Adinekoen astea Bertxin elkartearen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 6a, 13:38

Aurrera darrai Adinekoen asteak, Bertxin Andoaingo jubilatu eta pentsionisten elkarteak antolatu ohi duena. Ehun bazkidek Leitzaranen barrena oinez larunbatean egin zuten txangoak eman zion hasiera ekitaldiz beteriko asteari.


Astelehenean, patata tortillen lehiaketa antolatu zuten; Merche Ucero eta Pedro Gracia senar-emazteak egindako tortilla izan zen garaile, epaimahaiak, aurkeztu zituzten hemezortziren artean goxoena zela erabaki eta gero. Film emanaldia, petanka, toka eta igelaren jokoen txapelketa burutu ostean, ostiralerako, berriz, urteroko bazkari arrakastatsua egitekoa asmoa dute. Hildako bazkideen aldeko meza ospatu ondoren, hirurehundik gora bazkide bilduko da aurtengoan bazkarian. Asteari amaiera emateko, azkenik, tute txapelketa antolatu da larunbat arratsalderako.
Bertxin elkarteko lehendakaria den Jose Luis Crego pozik azaldu da: “ekitaldiei erantzun ona eman die bazkideek orain arte; gustura etortzen dira, ekitaldietan parte hartzeko gogoa nabari zaie eta hori da zuzendaritzarentzat garrantzitsuena”.
Bertxin elkarteak makina bat ekitaldi antolatzen du urtean zehar, Cregok gogorarazi duen bezala: “1.500 bazkidek osatzen dugu elkartea, eta nik uste denak, edo ia denak, asetzeko moduko ekitaldiak antolatzen ditugula. Batetik, egun osoko kultur txangoak -oinez nahiz autobusez- eta astebeteko egonaldiak programatzen ditugu. Toka, petanka, tute eta antzeko txapelketak ere antolatu ohi ditugu. Halaber, astero-astero egiten diren ekintzak daude: pilates (40 pertsona, lau taldetan), gimnasia (170 pertsona, 6 taldetan), memoriaren tailera (65 pertsona, lau taldetan), bingoa (90 bat pertsonentzat, asteazkenero)… Hamabostean behin ospatzen den dantza saioa ere ez nuke ahaztu nahi”.  
Cregok jada zazpi urte egin ditu lehendakaritzan, eta utzi nahi duela adierazi du. Zuzendaritza batzordeko kide guztiek ere berarekin batera ardurak utziko dituztela adierazi dute. “Lan handia da, ardura gehiegi; egunero-egunero etorri beharra dago egoitzara lanera, beti baitago zereginen bat egiteko”.
Ekitaldietan parte hartzeaz gain, gauzak antolatzeko konpromisoa agertu behar dela aldarrikatu izan du bazkideen artean Cregok, urte hauetan. “Askori esan izan diet primeran dagoela egoitzara etorri eta ondo pasatzea, baina gauzak berez ez direla etortzen eta denon artean lan egin behar dela adierazten diet. Alegia, atzean utzi behar dugula jubilatuaren ohiko irudia, eta aktiboago izatera igaro”.  
 Aldarrikapenak aldarrikapen, nahiko etsituta ageri da Crego: “inor ez zaigu hurbiltzen zuzendaritza batzordeko kideengana, zer egin dezaket? galdetuz. Ikustear dago guk uzten dugun egunean, nor etorriko den atzetik”.
[EGITARAUA, AGENDA]
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!