Mintzalaguna egitasmoa indartsu doa aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 13a, 12:27

Berrogei lagunetik gora murgilduta dago euskararen erabilera praktikoa sustatzea helburu duen Mintzalaguna egitasmoan. Udalak jarri zuen abian ekimena, AEK euskaltegiaren eskutik.
Taldeko argazkia ikusita, egitasmoa indartsua da. Andoaingo sustatzaileen lanari esker, euskararen erabilera areagotzeko oso kopuru polita bildu da.

Euskaraz hitz egiteko zailtasunak eta beren inguruan euskaraz hitz egiteko aukera gutxi dituztenentzat Mintzalaguna mintzapraktikarako ekimena ohiko bilakatzen ari da Euskal Herri osoan. Funtsean, giro lasaiean, kafea hartuz, kontu kontari, paseatuz eta gustuko edozer eginez honetaz eta hartaz euskaraz hitz egitea da Mintzalagunaren helburua. Horixe egiten dute mintzalagunek, eta horretarako euskara ikasleek euskaldun zahar edo euskaraz hitz egiteko arazorik ez duten euskaldun berrien laguntza jasotzen dute. Egitasmoan parte hartzea dohainik da, eta laguntzaileak boluntarioak dira.

Dagoeneko 41 andoaindar izena emanda daude eta bikote edo hirukotetan banatu dira “mintza eta mintza” aritzeko. Astean egun batean ordubetez aritzen dira. Ekimena indarberritzeko hitzordua deitu zuten aurreko ostegunean, Urigain Kultura Etxean. Ekitaldira gonbidatuta zeuden Mintzalagunan parte hartuko duten guztiak, besteak beste, elkarren artean ezagut zitezen.

EAJko, PSEko eta PPko Udal ordezkariak ere agerraldian izan ziren. Udalak, beraz, aho batez babesten duen ekimena da. Udalaren izenean Bilduko Ainara Rodriguez zinegotzi ahaldunak hitz egin zuen, besteak beste, aurreko Udal agintariek hasitako bidea berresteko eta mintzalagunei eskerrak emateko: "Bide beretik jarrai ezazue, denok irabazten aterako garelako".

Mintzalaguna egitasmoa martxan jartzea aurreikusi zuen Udalak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian. Plana 2010eko azaroan onartu zuen Udalak aho batez. Andoaingo Udalak finantzatzen duen ekimena da, eta AEK euskaltegiari eskatu zion urte hasieran Mintzalagunaren lanak koordinatu eta dinamizatzeko ardura.

Patxi Baztarrikak hilabete batzuk atzera eginez Mintzalagunari hasiera emateko laguntzaileekin egindako bilera gogora ekarri zuen. Egitasmoa geroztik biderkatu egin da, parte hartzea nabarmen handituz. Lorpen hori "benetan pozgarria" dela adierazi zuen: "Mintzalaguna egitasmoa martxan jarri eta hainbeste jende biltzea ez da normala. Ez da ohikoa inon. Baina hori Andoainen gertatu izanaren meritua sustatzaileena da. Orduan, sustatzaile zaretenok ez utzi sustatzaile izateari. Merezi du egiten duzuen lanak".
Kristina Bernal AEKko kideak eskerrak eman zizkien euskaldun berriei eta zaharrei, parte hartzen ari den orori alegia: "Andoainen ia denek jarraitu duzue ekimen honetan. Oso polita izaten ari da, eta niretzat oso aberasgarria. Mintzalagunen ahotik dakit, gainera, ekimen berriak sortu direla esperientzia honi esker. Bikote batek, adibidez, sukaldaritza gogoko du eta Mintzalaguna egitasmoari esker suskaldaritza begetarianoari buruzko blog bat sortu dute (arraterensukaldea.blogspot.com). Euskara praktikatzeaz gain, tresnak ere sortu dituzte. Txalogarria da". Bertaratu zirenek, noski, txalo egin zuten.

Aurkezpenen ondoren, zizka-mizka batzuen inguruan berriketan jardun zuten denek Urigainen. Indartsu doa aurrera Mintzalaguna egitasmoa.

MINTZALAGUNAren sustatzaileak ANDOAINEN
Udalarekin batera beste ondorengo elkarte hauek guztiak dira egitasmoaren sustatzaileak: Andoaingo Udala, AEK euskaltegia, Banaiz Bagara Elkartea, Larramendi Bazkuna, Andoaingo Txirrindulari Eskola, Euskalduna Kirol Elkartea, Aita Larramendi Ikastola, La Salle-Berrozpe ikastetxea, Ondarreta ikastetxea, Bihurri Haur Eskola eta Leizaran Institutua.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!