Etorkizuneko erronkak Irigoienazpikoan: Euskara, IKTak eta hedabideak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 6a, 10:02

Andoaingo Udalak eta Larramendi Bazkunak bultzatuta, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesarekin abian da Irigoienazpikoa egitasmoa gauzatzeko erronka Berrozpe auzoko Irigoienazpikoa etxean. Euskarazko IKTak eta komunikabideak izango dira egitasmoaren oinarri nagusia

Orain sei hilabete, apirilaren zazpian, komunikazioaren eta hedabideen sektoreko adituekin egindako mintegi batean aurkeztu zen Irigoienazpikoa egitasmoa Bastero Kulturgunean, eta bertan Goienako ikus-entzunekoen zuzendari Iban Arantzabalek idatzitako proiektuak erantzun bikaina jaso zuen. Andoaingo Udaleko eta Larramendi Bazkuneko bultzatzaileei, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak gehitu zitzaizkien, egitasmoarekiko euren interesa erakutsiz. Anbizio handiko egitasmoa da Irigoienazpikoa; hasiera batean gaiaren zabaltasunagatik nahikoa abstraktua dirudien arren, bere helburuak ondo finkatuta dituena. Labur eta erraz ulertzeko moduan: euskarak eta euskara bezala ez hegemonikoak edo tamaina ertainekoak diren hizkuntzek informazio eta komunikazioaren teknologietan gaur egun jada badituzten eta etorkizunean etor daitezkeen erronkei aurre egiteko baliabide eta bitartekoak aztertu eta ikertu nahi dira bertan, hedabideen alorrean batez ere.

IKTak eta hedabideak
Egitasmo berritzaile honen baitan, euskara biziberritu nahiz indartzeko erronkaren aurrean, komunikabideek eta IKTek (Informazio eta Komunikazio Teknologiak) hizkuntza ertain edo gutxituengan duten eragina aztertuko litzateke Andoaingo eraikin berrituan eta, bide beretik, hizkuntza horiek nola bihur daitezkeen euskarri teknologiko horietan eraginkor. Euskara izango da egitasmo honen abiapuntu eta ardatza eta euskaratik lan egin arren, beste hizkuntzek ere ateak zabalik izango dituzte. Hedabideen esparru zabala hartuko da aztergai.
Era berean, hizkuntza ez-hegemonikoen arteko jakintza trukea ere bultzatu nahi da, hizkuntza handi hegemonikoen aurrean, tamaina ertaineko hizkuntzek beren eskarmentua elkarrekin jorratu eta trukatzeaz gain, IKTen jakintza partekatzeko beharra badagoela ikusten baitute eragileek. Beraz, hizkuntza ez hegemonikoen lankidetzarako atari ere izango da Irigoienazpikoa.

Lau solairu, guztira
Udalaren jabetzako eraikin dotoreak itxura modernoa hartuko luke epe laburrean barrualdetik. Proiektuaren egile Iban Arantzabalek uste duenez, “espazio moderno bat behar du izan jauregi erako etxe klasiko horren barrunbeak”. Bere esanetan, 2011 urtean ez dago bulego hotzetan pentsatzerik, “leku fisikoak behar du teknologia berrien ekarpena eta Irigoienazpikoak izan behar luke hortik”.
Guztira, ederki egokitutako lau solairuk osatuko lukete ia 1400 m2ko gunea. Dagoeneko zehaztuta daude solairu bakoitzeko funtzio eta zerbitzuak:

Beheko solairua:

  • Sarrera: Eraikin osoaren gisa, estilo modernokoa. Irigoienazpikoan gauzatuko liratekeen ekimenen berri azalduko da bertan, ekimenetako arduradunekin bideokamera bidezko harremana bideratuz.
  • Taberna-jatetxea: Eraikinean mugimendua sortzea da helburua eta ondorioz, jendeari zabalik egongo da. Tabernara gerturatzen denak azken berrikuntza teknologikoak izango ditu eskura: prentsa digitala, bideo-jolasak, eskuko telefonorik berrienak… Era berean, enpresa bilerak edota bazkari-bilera pribatuak egiteko aukera ere izango da bertan. Jangela teknikoki prestatuta egongo da bileretarako: wifi librea, proiekzio arbel interaktiboa…

