Amazoniako indigenen kontzertua Basteron, larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 13a, 12:24

Emanaldia 20:00tan hasiko da eta dohain da. Andoaingo Udal Gizarte Zerbitzuetako sailak antolatu du Taupadak gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin.


Emanaldia iragartzeko prentsaurrekoa deitu zuten Andoainen. Fernando de la Hera Taupadak-eko ordezkariak Euskal Herriak Boliviako talde honekin duen harreman estua azaldu zuen: “San Ignacio de Moxos herrian zegoen musika eskolarekin topo egin genuen 2002an, ezustean. Nahiko egoera kaskarrean zegoen, eta Euskal Herriko Udalei eskola hura laguntzeko egitasmoa aurkeztea erabaki genuen. 2005az geroztik, hainbat ekimen burutu ditugu elkarrekin: musika eskola eraberritu da, irakasleak lortu, partiturak berreskuratu eta baita diskoak grabatu ere...
Aurkezpen ekitaldian Ensamble Moxos taldeko zuzendari Raquel Maldonadok eta Celsa Callau taldeko soprano bakarlariak ere parte hartu zuten. Maldonadok euskaraz egin zuen taldearen aurkezpena. Harrigarria gertatu zen Maldonadoren ahoskera bikaina, Euskal Herrian bizitzen urteak daramatzaten makina bat herritarrek egingo ez luketen bezalakoa.
Taldearen musika estiloa definitu zuen, lehenengo eta behin: “Misiolari jesuitek kontinente zaharretik inportatu zuten musikaren eta adierazpen natiboen arteko mestizajearen gama osoa biltzen du”.
Ondoren azaldu zuenez, taldea gaur egun Bolivia indigena, kultur anitza eta etnia askotarikoen enbaxadore nagusienetakoa da.
Urtetan atzera eginez, partitura zaharrak berreskuratzen egindako lana aipatu zuen: “herriko zaharren ahots kraskatuetan eta esku dardaratietan bizi zen erlijio musikari bizitza eman nahi izan diogu”. Oztopoen gainetik musika hori mendeetan zehar iraun arazi dutela gogoratu zuen, “oihanaren erdian jarraitu zuten jotzen, kolonizatzaileengandik ihes eginez. Historian gertatzen ziren botere aldaketen gainetik, musika ondare horri eutsi zioten”.
Miren Agirreurreta zinegotziak, azkenik, eskerrak eman zizkien kontzertua bideratzen lagundu duen Taupadak erakundeari zein Ensamble Moxos elkarteari, “herri indigenen kultur ondarea guztiek gozatzeko moduan jartzeagatik”.
Taldearentzat laugarren aldia da Boliviatik Europara datozela. 40 emanaldi emango ditu oraingoan Europan zehar; horietatik hamar, Euskal Herrian.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!