Trentxiki, Andoaingo argazkizaleen topalekua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 6a, 13:39

Kultur elkarte berria sortu da Andoainen. Trentxiki du izena eta argazkilaritzarekiko pasioa duten hainbat lagunen ekimenetik abiatu da. Sistema digitala nagusitu da argazkilaritzan, eta horrekin batera erruz zabaldu argazki kamerak eta argazkizaleak. Topaleku izateko jaio da elkartea.

Zer dela eta jarri diozue Trentxiki izena elkarteari?
Urko Vallejo: Oso originalak ez gara izan akaso, baina iruditzen zaigu Andoain eta andoaindarrok oso lotuta gaudela Leitzaranekin, eta bere parajeek eskaintzen dituen irudiekin. Lotura horrek bultzatu gaitu, nolabait esatearren, Trentxikiren izena jartzera irudia oinarri duen argazki elkarteari.

Noiz eta zerk eraginda eratu zenuten elkartea?
U.V.: Argazki zaletasunak batzen gintuen lau lagun bildu ginen halako batean, eta bat etorri ginen honako hausnarketa egiterakoan: alegia, argazkirako afizio handia dagoela Andoainen, eta guztiok elkartu eta hainbat kontu partekatzen lagunduko zigun topaleku bat behar genuela eduki. Horrela, elkartea sortu, erregistratu eta aurkeztu egin genuen publikoki, apirilaren 6an egin genuen ekitaldian. Harrezkero, astero biltzen gara.

Nortzuk osatzen duzue elkartea?
U.V.:  25 lagun gaude oraingoz. Bazkidearen formula darabilgu; 20 euro ordaindu behar da izena emateagatik, eta urteko kuota 30 eurokoa da. Diru hori elkarteak dituen gastuak ordaintzeko eta ekitaldiak antolatzeko erabiltzen da.
Denetarik dago elkartean, hiru kamera moten jabe direnak (konpaktua, bridgea eta reflexa, alegia). Gure artean, era guztietako ezaugarriak eta maila dituztenak daude: argazkiak ateratzen hasi berriak direnak daude mutur batean, eta argazkilaritza eta irudia ogibide dutenak beste muturrean.

Elkartea edonori irekita al dago, beraz?
U.V.: Bai, noski, hori izan baita hasierako helburua. Edonor gonbidatu nahi genuke elkartera etor dadin, jendea ezagutzeaz gain, horiekin zaletasuna partekatu eta argazki kamera nola erabili ikasteko aukera edukiko baitu.
Esan behar dut interesa eduki dezakeen horri elkartearen hiruzpalau saiotara etortzeko aukera ematen diogula, inongo konpromisorik gabe. Era horretan ikus dezake nor garen, zein den gure dinamika…
Urigain Kultur Etxean biltzen gara, astezkenero 20:00etan. Etorkizunean egoitza propioa eduki nahi genuke argazkilaritzaren zaletasuna leku egoki batean garatu ahal izateko, laborategi analogikoa eratzeko…  

Eta zein da zuen dinamika?
U.V.: Astean ekimen berri bat antolatzen saiatzen gara. Esatera baterako, tailerrak antolatzen ditugu. Dakienak ez dakienari erakusten dio, oinarrizko nozioekin hasita: argazkia nola prozesatu, photoshopa nola erabili, blog bat nola ireki eta nola igo argazkiak… Hilean behin, txapelketa antolatzen dugu: gaia jarri (“Aste Santua”, “gorria”, “elikagaiak”, “itsasoa”…), eta hortik aurrera nork bere argazkiak igotzen ditu gure blogean (www.trentxikiargazkielkartea.org), eta azkenik, argazkirik onena aukeratzen dugu bozketa baten bitartez. Hori bai, argi gera bedi ez dugula elkarrekin lehiatzeko asmorik, filosofia parte hartzaileak besterik ez gaitu bultzatzen horrelako txapelketa antolatzera.
Irteerak ere antolatu izan ditugu; hiru hain zuzen ere, Andoain eta Leitzarango eremuak hartuta, bai egunez zein gauez.

Zein ekitaldi dituzue pentsatuta hurrengo asteetarako?
U.V.: Aipatu ditudan ohiko ekitaldiez gain, argazki rallya antolatu dugu urriaren 23rako. Andoaingo Udalarekin eta Bisitarien Etxearekin elkarlanean burutuko dugu, eta Leitzarango bazterrak eta natura izango da gaia. Parte hartu nahi duenak, Otietako Bisitarien Etxean eman beharko du izena, egunean bertan (oinarriak, gure blogean ditu eskura). Argazki erakusketa bat ere prestatu dugu egun horretarako, elkarteko kideen argazkiekin osatutakoa.

ELKARTE BERRIA

Trentxiki argazkizaleen elkarte berriaren ezaugarriak, hauexek:
Helburua: Herriko argazki zaleek topalekua izatea, argazkilaritzan elkarrekin ikastea eta sakontzea, eta Andoainen zaletasuna zabaltzea.
Biltokia: Urigainen, asteazkenero 20:00etan.
Info+: trentxikiargazkielkartea.org.
Partaideak: 25 lagun inguru. Kide berrien parte hartzera zabalik daude.
Jarduerak: Astero-astero tailerrak, irteerak, lehiaketak, erakusketak, rallyak…
Antolatuko dituzten ekitaldiak: Leitzarango I. Argazki rally digitala urriaren 23an, Otietako Bisitarien Etxetik abiatuta. Gerora, argazki erakusketa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!