Lehenengo solairua
  • Laborategia: Hau izango da Irigoienazpikoa etxeko zerbitzurik nagusienetakoa eta lehenengo solairu osoa hartuko du. Bertan, komunikazio eta informazio teknologia berrien ikerkuntzarako guneak hartuko du lekurik zabalena. Beraz, IKT berrien aparailu ugari bilduko duen espazio librea izango da, non erabiltzaileek horiek guztiek zein modutan erabiltzen dituzten aztertu eta ikertuko baita. Gainera, telebista plato txikia ere izango du programa berriak landu eta frogatzeko... Ikergunearen ezaugarri nagusi bat: ispilu polarizatuz inguratuta egongo dela laborategia. Ondorioz, barruan lanean ari direnak behatu ahal izango dira kanpoaldetik. Platoaren ondoan errealizazio gela txiki bat ere izango da.

Bigarren solairua:
Bigarren solairua bulego eta egoitzen solairua izango da, hainbat erakunde eta ekimen bertan kokatuko baita:
  • Bilera gela: Solairuaren erdi-erdian kokatuko da bilera gela, eraikinean bilduko diren talde ezberdinek erabiliko dutena.
  • Mercator Mediaren bulegoa: Mercator Media, hezkuntza, hedabideak edota legegintza alorretan hizkuntza gutxituen egoera ikertzeko Europako Batzordeak sortutako sarea da. Mercator Mediak hizkuntza gutxituen inguruko informazioa bildu eta bereziki, arlo akademikoko nahiz hedabideetako adituen esku jartzen du. Lan horixe gauzatuko du Irigoienazpikoan, bertan izango baitu Europan barrena zabalduriko bere egoitzetariko bat.
  • Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren egoitza: aski ezaguna da eskualdean, 1992 urteaz geroztik, Beterrin euskalgintzan eta kulturgintzan lanean diharduen Larramendi Bazkuna. Azken urteetan bere egoitza nagusia Zizurkilen izan duen arren, aurrerantzean bere bulegoak Irigoienazpikoan kokatuko ditu. Bertan, ordea, bulego nagusiak baizik ez dira izango. Aiurri aldizkaria eta gisa bereko beste ekimen batzuk Arantzibia plazan edo Dr. Huizi kalean jarraituko dute.
  • 111 Akademiaren bulegoa eta liburutegia: Euskal literaturazaleak elkartzen dituen erakundea da 111 Akademia, Larramendi Bazkunak eraturikoa orain hamasei urte sortu zuen Beterriko Liburua literatur aipamenaren inguruan. Une honetan 173 akademiakide ditu Euskal Herriko zazpi herrialdeetan sakabanaturik, horietako erdiak inguru gipuzkoarrak. Akademiaren funtzionamendurako eta barne komunikaziorako ezinbesteko dira Internet sarea eta IKT berri guztiak, eta, beraz, Irigoienazpikoan txertatuko da Akademiaren egoitza nagusia eta bere liburutegia.

