Caritas erakundea, Andoainen galtzak bete lan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 6a, 13:37

Geroz eta jende gehiago ari da hurbiltzen Andoaingo Caritas elkartera, Zumea kalea 3ko behealdean daukan egoitzara. Bizi dugun krisiak arazo larriak eragin ditu, dagoeneko, Andoaingo hainbat familien baitan. Fernando Gaston Andoaingo Caritas elkarteko lehendakariak nahiko ezkutuan jarraitzen duen errealitate horren berri eman du.

Zer da Caritas eta nortzuk osatzen duzue elkartea Andoainen?
Fernando Gaston: Andoainen langabetu, baztertu edo eta gizarte bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonei laguntza ematea du helburu elkarteak. Andoaingo Caritas 1956an sortu zen, orduan bizi zen jakien eskasiari erantzuteko. Harrez geroztik dihardu lanean, unean uneko beharrei erantzunez.
Elizaren gizarte eginkizunaren barruan sartzen da Caritas, baina modu autonomoan egiten dugu lan; erabakiak batzarretan onartzen ditugu, hamabostaldiro. 18 bolondresez osatutako lantaldeak osatzen dugu, egun, elkartea. Irekia da eta gure artean badira, esate baterako, eliza ebangelikoko kideak direnak edota elizara joateko ohiturarik ez dutenak.
 
Zehaztuko al zenuke zeintzuk diren zuen ekintza arloak?
F.G.: Ez dira gutxi. Lehenbizikoz, hitzordua eskatzen digutenekin elkarrizketa pertsonalizatua egiten dugu, bere egoera baloratzeko: datu pertsonalak, familiaren egoera, lan egoera, diru sarrerak… Estatistikek diote etortzen direnetatik lautik batek ez digula egia osoa esan, baina gu ez gara poliziak edo ikertzaile pribatuak. Udal gizarte zerbitzukoei egiten diegu kontsulta.
Lehen pauso hori emanda, ebaluaketa egin eta zenbait zerbitzu eskaintzen dizkiegu euren beharren arabera: jaki, arropa, sendagai eta garbiketa pertsonalerako produktu eta abarren bidezko artapen eta babesa; giza emerjentzia, etxebizitza, komunitate gastu eta gisa horretako egoeratarako beharrei laguntza; ikastaroetarako orientazioa eta garraioaren gastu ordainketa; haurren behar eta zaintzarako gastuen ordainketa; argia eta gasa ordaindu ahal izateko laguntza; alokairuetarako orientazioa, laguntza eta bermea (bi etxebizitza dauzkagu alokairuan gaur egun); pasadizozko pertsonenganako harrera, orientazioa eta zaintza…
Guztira, Andoaingo berrehun bat familiei eskaintzen diegu laguntza, gaur egun.

Elikagaiak eskaintzen dituzue, besteak beste, oinarri-oinarrizko laguntza gisa…
F.G.: Astearte eta ostegunetan banatzen ditugu jakiak, 18:00etatik 20:00etara. Egun hamalau tona erabiltzen ditugu. Gehiena Gipuzkoako elikagai bankua eta elikagai banku europearratik datorkigu; dohaintzan emandakoa ere jasotzen dugu, eta falta diren gainerako produktuak geuk erosten ditugu Andoaingo dendatan.
Jakiez gain, arropak ere banatzen ditugu, astelehen eta asteazkenetan, ordutegi berarekin.

Jantziak herrian zabalduta dauden ontzietatik jasotzen al dituzue?
F.G.: Ez. Ontzi horietan biltzen dena pertsonak lan munduan murgiltzen laguntzen duen Oldberri enpresak kudeatzen du, Errenterian. Donostiako Aukera izeneko dendara eramaten da zati bat, eta gainerakoa misioetan eta parrokietan banatzen da. Guk banatzen dugun erropa, herritarrek dohaintzan emandakoa da.   

