Oihana Iguaran, Suediatik Gpuntura

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 20a, 09:23

Lasarteko Manuel Lekuona Kultur Etxea bostehun bat bertsozaleren kabi bihurtu zen urriaren 8an. Saio  txukuna osatu zuten bertsolariek, Oihana Iguaran amasarrak bere egunik onena izan ez bazuen ere.

Final zortzirenetako geltokira hegazkinez etorri zen Oihana Iguaran, agurreko bertsoan azaldu zuen bezala. Izan ere, amasarra Suedian da ikasketak egiten azken hilabeteetan, eta Lasarteko saioan kantatzeko itzuli zen Euskal Herrira. Baldintza horiek izango zuten agian eragina bertso saioan, gorabeheratsu samar aritu baitzen. Iguaranez gain, Uxue Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi, Iñaki Apalategi, Andoni Otamendi eta Amaia Iturriotzek osatu zuten seikotea.

Laguna eta bikote ohia
Lehen ariketan, Iparragirreren doinuan, Ainhoa Agirreazaldegirekin aritu zen amasarra. Koadrilako bi lagunen paperean jarri zituen gaiak, politikaz hitz egitea atsegin zuena Iguaran eta atsegin ez zuena Agirreazaldegi. Lan sinesgarria eta baleakoa osatu zuten biek, amasarraren kasuan bertsotik bertsorako tarteetan denbora gehitxo hartu bazuen ere.  Hala ere, arrazoietan ez zen gaizki ibili. Agirreazaldegik politika baino kultura nahiago zuela esan ostean, hauxe eman zion erantzuna:

Haiek mantendu nahi dute beti
horren eredu txukuna
eta egia agertzea da
guk egin dezakeguna
benga, behingoz ausartu
eta mikroa hartu
dezu nahiko oihartzuna,
politikari helarazteko
kulturan edertasuna

Zortziko txikian Amaia Iturriotzekin kantatu zuen Iguaranek eta baleko ariketa egin zuen bikote ohiaren paperean. Aipatzekoa, saioko gazteena izan arren, aho zapore gozoa utzi zuela Amaia Iturriotzek entzuleen artean.

Zortziko handian, onena
Iguaranen lanik kaskarrena eta onena etorri ziren jarraian. Puntuei erantzuten ez zuen asmatu amasarrak, eta antzera ibili ziren  beste bost bertsolariak ere. Aldiz, zortziko handiko ariketan lan bikaina egin zuen Iguaranek Uxue Alberdi kantukide zuela. “Zuen aurrean dagoen bikotea eztabaidan ari da eta azkenean, batak bestea jo du”, zioen gaiak. Amasarraren lehen bertsoa nabarmentzekoa izan zen:

Begi aurrean gertatu dena
ez dut sekula ahaztuko
neska piztia horrekin dago
ez al da konturatuko!
Esku zabalaz zein errez jo dun
masaileko bat ta punto,
zain nago baina iruditzen zait
ez diola bueltatuko

Oro har, zortziko handiko  lana gogoz txalotu zuen jendeak. Azken ariketan berriz, kartzelakoan, baleko lehen bi bertsoen ostean,  azken bertsoak ihes egin zion Iguarani. Lan puntuagarria amaituta etorri zen epaileen erabakia: 503 punturekin lehena Uxue Alberdi, 484,5rekin bigarren Andoni Otamendi, 478 lortu zituen Ainhoa Agirreazaldegik, 475 Iñaki Apalategik, 440 Amaia Iturriotzek eta 412rekin seigarren izan zen Oihana Iguaran. Amasarrak puntu batzuk gehiago merezi zituela esan daiteke, baina dena den, ez da ahaztu behar lehen txapelketa izan duela eta udazkeneko fasera iristea bera badela nahikoa meritu. Gpuntua Suediatik jarraituko du orain.

Hilaren 23an Villabonako Olaederra kiroldegian izango da saioetako bat
  • Final laurdenak, benetako lehiaren ordua
    Amaia Agirre eta Jexux Mari Irazu eskualdeko ordezkari direla, hastear dira Gpuntuaren final laurdenak.
    Hogeita hamar bertsolari, final erdietako hemezortzi txartelen bila. Pixkanaka estutzen ari da pasabidea, eta horrek onena ematera behartuko ditu bertsolariak final laurdenetan. Fase honetan, final zortzirenetatik sailkatutako 24 bertsolariei, duela lau urteko sei finalista gehituko zaizkie, Jexux Mari Irazu tartean.
  • Irazu, Oñatin
    Irazuri final laurdenetako lehen saioan kantatzea egokitu zaio, urriaren 22an, Oñatiko Zubikoa kiroldegian, arratsaldeko 17:30etan. Beñat Lizaso, Agin Rezola, Iban Urdangarin, Iñaki Gurrutxaga eta Iñaki Zelaia izango ditu Irazuk kantukide. Hurrengo egunean berriz, Villabonan izango da saioa. Eskualdekorik kantuan ez bada ere, seikote polita izango da Olaederran: Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Unai Gaztelumendi, Ander Lizarralde, Andoni Otamendi eta Iñigo Manzisidor, “Mantxi”.
  • Agirre, Hondarribian
    Eskualdeko beste ordezkariari, Amaia Agirreri hilaren 29an abestea egokitu zaio, Hondarrabiko Jostaldi pilotalekuan, arratsaldeko 17:30etan. Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Nahikari Gabilondo, Iñigo Eizagirre eta Haritz Casabal izango ditu billabonatarrak kantukide. Esan beharrik ez da, Agirrek eta Irazuk helburu argia dutela, bertsotan gozatu eta ondorioz, final erdietara igarotzea. Zorterik onena biei!
Lasarteko saioa amaitu berritan hitz egin zuen Aiurrik Oihana Iguaranekin.
“Inguruko jendeak emandako berotasuna ez dut ahaztuko”

Zure kasua ez da ohikoa, Suedian ikasten ari zara eta saioan kantatzeko etorri zara Euskal Herrira. Zer sentsazio dituzu?
Sentsazio arraroak. Urduri egon naiz, burua beste leku batean izango banu bezala aritu naiz. Egun intentsua izan da gaurkoa, atzo iritsi nintzen Suediatik eta azken orduetan sekulako berotasuna eman dit inguruko jendeak. Hori ez dut ahaztuko. Oholtza gaineko lanarekin ordea, ez nago gustura. Iparragirren eta zortziko txikian ez naiz fresko aritu eta gero puntuak oso gaizki erantzun ditut. Zortziko handikoa izan da gehien gozatu dudan ariketa, zalantzarik gabe.

Zure helburuak beteta etorri zara gaur Lasartera, udaberriko fasea gainditu ostean. Oro har, txapelketaren zer balorazioa egiten duzu? Lehen txapelketa izanda, opari handia izan zen final zortzirenetarako sailkatzea bera. Gaur ordea, hemen zerbait utzi nahi nuen, maila eman. Eta pena hori daukat, ez baitut uste lortu dudanik. Baina ikasten jarraituko dugu.

Hemendik aurrera, Suediatik bueltan, bertsotan jarraitzeko prest? Bai bai, zalantzarik gabe. Gozatu egin nahi dut bertsotan, natural egiten saiatu. Horretan ahaleginduko naiz aurrerantzean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!