Begoña Tolaretxipi Lizarralde, musika bidelagun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 13a, 12:23

Begoña Tolaretxipi Lizarraldek (Donostia, 1938) musika ikasiz, irakatsiz eta interpretatuz igaro du bizitza osoa. Erretiroa hartu zuen musika irakasle bezala 1998an, baina oraindik irakasteari eusten dio denborapasa gisa, eta gainera, Andoain eta Urnietako parrokietan organoa jotzen du. Musikarako maitasun hori zortzi seme-alabei helarazi die.

Zer nolako familia giroan jaio zinen, musikaren arloan?
Begoña Tolaretxipi:
Zazpi senide izan ginen, bost mutil eta bi neska; ni denetan gazteena. Gure aita Inuzentzio Tolaretxipi ez zen musikaria, baina bazuen bertsotarako joera eta gainera euskal kantutegia goitik behera ezagutzen zuen. Bost anaia zaharrenek gerra aurreko ikastola ezagutu zuten, eta baita Scola Cantorum-en abestu ere. Ahizpak eta biok, ordea, ez genuen aukera horiek eduki, 36ko gerra zela medio.
Aita oso euskaltzalea zen, eta zazpi urte egin zituen Ondarreta eta Talavera de la Reinako espetxeetan, espioitza eta traizioa egitearen salaketa jasota. Hala ere, makina bat euskal abesti erakutsi zizkigun. Cristina Lizarralde nire ama, berriz, nik sei urte nituela hil zen; ez dakit senarra preso edukitzeak edo zerk eragin zion heriotza, baina ez dut uste guri abesteko umore handirik eduki zezakeenik.

Familian musika tresnarako joera zurea soilik izan zen, beraz…
B.T.:
Baietz esan daiteke. Solfeoan hasi nintzen, Donostiako kontserbatorioan, bederatzi bat urte nituela-edo. Eskolako andereñoak magisteritza egiteko egokia nintzela adierazten zion aitari, baina nik ezetz, musikarekin jarraitu nahi nuela. Aitak zera erantzun zion, azkenean: “nire alabak musika nahi badu, musika egingo du”.
Niretzat pianoa zen tresnarik politena, gehien betetzen ninduena, eta hortik ekin nion. Usandizaga, kontserbatorioko zuzendariak ere biolinera bideratu nahi izan ninduen, baina ni oso temati nengoen pianoarekin.

Pianoko karrera ez zuten askok egingo garai haietan…
B.T.:
Orduan pianoko ikasgaiari familia aberatseko alabek bakarrik heltzen zioten, nahiz eta gero ia denak bidean geratu. Neuk karrera guztia egin nuen, zortzi ikasturte pianoarekin; lau armonia ikasgaiarekin eta beste hiru organoarekin. Horrez gain, bulegoko idazkari izateko ikasketak ere burutu nituen, eta lanean jardun nuen bulego batean. Aitak egundoko atsekabea hartu zuen orduan; musika ikasketekin jarraitzea nahi zuelako. Gazte denboran egin ohi diren hanka sartzeetako bat izan zen nirea.

Nola ezagutu zenuen Andoainera erakarri zintuen Sabin Mujika gaztea?
B.T.:
Kaletxikiko Ikutzatarrak (Sagrario, Juanita...) eta gu lehengusu txikiak gara, aiten partetik. Bada, gogoratzen naiz estropadatan gure etxera bertaratzen zirela bazkaltzera. Kaletxikiko jaietan, berriz, gu etortzen ginen Andoainera. Bisita haietako batean ezagutu nuen Sabin. 1960ko maiatzean ezkondu ginen Arantzazun, eta Aita Larramendi herriko etxeetan jarri ginen bizitzen.

Etxean bertan, musika eskola ireki zenuen orduan…
B.T.:
Bai familiak eta baita nik ere musikarekin egin genuen sakrifikazioa alferrikakoa izan behar ez zuela pentsatu nuen. Auzoko dendetan kartelak ipini nituen nire burua eskainiz, eta hiru ikasle etorri zitzaizkidan aurreneko urtean. Bitarte horretan Donostian ikasketekin jarraitu nuen. Halako batean gertatu zen solfeoko ikasketak hiru urtetik bostera gehitu zituztela, legez; Kinkileriako agirretarrek ezta Berrozpeko mojek ere ez zuten hori eskaintzen. Horiekin alderatuta, ni prestatua nengoen, eta horenbestez, ikasle asko niregana etorri zen. Hamabost urtez aritu nintzen etxean musika eskolak emanez; horietako zenbait, 50 ikaslerekin!

