Kilometroak 2012 Andoain, lekukoa herrira iritsi zenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 6a, 11:10

2012ko urriaren 7an ospatuko da Andoainen Kilometroak jaia. Igandean Azpeitiko Kilometroak jaitik itzuli eta udaletxera abiatu ziren Andoaingo Aita Larramendi ikastolako arduradunak. Hogeita bi urteren ondoren Gipuzkoako ikastolen jaia Andoainera itzuliko da.

Ez da ez nolanahiko ospakizuna, eta ikastolako arduradunek izendapena herri osoari eskaini nahi izan zioten. Goikoplazan jendetza bildu zen igande iluntzean. Plazan ehunka herritar, eta udal batzarraldi aretoan Udal ordezkariak eta baita izendapenarekin pozarren agertu zen euskaltzale ugari ere.  
Ana Carrere Andoaingo alkateak jaso zuen Kilometroak jaiaren lekukoa. 2010. urtera arte ikastolako arduradun nagusi izandako Xanti Aranburu eta Iñaki Urruzunoren eskutik.
Alkateak eta ikastolako egungo lehendakariak adierazpen txikia egin zuten Udal batzarraldi aretoan bertan, balkoitik lekukoa herritarrei erakutsi aurretik. Kanpoan ziren ehunka herritarrak txaloka hasi ziren lekukoa balkoira atera zutenean. Kilometroak jaia urte osora zabaldu nahi dute Andoainen.

Igandean iluntzeko zortziretan giro ederra zegoen kalean, eta bereziki Goikoplazan. Hala hurbildu baitzen ehunka euskaltzale, Kilometroak 2012ko edizioaren harrera ofiziala gertutik jarraitu asmoz. Udalaren eta herri eragile ugariren babesa izango du Aita Larramendi ikastolak, jaia iristeko geratzen diren hurrengo hamabi hilabeteetan. Antolaketa lanak hasita daude, abiada hartuko dute orain.

Harrera ekitaldia
Ana Carrere Andoaingo alkateak Aita Larramendi ikastolako arduradunei esker ona adierazteko hitza hartu zuen. Kilometroak jaiaren lekukoa eskuetan zuela, zera adierazi zuen: "Eskerrak eman nahi dizkiet Aita Larramendi ikastolako kideei. Andoaindarrak, bide batez, urte osoan zehar antolatuko diren ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu. Horrez gain, euskara izan dadila gure hizkuntza; bizitzeko gure ardatza euskara izan dadila. Kulturan, kirolean, lagunartean eta baita politikan ere. Berriro ere eskerrak eman nahi dizkiet Aita Larramendi ikastolako kideei euskararen jaia Andoainera ekartzeagatik".
Arantxa Irigoras Aita Larramendi ikastolako lehendakariak hartu zuen hitza, jarraian: "Iñaki Urruzuno aurreko lehendakariak ederki adierazi bezala, ederki kostata lortu dugu Kilometroak Andoainera ekartzea. Xanti Aranbururekin batera bost urtez tinko aritu dira lanean eta, beraz, lehenik eta behin Iñaki eta Xanti zoriondu behar ditugu. Guretzat izugarrizko ohorea da, 22 urte eta gero Kilometroak Andoainera ekartzea. Eta ziur nago gaur bezalako eguraldiarekin!". Azken esaldi honekin ikusleek barre egin zuten, 1990eko Kilometroak egun euritsu hura ondo gogoan dutela erakutsiz.

KMK12 Lehen balorazioa
Urtebete da Izaskun Linazasoro nahiz Arantxa Irigoras Aita Larramendi ikastolako zuzendari eta lehendakari direla, hurrenez hurren. Udaletxeko harrera ofiziala amaitu eta gero, biek ala biek Goikoplazan bildu zen jendetzarekin bat egin zuten. Hauexek igande iluntzean bertan egindako adierazpenak Kilometroak jaiaren inguruan.

Nola joan da lekukoa hartzea?
Izaskun Linazasoro.
Eguerdiko 12:00etako ekitaldian lekukoa guri emateko unea iritsi da. Oso une hunkigarria izan da, hemendik aurrera guri dagokigu bete-betean 2012. urteko Kilometroak egunaren antolakuntzarekin hastea.
Jai honen atzetik urte luzez aritu gara. 1990ean ospatu zen, eta urte asko igaro da geroztik. Azkenean lortu genuen eta lekukoa jasotzeko eguna noiz iritsi zain geunden. Gure borondaterik onenarekin, ahalegin guztiarekin eta herritarrekin batera ahalik eta jairik politena antolatzen saiatuko gara. Ikastola osatzen dugun guztion partaidetza beharrezkoa izango da, baita herriko kultur eta kirol elkarte, ikastetxe nahiz herritarrena ere jaia ahalik eta egunik borobilena izan dadin.

Goikoplazan jendetza bildu da, herritarrak gogoz daudela dirudi...
Izaskun Linazasoro.
Ekitaldi xumea egin nahi genuen, horixe zen gure asmoa. Ekitaldiarekin adierazi nahi genuen hemendik aurrera Andoaini dagokiola jaiaren antolakuntzan hastea, eta horretarako herri guztiarekin kontatu nahi dugula. Horregatik egin dugu udaletxean eta bertara deitu ditugu herriko kultur, kirol eta hezkuntza alorretako ordezkariak.

Arantxa Irigoras. Andoainen jendea aspaldi galdetzen ari zen, Andoainen Kilometroak noiz? Askotan entzuten genuen galdera zen, eta ez da batere erraza izan. 2012rako lortu dugu eta oso pozik gaude hasieratik andoaindarrek emandako erantzunarekin.
Denak animatu nahi ditugu lan egitera, bakoitzak ahal duen moduan. Batzordeak osatuta daude eta bertan parte hartzeko aukera badago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!