Hirugarren solairua:
Hirugarren solairua, funtsean, Irigoienazpikoak izango duen bigarren erronka nagusiaren kokagunea izango da, EUKOA ikergunearena.
  • EUKOA: Euskal komunikazioaren inguruko hainbat arlotan audientzien ikerketak egitea litzateke asmoa, alegia, datu fidagarriak eskuratu ahal izatea euskarazko hedabide, komunikazio eta produktuek zenbaterainoko audientziak dituzten identifikatzeko eta zein ezaugarrietakoak diren jakiteko, merkatu erreala ezagutzeko, hitz batean esanda. Horrela baizik ezingo dugulakoan aurrera egin ildo estrategikoak taxutzeko garaian gure gizartean euskarak behar duen esparruetaraino irits dadin ahalbidetzeko, errealitateari erantzungo dioten datuetatik abiatuz. Irigoienazpikoan kokatuko dena, irabazi asmorik gabeko erakundea  izango da, guztiz independentea.
  • Ekitaldi aretoa: Mintegiak, jardunaldiak nahiz bestelako egitasmoak aurkezteko. Erabilera anitzeko aretoa izango da, lehenengo solairuko telebista platoarekin komunikaturik egongo dena.
  • Hiruzpalau logela: Mintegietara nahiz ikerketak egitera kanpotik edo atzerritik gerturatzen diren lagunei zuzenduta.
Autofinantzatzea helburu
Irigoienazpikoa etxea oso gune dinamikoa izan dadin da egitasmoaren bultzatzaileen asmo nagusia eta horretarako, IKT erabiltzaileak erakarriko dituzte bertara. Taberna-jatetxe, telebista platoaren nahiz logelen ustiakuntzaren bidez, EUKOA agentziaren nahiz bestelako enpresen zerbitzuaren bidez, egitasmoak bere burua finantza dezan lortu nahi da. 2011n zehar Udala bideragarritasun ekonomikoa aztertzen aritu da eta laster eskura izango ditu adituek gaiari buruz landutako txostenak; txosten horiek zehaztuko dute, gainera, egitasmoan zein erakunde publiko eta pribatuk esku har dezaketen egitasmoan eta inbertsioaren kostuari aurre nork egingo dion.
Horren arabera, lehenik Andoaingo Udalak eta, ondoren, ekimenarekin bat egin dezaten erakunde guztiek bere azken erabakia hartu beharko dute eta, aurrera eginez gero, ahal den neurrian, finkaturiko lan-egutegiari eutsi, gisa honetako inbertsioetan atzeratzeak, gehienetan, ondorio ekonomikoak izaten baititu. Oraingoz bultzatzaileek esku artean darabilten egutegiaren arabera, 2014 urtean zabalduko lituzke ateak Irigoienazpikoa etxeak.

Patxi Baztarrika
Andoaingo Udaleko Euskara zerbitzuburua eta proiektuaren bultzatzailea

IKTak eta hedabideen azterketarekin lotutako gaiak landuko dira bereziki Irigoienazpikoan. Zergatik IKTak? Zergatik hedabideak?
P.B.:
Herrialde garatuen eta garabidean dauden herrialdeen arteko diferentzi erabakigarrienetako bat herrialde horien garapen teknologikoa dela esaten da. Hizkuntzekin ere antzeko zerbait gertatzen ari da eta gertatuko da aurrerantzean. Etengabe aldatzen eta teknologikoki garatzen ari den gizarte honetan, IKTen erronkari egoki erantzuteko gai diren hizkuntzak osasunez hobeto egongo dira, erronka horri erantzuteko gai ez direnak baino. Euskararen kasuan, IKTen eta hedabideen munduan presentzia edukitzea hil ala bizikoa da. Hori ez zen hain horrela orain 15 urte, baina gaur bai eta are eta gehiago etorkizunean. Euskararen etorkizun osasuntsuaren gakoa erabilera denez, hizkuntz erabilerak nagusiki gertatzen diren esparruetan osasuntsu behar du euskarak. Eta esparru horien artean gero eta garrantzia handiagoa dute gure eguneroko bizitzan hedabideek eta IKTek. Hor ikertu eta sustatu nahi dugu.
Hedabideek markatzen dute gure eguneroko bizitzaren parte handia: formaziorako, entretenimendurako, denbora-pasarako nahiz edozertarako dela. Ez dakigu hedabiderik gabe bizitzen; hor behar du, beraz, osasuntsu euskarak. Gaur, hedabideak esaten dugunean, komunikazioaren mundua esaten dugu: hedabideak ez baitira egun periodikoa, aldizkaria, irratia eta telebista soilik. Digitalizazioa medio, ia-ia infiniturainoko adarrak daude telebistaren munduan ere eta komunikazioak edo hedabideak esateak, sakeleko telefonoa, iPod edota gaur oraindik ezagutzen ez ditugun euskarri mordoa esan nahi du. Horietan guztietan euskara ezin da pelotoiaren atzeko muturrean geratu.