Nola moldatzen zinen etxean hainbeste ikaslerekin, zortzi seme-alaben ama izanik?
B.T.:
Hamarreko taldeak osatzen nituen; 17:00etatik 20:00etara izaten ziren eskolak. Nire seme-alabak arratsaldean ikastolatik etortzen zirenerako merienda prestatuta edukitzen zuten. Zaharrenak kalera joaten ziren jolastera, eta balkoitik zaindu ahal izaten nituen. Txikienak, berriz, ikasgelan bazter batean jartzen nituen; zintzo eta isilik egoten ziren ikasleei eta niri begira, eskola ordutan.

Andoaingo musika eskolako irakaslea ere izan zinen…
B.T.:
Plaza lortu nuenean joan nintzen musika eskolara, 15 urte etxean egin eta gero. Txotxongiloak bezala ibili ginen urtetan, alde batetik bestera, kabitzen ez ginen tokietan beti (Ondarreta, Extremadura kaleko egoitza, Leitzaran…). Bastero ireki zuten arte. 1998an jubilatu nintzen, herniak behartuta.  

Ezaguna zara hainbat belaunaldirentzat…
B.T.:
“Ariyo Begoña!” esanez agurtzen naute askok kalean, eta niri kosta egiten zein ote zen asmatzea, hainbeste ikasle izan ditudanez…
Poz ederra ematen didate! Zer esanik ez horietako ugari  musika munduan urrun iritsi direla jakiteak.

Ikaslerik onenak zure seme-alabak izango dira zuretzat, hala ere…
B.T.:
Onenak ez dakit, baina denek ikasi dute solfeoa, eta denek jotzen dute musika tresnaren bat edo beste; musika irakasleak ere badira, tartean. Edozein harrotzeko modukoa behar luke izan senide horien guraso izatea.

Musika banda osatzeko moduan zarete etxean…
B.T.:
Familia bilkura egokitzen denean -Gabonetan batez ere-, batzuek beren musika tresnak ekartzen dituzte, eta ez da giro izaten gure etxean! Bestalde, biloba denak ere musika ikasten hasitakoak dira… eta hor aritzen dira, hobexeago edo okerxeago helduekin zer edo zer jo nahian.
Banda konpletoa izateko, senarra falta zaigu. Hala ere, esan beharra daukat bera ere ibili zela tronpeta hartuta musika eskolan, baina utzi egin behar izan zuela biriketatik operatu zutenean.

Organo jotzailearen zure alderdi hori, gutxik ezagutzen dute…
B.T.:
Urnietako elizan orain 14 urte hasi nintzen. Mikel Goenaga apaizari esker izan zen, Iñaki Aranzadi erretoreari nire berri eman baitzion. Igandetan eta hiletetan aritzen naiz bakarrik. Hasierako urtetan Lurdes Iriondo eta Xabier Leteri ere lagundu nien, haiek gaztelaniaz kantatzen zuten eliztarrak prestatzen baitzituzten. Asko estimatzen ginuen elkar.
Andoaingo parrokian hiletetan ere jotzen hasi naiz orain gutxi; astelehen eta astearteetan bakarrik, gainerako egunetan nahikoa lan bai baitaukat bilobak eta zaintzen.

Zein zeregin daukazu Zuena Andoaingo emakumeen elkartean?
B.T.:
Orain hiru urte ikastaroak emateko proposatu zidatenez, ezin ezetzik eman! Denborapasa bezala hartzen dut, astean bi orduz musika lezioak eskaintzen ditut: Musikaren inguruko oinarrizko jakintza, kultura, pianoa, notak, konpasak…, denetik jorratzen dugu. Ez dakit nahikoa ikasten ari diren, baina oso ondo pasatzen dugu.

Inoiz burutik pasa al zaizu musika bazterrean uztea?
B.T.:
Elizetako organoetarako bidean dauden eskailera guztiak igotzeko gauza naizen bitartean, hor segituko dudala iruditzen zait. Niretzat musika poztasun eta gozamen iturri izan da beti. Buruan eta gorputzean beti eraman dudan zerbait da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!