Jendetza handia Zizurkilgo Azoka berezian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 17a, 12:02

Eguraldi ederra lagun, jendetza handia bildu zen atzoko Azoka berezian. Eskaintza polita aurkitu zuten bertaratutakoek; herriko baserritarrek ekoitzitako barazki eta fruituak, gozoak nahiz bestelako jakiak, artisauen lanak... Urtero bezala, Zizurkilgo baserritarrek jarritako posturik onena saritu zuten eta aurten, Loidi baserriko Anparo Otaño izan zen garaile. Kantu taldearen doinuak ere entzun ziren Zizurkilen eta eguerdian, txekor bazkaria egin zen Zimiterioan. Arratsaldean,  Plaza berria jendez gainezka egon zen Gipuzkoako Gizon froga txapelketa ikusteko. Orioko taldea izan zen garaile 87 plaza eginda.

Argazkiak ikusi

Goizean goiz hasi zen mugimendua Zizurkil Goian. Produktuak txukun jarri eta postuak atontzen hasi ziren artisau eta baserritarrak. 10:00etan eman zitzaion hasiera azokari eta laster hasi zen jendea inguratzen. Asko eta asko izan ziren Udalak antolatzen duen autobusez inguratzeko aukera baliatu zutenak.

Artisauen artean, jendearen jakinmina piztu zuen Igor Obesoren beira puztuko postuak. Beirazko lore, ontzi eta animaliak salgai izateaz gain, nola egiten dituen ikusteko aukera ere eskaini zuen Igorrek. Bere postua jendez inguratuta egon zen egun osoan zehar. 

Herriko ikastetxeetako haurrek jarritako postuek ere harrera ona izan zuten, baita El Salvadorreko Segundo Montes komunitateari laguntzeko jarritako postuak ere.

Arratsaldean, azoka gunetik Plaza Berrira mugitu zen jendearen arreta. Frogatokiko armailez gain, errepidean eta aldameneko belazean ere, ehunka lagun bildu zen gizon froga ikusteko. Froga ikusgarria izan zen eta gerturatu zirenek asko gozatu zuten. Orioko taldea izan zen garaile Aiztondokoaren aurretik. Zizurkilgo taldeak ere lan bikaina egin zuen. Kontuan hartu behar da herriko gazteek denbora gutxi daramatela entrenamentuak egiteneta hala ere, laugarren postuan sailkatzea lortu zuten. Zorionak!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!