Gero eta arreta handiago eskaintzen diozue haurrei…
F.G.: Handitu egin da jendeak ematen dizkigun taka-takak, kaleko aulki eta abarren kopurua azken aldian, eta guk horiek behar dituztenen artean banatzen ditugu. Beste zenbait zerbitzuren artean, esate baterako, iazko Gabonetan haurrak dituzten 45 familien esku jostailuak utzi genituen. La Salle ikastetxearekin elkarlanean egindako egitasmoa izan zen, eta elikagaiak ere banatu ziren.

Zenbaiterainokoa da andoaindarren elkartasuna?
F.G.: Uste duguna baino handiagoa. Bide ezberdinetatik adierazten da elkartasun hori: Andoaingo elizetan lau diru bilketa egiten dira urtean zehar; norbanakoek dohaintza asko egiten dituzte (dirua, elikagaiak, arropa…) eta herriko dendariek ere (janari dendak, podologoak, optikak, farmaziak…) laguntzen digute beren zerbitzuak modu onean eskainiz. Gure aurrekontua Andoaingo Udalaren eta Gipuzkoako Caritasen diru-laguntzekin osatzen da gehienbat.

Zenbateko aurrekontua darabilzue?
F.G.: Azken bizpahiru urtetan aurrekontua bikoiztu egin zaigu, 80.000 eurora iritsiz. Lan kopurua eta aurrekontua neurri berean joan dira hazten, eta egoitza ere txiki geratu zaigu jada. Zumea kalean dagoen beste lokal bat alokairuan hartu behar izan dugu…

Krisiak egoera berriak ezagutaraztea ekarriko zizuen, ondorioz...
F.G.: Ez dakizu zenbat! Ezkutuan mantetzen diren errealitate oso larriak ezagutzen ari gara azken urteetan: kide guztiak langabezian egonda diru iturririk ez daukaten familiak, etxean argia eta ura moztuta dauzkaten familiak; 400 euroko pentsioarekin baizik bizi ez diren pertsona nagusiak, eta neguan berogailua piztu ezin dutenak…
Errealitate hori, gainera, larriagotzen joango dela aurreikusten ari gara; gehitzen joango zaigu jendearen laguntza eskaera kopurua hurrengo hilabateetan, ziurrenik. Hor dago, esate baterako, erakundeetatik langabezia edo gizarte laguntza jasotzen ari diren eta laster amaituko zaienek osatutako giza multzoa.

Ezkutuan dauden errealitateak aipatu dituzu…
F.G.: Euskaldunoi ez zaigu batere gustatzen Caritas bezalako erakundeetara laguntza eske joatea; lotsa, harrotasuna…, denetik dago pixka bat. Etorkinak, gutxi edukita, ohituago daude borroka egitera.  
Hala ere, adierazi behar da bertakoak diren gero eta pertsona gehiago ari zaigula hurbiltzen azken aldian. Guregana jo dutenerako, horrek esan nahi du aurretik inguruan dauzkaten ate guztiak jo dituztela, baliabide guztiak agortu zaizkiela.

Zuek prestatzen al zarete bereziki, halako profila daukaten pertsonekin tratua edukitzeko?
F.G.: Tarteka tailerrak eta ikastaroak burutzen ditugu Gipuzkoa mailan. Beharra badugu, izan ere! Kontu egin behar dadiru iturririk ez edukitzeak arazo sikologikoak eragiten dituela jende askorengan.
Zorigaitzez, ohitzen ari gara depresioak jotako edota era askotako sufrimendu fisiko zein sikikoak dauzkaten pertsonak ezagutzera.  

Ate irekiak izeneko eguna antolatu duzue urriaren 19rako…
F.G.: Arratsaldeko 18:30etatik 20:30etara egongo gara bertan. Andoaingo herritar guztiak gonbidatuta daude; Caritasek zein eginkizun betetzen dituen edota bolondresak zertan ibiltzen garen azalduko diegu atsegin handiz.  
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!