Ibilaldiak igande honetan Buruntzaldean barrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 13a, 12:31

Herritik bertatik eskualdeko gainerako herrietara iristeko mendi eta naturbide politak daude, inguruaz gozatzeko aproposak. Udalek urtean behin ibilbide horien baliagarritasuna agertzeko “Buruntzaldeko Ibilbideen eguna” antolatu ohi dute. Igande honetan bertan laugarren edizioa burutuko da eta Andoain, Lasarte, Urnieta eta Usurbilgo Udal agintari berriek ekimenean parte hartzeko deia egin dute.

Andoaindik Urnietara, Usurbilera edota Lasarte-Oria herrietara joateko naturbideak ezagunak dira askorentzat. Baina bada oraindik ibilbide horietan barrena ibili gabe dagoen. Ondoko herrietara joateko baserri eta naturbideak dira orokorrean, paisaiaz ederraz gozatzeko aproposa. Urte batzuk badira Buruntzaldeko ibilbide-zati bakoitzaren inguruko trazatuak, profilak eta distantziak erakusten dituzten panelak jarri zituztenetik. Bideetako seinaleak, gainera, udalerri bakoitzaren identifikazio-koloreak aintzat hartuz ipinita daude. Lasarte-Oria, urre zaharra. Urnieta, berdea. Usurbil, laranja. Andoain, urdina.
Ibilbide horiek zeharkatzeko aukera paregabea dago igande honetan, Buruntzaldeko ibilbideen laugarren edizioa burutuko baita. Gehienak ere ibilbide laburrak eta ertainak dira. Andoain eta Usurbil herrien artekoa da luzeena, ia hamabost kilometroko luzerarekin. Mendi bideetatik Adunako eta Zizurkilgo lurretan sartzen da Usurbilgo Santuenearaino iristeko.

ESKUORRIAK, BUS ZERBITZUA
Bidean zehar aurki daitezkeen panel informatiboez gain, Udalek ibilbideen maparen eskuorri berria argitaratu dute.
Aukeran joaneko bidea bakarrik egin daiteke igandean, itzulera busez egiteko aukera eskainiko baitute. Ordutegiak, goiko taulan ikusgai daude. Busa erabili ahal izateko ibilbidea egiten dutenek txarteltxo bat jasoko dute. Txarteldunei, hainbat kasuetan, kamiseta eskuratzeko aukera emango die.

EGUNA: Urriaren 16a, igandea.
ORDUTEGIA: 09:00–14:00.
KONTROLAK: Herri bakoitzean kontrol une bat egongo da, argibideak emateko eta mokaduak eta edatekoak banatzeko.
Usurbil: Santueneako auzoan, Zorrotzeko zubiaren parean.
Andoain: Udaletxe azpian.
Lasarte-Oria: San Pedro elizaren ondoko plazan.
Urnieta: Udaletxe azpian.

BOST IBILBIDE
ANDOAIN – LASARTE-ORIA
7,9 km. Kolorea: urdina eta urre zaharra. Oinez soilik egin daiteke. Mendiko oinetakoa beharrezkoa da.
ANDOAIN – URNIETA
4,8 km. Kolorea: urdina eta berdea. Oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.
ANDOAIN – USURBIL
14,9 km. Kolorea: berdea eta laranja. Oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da.
LASARTE-ORIA – URNIETA
3,9 km. Kolorea: urre zaharra eta berdea. Oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.
LASARTE-ORIA – USURBIL
4,5 km. Kolorea: urre zaharra eta laranja. Oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!