Besteak beste, Mercator Mediaren bulegoa kokatuko da Irigoienazpikoa etxean. Zein litzateke bere eginbeharra?
P.B.:
Garrantzitsua da hizkuntza ez hegemoniko edota maila ertainekoen kontzeptua. Unescok dioenez, munduan 3000 hizkuntza inguru daude galtzeko arrisku bizian. Euskara ez dago hizkuntza horien artean, ez dago goizetik gauera desagertzeko arriskuan. Baina euskara ez dago hizkuntza indartsuenen taldean ere; ez dauka etorkizuna bermatuta. Aurrera egiteko aukerak asko dira, baina bide hori aurkitu egin behar da. Euskara pelotoiaren burutik gertu eduki nahi dugunez, ezin dugu geldirik egon.
Euskararena, ordea, ez da kasu berezi bat; modu horretan bada hizkuntza gehiago ere munduan: ingurura begiratuz, katalana, galiziera, galesera edota estatu hizkuntzak deiturikoak. Nire iritziz, Irigoienazpikoak era horretako hizkuntzen ibilbidearen edota sustapenerako jakintzaren trukerako gune izan beharko luke. Eta trukerako gune izango baldin bada, maila horretako beste hizkuntzen, hedabideen eta IKTen garapenaz arduratzen diren organismoekin lotura estua behar du Irigoienazpikoak. Horregatik da garrantzitsua Mercator Media bezalako organismo batek lotura izatea eta gainera, Irigoienazpikoan bertan kokatzea. Mercator, adar diferenteak dituen Europako sare bat da: hezkuntza adarra Bruselan kokatzen da, hizkuntz eskubideena Bartzelonan. Mercator Mediak hedabideen adarra hartzen du bere gain eta adar horrek bere egoitza Irigoienazpikoan eduki ahal izango luke. Ikerketa, sustapena eta elkarren arteko esperientziak eta jakintzak trukatzea lituzke helburu nagusi.

Egitasmoaren apustu garrantzitsuenetakoa da EUKOA. Zertan lagun lezake euskal komunikazioaren audientziak ezagutzeak?
P.B.:
Batetik, euskarazko hedabideek edo hedabideetan euskarazko produkzioak gero eta kontsumitzaile potentzial gehiago daukate, gure artean gero eta elebidun gehiago dagoelako. Euskaraz dakitenen kopurua etengabe doa gora azken 25 urteotan eta horrek goraka jarraituko du. Kontsumitzaile potentzialak, beraz, gero eta gehiago dira. Bigarren, euskarazko produktuen eskaintza hedabideetan eta IKTetan etengabe handitzen joan da eta joango da. Baina kontsumitzaile errealak kontsumitzaile potentzialen handitzetik eta euskarazko produktuen handitzetik urrun samar daude. Euskararen kontsumo erreala handitu egin da, noski, baina ez horrenbeste eta ezin gara asebeteta egon. Hirugarren, euskarazko prentsaren kioskoa eta euskarazko hedabideen eskaintza ez da eta ez da sekula izango ondoan ditugun hizkuntza indartsuenen kioskoaren tamainakoa.
Hiru faktore horiek kontuan edukita, euskarazko hedabideen eskaintza egiterakoan, euskarazko kontsumitzaile potentzial horiek kontsumitzaile erreal bihur daitezen asmatu behar dela esan nahi du, kontsumitzaile horien gogo eta irrikak asetzeko egoki diren eskaintzak egiten. Produktuak egokitu behar dira kontsumitzaileen gogoetara, ez dira herritarrak egokituko produktuetara.
Euskarazko hedabideek etorkizun oparo eta eraginkorragoa lortuko badute, behar-beharrezkoa dute merkatuan duten egoera ezagutzea, zenbatek kontsumitzen dituzten edota nolako kontsumoa egiten duten: zein adin tarte edota ikasketa duten, zein atal kontsumitzen duten, zer botatzen duten faltan...  Erreal izatera iritsi ez diren kontsumitzaile potentzialei dagokienez, jakin behar da zergatik ez diren kontsumitzaile erreal. Hori guztia sakonetik ezagutzea ezinbesteko erreminta da euskarazko hedabideek eta IKTetan dauden euskarri horietan harrera ona eduki dezan. Jendeak zer nahi duen jakin behar da. Horretarako da EUKOA. Momentu honetan euskarazko hedabideen kasuan gutxiengoa dira CIEs moduko neurketa sistema batean sartuta daudenak. Ez dago urtetan parametro beretan egiten den merkatu ikerketa sistematizaturik. Baina badakigu hedabide batzuk goraka doazela eta besteak beheraka. Hedabideei beraiei komeni zaie lehenik zenbat eta nola kontsumitzen diren jakitea euren merkatu estrategiak diseinatzeko. Era berean, erreminta egokia izango litzateke erakunde publikoentzat, dirulaguntza politikak definitzerakoan.

