia sakonki aztertzen ari gara. Horretarako Udaleko kontu-hartzaileari aurtengo aurrekontuaren exekuzioari buruzko txostena eskatu genion eta datu objektibo horietatik abiatu gara. Foru Aldundiko Ogasun Saileko aholkularitza ere jaso dugu.
Zein egitasmo jarri nahi duzue abian epe motzera?
Esan bezala, beste hainbat lanekin batera, herriaren diagnosiaren datu bilketari helduko diogu. Eta dudarik ez, jasaten ari garen egoera ekonomikoari buelta eman beharrean gara epe motzean. Bestalde, herritarrek Udalaren parte sentitu behar dute, eta hori ez da lortzen asmoa soilik izanda, hori landu egin behar denez, taldeak sortzen ari gara. Berriki egin da kultur taldea sortzeko lehen bilera eta epe motzean osatuko dira gainerako taldeak ere.
Zein egitasmo, agintaldi osoari begira?
Ez nuke egitasmo potolo bakar bat aipatuko: guretzat ez da garrantzitsua hau edo beste eraikitzea, beste garai batean gaude. Hala ere kontuan hartu behar da Asteasuk duen gazte multzoa eta oso garrantzitsua deritzogu horiek herrian geratzeko neurriak hartzea; adibidez, etxebizitza duin eta salneurri egokikoak bultzatuz. Era berean, herriko hainbat zerbitzu aztertzea oso beharrezkoa da, denborarekin pikutara joan ez daitezen eta bideragarriak izan daitezen. Helburu horiek lortzeko, ordea, herritarrekin batera lan egitea ezinbestekoa da; dudarik gabe, proiektuaren parte izateko aukera emanez gero, ilusioa jartzeaz gain, ezarritako helburuak lortzeko lana gogoz egiten baita. Alderantziz, udaletxetik etorritako proiektu baten aurrean gogokoa den edo ez esateko aukera besterik ez da izaten. Horregatik da hain garrantzitsua lan taldeen funtzionamendua ondo kudeatzea. Bestalde, gardentasunari eutsi nahi diogu: garrantzitsua da herritarrek Udala zertan ari den jakin dezaten, zertan gastatzen duen dirua eta kritikak edo iradokizunak egiteko eremu bat izatea.
BARRU-BARRUTIK
Asteasuar eta Asteasuko udaletxeko langile izatetik alkate izatea, zer nolako jauzia izan da zuretzat eguneroko bizimoduan? Egunerokoan, lanera toki berdinera etortzen naiz, baina garbi dut orain ardura handiagoa dudala. Momentuz, ordu gehiago eskatzen dit, baina hori normala da: ez nau harritzen. Pixkanaka eginkizun berrietara egokitzen ari naiz. Fuerte eta gogotsu sentitzen naiz, ondoan talde ona dudalako eta jendearen animoa ere sumatzen dudanez, gustura nago.
Lehen bezain lasai ateratzen al zara kalera? Edo beti ikusten al duzu zereginen bat? Bai, lasai ateratzen naiz; orain egiteko ikusten ditudanak lehenago ere ikusten nituen. Diferentzia da, orain egiteko ahalmena gure gain dagoela eta lehenago ez.
Zein proposamen, kexa edota nahi azaltzen dizute herritarrek nagusiki? Garraioaren gaia, bereziki. Asteasun bizitzeko asko erabili behar da kotxea eta umeekin batera eta bestera ibiltzeak denbora asko eskatzen die gurasoei. Hori konpondu egin behar dugu ahal den azkarren. Bestalde, gazteentzako etxebizitzen beharra ere bai eta gai hori ere jorratzen hasi gara jadanik.
Eratutako batzordeak eta partaideak
- Hirigintza eta obrak: Pili Legarra, Martin Roteta, Patxi Olasagasti, Luke Uribe-Etxebarria, Iñaki Amenabar.
- Ogasuna, kontu bereziak eta administrazioa: Joxe Ramon Aierza, Pili Legarra, Patxi Olasagasti, Iñaki Amenabar eta Luke Uribe-Etxebarria.
- Gizarte-zerbitzuak, enplegua eta hirugarren mundua: Patxi Olasagasti, Pili Legarra, Joxe Ramon Aierza, Luke Uribe-Etxebarria eta Iñaki Amenabar.
- Kultura, eta ekitaldiak: Joxe Ramon Aierza (kirola, festak, azokak), Julen Larruskain (kultura, gazteak, euskara), Nerea Goikoetxea (hezkuntza), Antonio Arteaga eta Luke Uribe-Etxebarria.
- Zerbitzuak eta baserriak: Antonio Arteaga, Luke Uribe-Etxebarria, Martin Roteta, Patxi Olasagasti eta Pili Legarra.
- Ingurunearen kontserbazioa, sustengarritasuna eta mugikortasuna: Martin Roteta, Patxi Olasagasti, Julen Larruskain, Luke Uribe-Etxebarria eta Antonio Arteaga.
- Nazio eraikuntza eta politikagintza: Julen Larruskain, Nerea Goikoetxea, Martin Roteta eta Luke Uribe-Etxebarria.
* Batzorde bakoitzak biltzeko egunak finkatuta ditu. Batzar orokorrak bi hilabetez behin egingo dira: hilaren azken asteazkenean 20:00etan.