Andoaingo Udalak komunikazio enpresa bat kontratatu du Udalaren eta herritarren arteko zubiak sustatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 19a, 17:37

Andoaingo udalak Mundu Mira Kooperatiba Elkartea kontratatu du udalaren eta andoaindarren arteko komunikazioa planifikatzeko eta sustatzeko. Kontratuak hiru hilabeteko iraupena du.

Helburuetako bat da herritarrek informatuta egoteko duten eskubidea bermatzea, eta horretaz gain, Udalak bultzatuko dituen proiektuetan herritarren parte hartzea sustatzeko komunikazio kanalak zabaltzea. Hau da, herritarren iritziak, zalantzak, ekarpenak… erabakigarriak izango dira proiektuak gauzatzeko orduan. Udalaren eta herritarren arteko elkarlana bultzatzea izango du helburu komunikazio plangintzak. Udal gobernuaren iritziz, "informazioa emateari garrantzia kendu gabe, herritarren ekarpena ezinbestekoa da herrigintza beste moduan egiteko, gardenagoa, parte hartzaileagoa, demokratikoagoa izateko. Eta horretarako komunikazio plangintza eraginkorra egitea derrigorrezkoa da udalarentzat ”.

Oharrak dioenez, “Bilduk pertsonengan inbertitu nahi du, andoaindarrengan inbertitu nahi du eta inbertitutako guztia gutxi izango da herritarren mesederako den neurrian. Herritarrek Udala hurbilen dagoen erakundea dela sentitzeaz gain, praktikan horrela izango dela erakutsiko dugu, eta horretarako komunikazio plangintza integral bat egingo dugu”.

Harremanetarako emaila

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!