Egitasmoa Andoainen kokatzeak zer ekarriko lioke herriari? Zergatik da garrantzitsua bertan kokatzea?
P.B.:
Andoainen, Beterri eskualdean, Gipuzkoako lurraldean eta EAEn eragiten duen proiektua da; euskararen antzeko erronkak dituzten beste hizkuntzekin elkarlanean jarduteko bidea emango lukeena. Aldi berean, Andoain bertarako eta Andoaingo herriarentzat oso erabilgarria izango litzateke: Andoaingo herritarrak euskarri teknologikoetan euskara erabiltzeko aukera etengabea izango luketelako, gazteek bezala helduek. Herrira begira balio sozial handia izango luke eta ez bakarrik Gipuzkoa eta Euskadi mailan; hortik gora erreferentzialtasuna izango lukeen zentro bailitzateke Andoainen. Zentro horren eskutik euskara eta Andoain, hizkuntza ez hegemoniko eta ertainen mapan kokatuko litzateke. Pena handia litzateke euskararentzat, euskarazko hedabide eta IKTetan euskarak izan behar duen garapenaren ikuspegitik, proiektu hau aurrera ez ateratzea. Uste dut pena handia izango litzatekeela Andoainentzat ere, baina hori bideragarri egin eta erabakiak hartzea dagokienek erabaki behar dute. Andoainek erreferentzigune berezitu oso propioa eduki dezake: zentro berri bat bakarrik ez, berritzailea ere bai.

Jon Unanue
Larramendi Bazkuneko lehendakaria eta proiektuaren bultzatzailea

Proiektu hau bideratzen urte asko daramatza Bazkunak. Kontaiguzu eginiko bidea…
J.U.:
1999. urtean eman genion guk hasiera Irigoienazpikoa Etxea izeneko egitasmoari, Andoaingo Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari egitasmoa aurkeztuz Irigoienazpikoa etxea euskalgintza eta kulturgintzaren azpiegitura gisa erabilia izan zedin, bertan Euskal Idazle eta Itzultzaileen Etxea proiektua finkatuz EIE eta EIZIE elkarteekin batera. Gure eskakizun horri bidea eman zitzaion 2003tik aurrera, Joxan Barandiaran alkate zela eta aurrera jarraitu du geroztik, Joxan Perez Gabarain eta Estanis Amutxastegiren agintaldietan, baina, hainbat arrazoi medio –EIE eta EIZIEk huts egin zuten, besteak beste– ez aurrera ez atzera gelditu zen, guztiz trabatuta. Horren aurrean, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzutik egitasmoa berriz hausnartzea eskatu zitzaigun, eta duela urte eta erdi horretan jarri ginen, aztertzen, hain zuzen ere, azken urteetako aldaketa teknologiko handien aurrean zeintzuk ziren euskarak une honetan eta etorkizun hurbilari begira zituen erronka nagusi eta ezinbestekoak...
Hortik abiatuta, bi ondorioetara iritsi ginen: batetik, euskararen une honetako eta etorkizuneko hil ala biziko joko-zelaitzat informazioaren eta komunikazioaren teknologiak jo genituen eta horietan guztietan taupada sendoa eduki beharra. Bigarren ondorioa, euskara bezala tamaina ertaineko edo ez hegemonikoak diren hizkuntzen arteko elkarlanaren premia eta garrantzia. Bi ildo horiek ardatz hartuta Andoaingo Udalak eta Larramendi Bazkunak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesarekin, apirilaren 7an mintegia antolatu genuen eta, handik aurrera, Irigoienazpikoa egitasmoaren edukiak zehaztu ditugu, lan horretan Iban Arantzabal adituak jardun duelarik.

Zein aurrera begirako pauso emango du euskalgintzak Irigoienazpikoa abian jarritakoan?
J.U.:
Batez ere, erreferentzi gune nagusi bat eta halako ipar-izarra izango dugu zurrunbilo oso bizkor batean eraldatzen eta berritzen ari diren Informazio eta Komunikazioaren Teknologia berrietan lan egiteko, itsumustuan ez ibiltzeko nor bere bidea eginez, elkarren berri izateko eta indarrak eta bitartekoak hobe ustiatzeko. Hori euskarazko medioentzat –ez garela gutxi– ikaragarrizko laguntza izan liteke. Gainera, gure lana behar bezala neurtzeko bitartekoak izango ditugu. Sektoreak aspaldidanik eskatzen dituen baliabideak dira horiek. Ez du garrantzi gutxiago, euskararen erronka eta premia berdintsuak dituzten hizkuntzen arteko lankidetza gauzatu ahal izateko, eskarmentua eta ekimenak partekatzea... Hori guztia “globalizatu” ahal izateak gure eremutik kanpo izugarrizko garrantzia eta indarra izan dezake etorkizun hurbilean, nahiz orain ez garen jabetzen...

Zein eragin izango du Larramendi Bazkunarentzat bere egoitza zentrala bertan kokatzeak?
J.U.:
Guretzat urteetako lanari aitorpen bat egitea izango da eta, azkenik, euskalgintzak eskualdean egoitza duin, egoki eta Manuel Larramendiren neurriko bat eduki ahal izatea, bere jaioterrian gainera, Andoainen. Hori guztia, bestetik, etorkizuneko eta modernotasuneko ingurune batean...
21 urte daramatza Irigoienazpikoak hutsik euskalgintzarako egitasmo baten zain; garai zailak diren arren, egitasmo honen inguruko adostasun maila berriro lortzea oso zaila izango da eta, gure iritziz, hauxe da ahalegina egiteko garaia, gehiago luzatu gabe.

Bazkunak bideratutako 111 Akademia ere bertan izango da. Tartean baditu etorkizunerako asmo zehatzak. Itaun, taunn, taunnn! elkarrizketa saioak Interneten jartzea, besteak beste…
J.U.:
Zalantzarik gabe, Irigoienazpikoak 111 Akademiari bultzada ikaragarria eman diezaioke, euskal literaturazaleen akademia horrek Euskal Herri osoan sakabanaturik dituen 173 akademiakideek bere ohiko komunikabidea Internet sarea dutenez. Irigoienazpikoan kokatuko diren teknologiek ikaragarri erraztuko dute Akademiaren lana eta bideragarri egingo dute orain burutu ezin dugun hainbat ekimen. Esate baterako, lehenengo solairuko ikergunean kokatuko den telebista platoan Akademiaren hainbat programa grabatzeko aukera izango dugu, sarearen bidez plazaratuko direnak. Baina, oro har, komunikazio eta informazioaren teknologietan aitzindari izate horrek 111 Akademiari ere laguntza handia emango dio bere jarduna zabaltzeko.

Iban Arantzabal
Goiena ikus-entzunezkoen zuzendariak idatzi du Irigoienazpikoa proiektua.
Bertan gauzatuko diren funtzioen berri zehatzagoa eman du.


Erabilpenerako espazio librea izango du Irigoienazpikoak, IKT aparailu ugarirekin. Garai berri baten isla izango al da?
I.A.:
Garai berria... Esango nuke gauden garaia dela. Gaur gaurkoz Internet paperaren aurretik dago jarrita erabiltzaile kopuruei dagokionez. Nola prestatu gara euskaratik garai honetarako? Irigoianzpikoak emango dio euskarari probaleku interesgarri bat bai unibertsitateendako, bai enpresendako..., eta andoaindarrak ere izango dira bertatik bertara laborategi hori erabiliko dutenak. Espazio librea izateaz gain filosofia libreaz funtzionatuko duen proiektua izango da.

Proiektuaren zein ezaugarri nabarmenduko zenuke modernotasunarekin batera?
I.A.:
Euskararendako etxea dela nabarmenduko nuke, edo hobeto esanda, hizkuntza ez hegemonikoendako jakintza trukerako gunea. Beste herrialde batzuetako ikerlariek erabiliko duten eraikina. Galestarrak, esaterako, maila teknologiko eta soziolinguistikoan pareko xamar daude, baina ez dugu elkarren berri. Teorizaziotik ondo gabiltza hizkuntza ertainok, baina teoria hori probatzea ere badagokigu inbertsioetan finago jarduteko. Laborategia horretarako izango da eta baita mini-platoa ere. Bizi dugun ekonomia garaiak berrikuntzan inbertitzea eskatzen du eta laguntza izango da hedabideen sektoreko enpresendako ere.

Irigoienazpikoak, erabiltzaileak behatzeko laborategi berezia izango du egitasmoaren gune zentraltzat. Zein erabilpen eman nahi zaio gune horri? Eta probaleku modukoa izango den platoari?
I.A.:
Hauxe da bihotza bai. Behaketa zuzena egiteko probaleku bat da finean. Laborategi horretan egongo dira eskuko telefono aurreratuak (merkaturatzear daudenak-eta), azken belaunaldiko irakurgailu digitalak, azken jokoak..., eta edonork erabili ahal izango ditu. Kafe bat hartuz modu digitalean irakurtzeko aukera egongo da, esaterako. Andoaindarrek libre erabiltzeko gunea izango da, edozein herrik gura genukeen moduko espazio bat. Eta zer lortuko den hortik? Hizkuntzak eta teknologia berriak kontuan hartuz ikerketarako datuak batzea. Datu horiek EUKOA-tik ateratako datuekin erkatuz makina bat teoria berritu ahal izango dira eta berriz ere praktikan jarri. Gure praktikak berrasmatu.
Platoan, aldiz, telebistarekin lotuago dauden programak grabatzeko baliabideak izango dira. Ez emisiora doazen programak, hala ere. Gura dena da saio berriak eta berritzaileak probatzea, pre-zero programak egitea, egunen baten edozein hizkuntza ez-hegemonikotako telebistetan ikusi ahal izango direnen aurrekariak. Bide batez, lortuko da, kalitateko streaming-a, bideo konferentziak, kalitateko grabazioak...

POLITIKARIAK, IRIGOIENAZPIKOAZ MINTZO
Udal ordezkariengana ere jo du Aiurri aldizkariak, Irigoienazpikoa egitasmoaren inguruan duten iritziaz, herrian izango lukeen eraginaz nahiz Udalak epe motzean eman beharreko pausoez galdezka. Hauexek alderdi ezberdineko kideen erantzunak:

Ainara Rodriguez (Bildu)
“Oso proiektu potoloa da eta, gure aldetik, hausnarketarako denbora hartu behar dugu”

Egitasmoaren inguruan iritzi konkreturik osatzerakoan ez dugu denbora askorik izan, udaletxean sartu arte ezer gutxi baikenekien proiektu honen inguruan eta aurreko legealdian eman baitziren urratsak. Hala ere, jaso dugun informazioaren arabera, oso proiektu potoloa dela uste dugu eta gure aldetik, martxan jarri aurretik, hausnarketarako denbora hartu behar dugu.
Proiektua interesgarria iruditzen zaigu: euskararen baitan ekarpen handia egin baitezake, baina inplikatuta egon daitezkeen eragile, alderdi politiko edota herritarrekin bilduta, gai honen inguruan balorazioak jaso nahi ditugu lehenik. Izan ere, proiektuak euskarari bere ekarpena egin diezaiokeenez, jendearen inplikazioa bilatuta, gertuagokoa sentituko baitute. Momentu honetan, beraz, horretan jarri nahi ditugu indarrak.
Egitasmoak bere horretan herrian zer nolako eragina izan dezakeen aurreikustea zaila egiten zaigu. Hala ere, gauzatxo bat faltan ikusten dugu: herriarekin zer nolako lotura izan dezakeen, hain zuzen. Maila nazionaleko proiektua denez, hasiera batean behintzat, herrian eragin zuzenik izango ez lukeela uste dugu eta alde horretatik sortzen zaigu zalantza nagusia. Zentzu horretan zabaldu nahi genuke eztabaida prozesu hori.
Bestalde, proiektuaren nondik norakoen datuak jaso baditugu ere, egingarritasunaren inguruko datu batzuk falta zaizkigu. Bideragarritasuna aztertu bitartean, bilera sorta horri hasiera eman nahi diegu: politikariekin, lehen egoitza horretan bertan lanean aritu zen aek euskaltegiarekin nahiz bestelako eragileekin, herritarrekin… Eztabaida prozesuaren ondoren eta bideragarritasun datuak jasotakoan erabakia hartzeko moduan egongo gara.
Era berean, dudarik gabe, bizi dugun garai ekonomiko zaila ere kontuan hartu behar da. Udal gobernutik argi daukagu lehentasunak zehaztu behar direla eta, une honetan, herritarren beharrak ikusi eta aurrera eraman behar dira. Abian jarriko dugun eztabaida prozesu horrek, beraz, proiektu honek zein leku duen esango digu. Izan ere, gure ustez, guztion artean zehaztu behar ditugu lehentasun horiek eta ez ordezkaritza  politikoa lortu dugun alderdiok soilik.

 

Estanis Amutxastegi (PSE-EE)
“Estatu mailako bigarren zentroa Andoainen jartzea oso garrantzitsua litzateke herriarentzat”

Andoaingo alderdi sozialistatik hasiera-hasieratik babestu dugu Irigoienazpikoa egitasmoa eta halaxe egingo dugu amaiera arte. Oso proiektu garrantzitsua da, ez euskarari begira bakarrik; hizkuntza gutxitu guztiengan izango baitu eragina. Estatu mailan Katalunian soilik dago abian antzeko ekimen berritzailea eta bigarren zentroa Andoainen jartzea oso garrantzitsua litzateke herriarentzat: begiratu guztien erdigunean egongo bailitzateke Andoain. Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak bultzatuta, Bastero Kulturgunean egitasmoa aurkeztu zenean, oso harrera beroa izan zuen euskal nahiz Kataluniako kulturgintzan adituak direnen eskutik ere. Egitasmoak aurrera egin dezan, finantzazio iturriak bilatu behar ditu orain Udalak. Beste inor gutxietsi gabe, hasieratik egitasmoa bultzatzen aritu diren Patxi Baztarrikak eta Jon Unanuek aipamen berezia merezi dutela uste dut.

Andoni Baltasar (EAJ-PNV)
“Ikusi egin beharko da Udalarentzat bideragarria izan ote daitekeen edota aurreragoko utzi beharko den”

Itxuraz, oso egitasmo mesedegarria iruditzen zaigu Andoainentzat. Gainera proiektu aitzindaria izango da: euskara eta teknologia berriak uztartzen dituelako. Besteak beste, oso lagungarria izango da ikerketak egiterakoan; eta ez bakarrik euskarari begira, baita gainerako hizkuntza minoritarioei begira ere. Proiektua martxan jartzea oso interesgarria eta aberasgarria iruditzen zaigun arren, egungo egoera ekonomikoa lagungarria ez denez, ikusi egin beharko da Udalarentzat bideragarria izan ote daitekeen edota aurreragoko utzi beharko den.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!